Superaberatsak

Mark Zuckerberg. Facebookekin, harreman birtualen sarea sortu zuen, eta orain, metabertsoarekin, errealitate birtualean beste urrats bat egin nahi du. Lobbyetan asko gastatzen du, Facebooken edukien kontrolari aurre egiteko.

Pantailan erosoago

Topikoak egia izan ohi direla dioen esaldi topikoa bete egiten da Mark Zuckerbergen kasuan (New York, AEBak, 1984). Pertsona lotsatia da Facebooken sortzailea, bere baitan biltzen diren horietakoa; INTJ bat, pertsonalitateen sailkapena egin zuen MBTI neurketa sistemaren arabera (barnerakoia, intuitiboa, pentsakorra eta kalifikatzailea). Eskolako patioan eta herriko plazan txoko batean jartzen diren horietako bat, eta ez erdian, besteen arreta bilatuz eta bereganatuz. Eta, horrela izanda, ez da harritzekoa Zuckerberg txikitatik eduki izana zaletasun handia konputagailuekiko. 12 urte zituela, ZuckNet programa sortu zuen, aitaren hortz klinikako ordenagailuaren eta etxekoen arteko komunikazioari bide emateko. Ulergarria da, beraz, haren ekarpen nagusia Facebook izatea, elkar ikusi eta ukitu gabe —eta norberari ongi datorkionean soilik— harremanak izateko webgune bat. Eta are ulergarriagoa da Zuckerbergen proiektu kuttuna metabertsoa izatea; hau da, mundu birtual bat, mota askotako esperientzia birtualak norbere etxetik bizi ahal izateko, bizitza errealak zikindu gabe.

Berez, Facebook sortu aurretik ere baziren aurrez aurre egon gabeko adiskideak, eskutitzen bidez komunikatzen zirenak, baina Facebookek beste maila batera eraman zuen kontaktu fisikorik gabeko harremanena, baina baita voyeurismoa eta exhibizionismoa ere. «Begira zer guapo nagoen Punta Canako hondartza honetan!», «zer ongi pasatu dudan piraguismoa egiten Bidarrai aldean», eta «zer goxoa zegoen guakamolea Gironako kostaldeko txosnan». Informazio pertsonala sarea darabilten 3.500 milioi lagunen eskura.

Egiak, egia erdiak, gezur erdiak eta erabateko gezurrak zabaltzen dituen bozgorailu bat da Facebook

 

Baina hori baino gehiago ere bilakatu da Facebook: munduari begiratzeko eta mundua azaltzeko tresna boteretsu bat. 2017an, Zuckerbergek asmo onez beteriko manifestu bat kaleratu zuen, Facebooken helburuak zerrendatuz: konpromiso soziala duen komunitate bat, ongizatea eta askatasuna zabaltzen dituena, klima aldaketaren aurka borroka egiten duena... Horren guztiaren adibide izan daiteke, baina baita horren guztiaren aurkakoaren ikurra ere; egiak, egia erdiak, gezur erdiak eta gezur erabatekoak arazorik gabe zabaltzen dituen bozgorailu indartsu bat.
 

Kontrol saioak

Zuckerbergek ez du, noski, bozgorailu hori mugatu nahi, eta baditu arrazoiak: Facebooken negozioari lehen pitzadurak agertu bazaizkio ere, oraindik orain ongi doakio. 2021ean ia 40.000 milioi euroren irabaziak izan zituen orain Meta izena duen konpainiak, mundu erdia begiradapean izateak publizitatea saltzeko ematen dion abantaila baliatuz.

Irabazi horietatik zati bat lobbygintzan gastatzen du Metak, eta soldatapean dituen eragile horien laguntza derrigorrezkoa beharko du, lortuko badu izkin egitea Europako Batasunean eta AEBetan jarri nahi dizkioten arau zorrotzagoei.

Fronte horretan kalte handia egin dio Frances Haugen Facebookeko langile ohiak iazko urrian AEBetako Kongresuan egindako agerraldiak. Han erakutsi zituen Metaren barne agiriek argi utzi dute enpresak bazekiela bere plataformek —Facebook ez ezik, baita Instagram ere— kalte egin diezaieketela adin txikikoei... baina ezer ez egitea erabaki zuela.

Agiri horiek gehiago asaldatu dituzte Facebooken boterea gehiegizkoa dela uste dutenak. «Hau da nire mezua Zuckerbergentzat: amaitzear daude geure pribatutasuna bortxatzen eta eduki toxikoak bultzatzen zenituen garaiak. Kongresuak zerbait egingo du», esan zuen Ed Markey senatariak. Demokratak eta errepublikanoak biltzen dituen talde batek ikerketa bat zabaldu du Instagramek gazteengan duen eraginari buruz.

