Superaberatsak

Jeff Bezos. Amazonen eskutik, Bezosek patrikak bete ditu, baina, batez ere, iraultza eragin du merkataritzan, eta kaleko erakusleihoetatik etxeko ordenagailuetara eraman du. 1,6 milioi langileko inperio erraldoia bigarren mailan uzten ari da Bezos.

Enperadore modernoa

Aberatsenen zerrendako lehen postua utzi du aurten Jeff Bezosek (Albuquerque, AEB, 1964), Teslaren kotizazioa puztu egin delako eta harekin batera Elon Musken aberastasuna. Baina bada Bezosek nekez utziko duen posizio bat: Amazonen eskutik azken bi hamarkadetan kontsumo ohiturak gehien aldarazi dituen enpresaburuarena.

Bezosek ez zuen Internet asmatu, eta haren ekarpenak ez zirudien, itxura batean, hain berritzailea: 1994an, liburuak Internet bidez erosteko denda bat sortu zuen, MacKenzie Scott emazte idazlearekin batera. Denda fisiko baten kostuak ez izateak —eta liburuak batzuetan kostu azpiko prezioetan saltzeak— abantaila bat eman zion Amazoni, eta haren arrakastaren lehen biktimak liburu dendak izan ziren.

Baina liburuen merkatua txiki geratu zitzaion Amazoni, eta, biltegiak eta banaketa bazituenez, beste motatako produktuekin betetzen hasi zen. Gaur egun, hamabi milioi produktu eskaintzen ditu bere denda birtualean, eta 353 milioi, berriz, marketplace-aren bidez; hau da, Internet bidezko denda propioa ez duten milaka denda txiki eta ertainen banatzaile gisa. Sektore ia guztietara hedatu denez, AEBetako Kongresuak ikerketa zabaldu du erabakitzeko Amazon monopolio bat ote den.

Azken erosketa joan den astean egin zuen Amazonek: iRobot erosi zuen, Roomba xurgagailuen egilea

Handiak dira Amazonen zenbakiak: 2021ean, AEBetan egindako erosketa elektronikoen %42 egin ziren Amazonen bidez —horietatik %60 marketplace-aren bidez, eta bestea, salmenta zuzenean—. Gailu elektronikoetan, %44ko kuota du, eta %43koa jantzietan, %39koa etxerako artikuluetan, %33koa liburuetan, eta %15koa janarietan.

Ehunekoak txikiagoak dira AEBetatik kanpo, baina handitzen ari dira, ia herritar guztiengana iristen delako Amazon. Horrela, 2021ean, italiarren %90k erabili zuten Amazon, estatubatuarren %87k, indiarren %86k, eta britainiarren %85ek. Kopuru hori asko jaisten da Txinan (%17), han Alibaba baita jaun eta jabe.

Sareko erosketek gero eta pisu handiagoa dute, eta, estatistikak nahasiak diren arren, erosketen %25 ere izango dira aurki.

Amazon edonon dagoela eta erosketetarako lehen aukera dela erakusten duen beste datu bat: Internet bidez erosketa bat egin aurretik, AEBetako kontsumitzaileen %82k Amazonen prezioa begiratzen dute.

Presentzia horren ondorioz, iaz 450.000 milioi euroren salmentak egin zituen Amazonek, munduko BPGaren %0,5. Horietatik, ia 30.000 milioi irabaziak izan ziren, 2020an baino %56 gehiago.

Azken erosketa, Roomba

Berez, denda elektronikoak Amazonen irabazien zati bat baizik ez ditu ematen orain. Haren inguruan inperio bat eraikitzen aritu da Bezos azken hogei urteotan, inbertsioak egitea hobetsi baitu mozkinen banaketaren kaltetan.

Azken erosketa joan den astean bertan egin zuen Amazonek: iRobot enpresa erosi zuen, Roomba xurgagailuen egilea, ia 1.700 milioi euroren truke. Duela hiru aste 3.500 milioi askatu zituen One Medical AEBetako osasun zerbitzu pribatuen enpresa erosteko.

Amazonen akzioak saltzen aritu da Bezos, orain arte ahaztuxea izan duen filantropia deskubritzeko

Inperioaren zatirik errentagarriena, ordea, ez da denda, baizik eta AWS Amazon Web Services. Plataforma informatiko hori erabiltzen dute milioika enpresa, herritar eta administraziok, beren datuak eta zerbitzuak lainoan izateagatik.

Zenbaki horiek guztiek aberats egin dute Bezos: 175.000 milioi euroren ondasunak ditu gaur egun —Euskal Herriko barne produktu gordinaren halako bi ia—. Horren zatirik handiena Amazonen akzioak dira: enpresak 1,4 bilioi euro balio ditu gaur egun burtsan, azken urtean balioaren %15 galdu arren; horren %10 da Bezosena. Haren parte hartzea txikituz joan da, zati bat dibortzioarekin, eta bestea akzioak saltzen ari delako beste proiektu batzuetan inbertitzeko, eta orain arte ahaztuxea izan duen filantropia deskubritzeko. Amazonen akzioak ez ezik, enpresaren kudeaketa zuzena ere utzi du Bezosek, joan den uztailean, Andy Jassy AWSko buruaren esku.

Sindikatuen aurka

Ikusteko dago buruzagia aldatzeak aldaketa ekartzen ote duen Amazonen lan politikan ere. Inperio handiak ez dira hitz goxoekin eta eskuzabaltasunarekin eraikitzen, eta Bezosen inperioa ere ez. Are gehiago, Bezosek bete egiten ditu enpresaburu gupidagabearen estereotipo franko.

Jeff Bezos COP26an, iaz, Glasgown
Jeff Bezos COP26an, iaz, Glasgown. Robert Perry / EFE

The Everything Store liburuan, Brad Stone kazetariak ziurtatu du bere langileekin hizkera oso bortitza eta erasokorra erabiltzen duela Bezosek. «Barkatu, ergela izateko pilulak hartu behar ditut gaur, ala?»; «Alferra zara, ala inkonpetente hutsa?»; «Zergatik ari zara nire bizitza hondatzen?», eta halako esaldiak jarri dituzte Bezosen ahotan. Amazonen barne funtzionamendua ikertu dutenek nabarmendu dute elkarren arteko lehia bultzatu duela, eta horrek tentsio handia eragiten diela langileei.

Ezaguna da, gainera, Bezosek ez dituela sindikatuak maite. Europan ez du onartu beste erremediorik, legearen babesa dutelako, baina AEBetan errazagoa du bere langileen antolaketa zapuzteko. Baita lortu ere: martxoan, Bessemer herriko banaketa zentro handian (5.000 langile) galdeketa egin zuten sindikatua bultzatu nahi zuten langileek, baina galdu egin zuten. Irabazi egin zuten, ordea, Staten Islanden (New York), Joe Biden presidentearen txalo artean: «Amazon, bagatoz! Adi egon».

Soldata ez da langileen eskaera nagusia —2018an, polemika handi baten ondoren, AEBetako gutxieneko soldata federala baino gehiago ordaintzea onartu zuen—, lan erritmoa, atseden falta, eta lan osasuna baizik. Gaur egun, 1,6 milioi langile ditu Amazonek.

 

 

Esku pribatuetan

Denaren jabe bihurtuko dira? Teknologia talde handien ahalmenaren eta tamainaren ondorioa izan daiteke jabe pribatuen eskuetan gelditzea funtsezko eremu eta datuak.

Irune Lasa

Izarretara begiratzea, kosmosaren misterioak ulertu nahi izatea, milaka urtez gizakia zerura beha... Zer demontre dira lerro batean doazen puntu horiek? SpaceX-ren Starlink sateliteak haien espazioratzearen ondorengo egunetan dira begi hutsez Lurretik ikusgarri. Gero distira galduz joaten dira, baina oraindik ere Lurreko punta bateko eta besteko behatoki astronomikoen argazkietan marra zuri gisa agertzen jarraitzen dute, astronomoen atsekaberako eta haserrerako.

Elon Musken Space X konpainiak, mundu osoan banda zabaleko Internet merkea eskaintzeko xedez, oraingoz 2.700 Starlink satelite zeruratu ditu, eta 2.400 inguru daude orbitan. Eta gero eta gehiago izango dira, AEBetako Komunikazio agintariek baimena eman baitiete beste satelite konstelazio baterako, zeinak 40.000 satelite izango dituen.

Hauteskundeetara aurkeztea ez da milioietan igerian dabiltzan aberatsek politikan eragiteko duten modu bakarra

Munduko edozein bazterretan banda zabala izatea gauza garrantzitsua izan daiteke, eta horren adibide da nola Elon Muskek berak Ukrainako Armada Starlink-era konektatzeko dispositiboekin hornitu duen.

Ez da esku pribatuetan dagoen aurrerabide teknologiko garrantzitsu bakarra. Pandemian, adibidez, ikusi zen zer mailako informazioak dituen Googlek, esaterako, jende multzoen mugimendu ohiturez eta pilaketez. Funtsezko informazio izan daitekeena uneren batean erabaki politiko-publikoetarako, eta esku pribatuetan dagoena.

Musk bezala, Jeff Bezos Amazoneko buruak ere maite du espazioa; espazioko bere enpresa du, Blue Origin, eta, nola ez, bere satelite konstelazioa ere nahi du. Superaberatsen esku geldituko da ilunabarreko zerua ere?

Denetik probatzen ari omen da SpaceX bere Starlink berrien distira murrizteko; besteak beste, merkatuan dauden pintura ilunenak, baina haiek erraz higatzen omen dira espazioan. Bitartean, Starlink-ek behaketa astronomikoetan eragindako endredoak konpontzeko modu bat teleskopioen argazkietan informazio hori kentzeko programa informatikoak izan daitezkeela uste dute aditu batzuek.

Baten batek, hala ere, badu esperantza konponbidea ez dagoela urrun; beharbada AEBetako armadarentzat sekretupeko satelite ikusezinak egiten dituzte konpainietan. Dirudienez, informazio klasifikatu batzuk ez dituzte erabat esku pribatuetan nahi.

Jeff Bezos.

Zenbakia. 0. Amazonek Europan ordaindutako zergak. 2021ean, Amazonek 51.300 milioi euroren salmentak egin zituen Europan, baina, zerga ingeniaritzari esker, ez zuen sozietate zergan euro bakar bat ordaindu. 

Enpresak. Bezosek Amazonen %10 dauka. 40 adarreko olagarroa da: denda elektronikoa, AWS konputagailu zerbitzua, Zoox ibilgailu automatikoak. Twitch, Ring, IMDb, Whoole Foods Market... Horrez gain, Bezosek Blue Origin espazio bidaietarako enpresa sortu du. 

Esaldia. «Ez esan jendeari zer egin behar duzun. Egin ezazu, eta harritu itzazu. Eta, gero, isildu eta hasi hurrengo proiektuarekin»

Ondasun bat. 2013an, Bezosek The Washington Post egunkari historikoa erosi zuen, larri zebilenean. Osasuntsu dago orain, eta irakurle gehiago ditu.

Filantropia bat. Munduko superaberatsen artean, Bezos ez dago eskuzabalenen artean. Forbes-ek kalkulatu du 2.000 milioi euro inguru eman dituela donazioetan, bere ondasunen %1 baino pixka bat gehiago. 

Bitxikeria. Oceanco ontziola yate erraldoi bat egiten ari da Bezosentzat: 127 metro luze da, eta hiru masta ditu. Baina neurri horrekin ezin du Rotterdameko De Hef zubi historikotik igaro. Zubia desmuntatzeko asmoari uko egin berri dio Oceancok, auziak sortutako polemika ikusita.

Iritzi politiko bat. Ekonomikoki errepublikanoengandik gertuago egon arren, Bezos sestran aritu zen Trumpekin, eta Bidenen garaipena txalotu zuen. Orain, baina, Bidenekin muturtu da, eta zerga igoerak salatu ditu, inflazioa handitzen dutelakoan.

Serie honetako beste atal batzuk