Metabertsoarekin, errealitate birtuala musikara, kirolera eta irakaskuntzara eraman nahi ditu Zuckerbergek

 

Washingtonen zein Bruselan aztertzen ari diren neurrien artean daude Meta zatikatzea, uste baitute botere handiegia hartu duela konpainiak.

Noizbait urrats hori egitera ausartzen badira, ikusiko da zer gertatuko den Zuckerbergen proiektu maitatuenarekin: metabertsoarekin. Izen hori jaso du Metak eta beste enpresa teknologiko batzuek sortu nahi duten «hiru dimentsioko mundu birtualen sare integratuak». Betaurreko berezi batzuen bidez, errealitate handituak ikusi eta haietan errealismo handiz murgildu ahal izango du erabiltzaileak. Mota horretako jokoak badaude honezkero, baina urrats pare bat aurrerago egin nahi dute, eta beste arlo batzuetara zabaldu, haien artean musika kontzertuak, kirol lehiaketak, irakaskuntza edota administrazioa bera.

Errealitate birtual horretan dirutza gastatzen ari direnen artean dago Meta. Iaz, 10.000 milioi euro jarri zituen, baina horiengandik etekin handirik ez du jasoko hurrengo urteetan.

Politikaren atzeko dirua

Botere ekonomikoarekin, botere politikoa. Zuzenean hauteskundeetara aurkeztetik alderdi politikoen B kutxak betetzeraino, plutokraziak mila aurpegi ditu; baita Zuckebergek ere. 

Irune Lasa

Birritan ukatu zuen Mark Zuckerbergek AEBetako presidentetzara aurkeztu nahi zuela. Baina 2017. urtean haren jokaerak susmoak piztu zituen. Hasteko, ikusgarriago bihurtu zen hedabideentzat. Itzuli bat hasi zuen, urte berriko asmoa omen, ezagutzen ez zituen AEBetako estatuetan zehar. Etxalde bat Wisconsinen, Forden lantegi bat Michiganen... «Nire lana mundua konektatzea eta bakoitzari ahotsa ematea da. Aurten ahots horietako gehiago entzun nahi ditut nik neuk», esan zuen, askorentzat politikarien doinua zuten adierazpenetan.

Hauteskundeetara aurkeztea ez da milioietan igerian dabiltzan aberatsek politikan eragiteko duten modu bakarra

 

Alderdi demokratarentzat aritutako inkestagile ezagun bat ere kontratatu zuen, teorian Chan Zuckerberg Iniciative plataforma filantropikorako.

Zuckerbergek noizbait bere burua AEBetako presidente ikusi ala ez, muinean, Zuckerbergek berak jakingo du bakarrik. Hala ere, hauteskundeetara aurkeztea ez da milioietan igerian dabiltzan aberatsek politikan esku hartzeko edo eragiteko duten modu bakarra.
 

Fundazioak eta B kutxak

Asko izan daitezke botere ekonomikoarekin botere politikoa eskuratzeko moduak. Zuzenak edo zeharkakoak, agerikoak edo ezkutukoak... Adibidez, Facebooken sortzaileak, edo zehatzago Chan Zuckerberg Initiativek, 350 milioi dolar banatu zituen 2020ko AEBetako presidentetzarako bozetan, pandemiaren ondorioz posta bidezko inoiz baino boto gehiago kudeatu behar zituzten eskualdeen artean. Porrota eraman ezinean gelditu ziren Donald Trumpen jarraitzaileen arabera, hauteskundeen emaitza baldintzatzea izan zen laguntza horien xedea.

Dena den, ikusi behar zen Trumpek berak nor gonbidatu zuen palkora presidente karguaren zina egin zuenean 2017ko urtarrilean; hantxe zegoen Sheldon Adelson zena, alderdi errepublikanoaren diru emaile ezaguna. Kasinoen magnateak ohorea mereziko zuela pentsatuko zuen Trumpek. Ikerketa baten arabera, Adelson senar-emazteek guztira 500 milioi dolar eman zizkioten alderdi errepublikanoari hauteskunde desberdinetarako. Bai, botere politikoa erosteko, eta batez ere sionismoaren aldeko politikak helburu.

Estitxu Osa
PHILIPP GUELLAND, EFE

Ez da pentsatu behar ere halakoak AEBetan soilik pasatzen direnik. Ikusi beharko litzateke Europako zenbait alderdiren B kutxak nork betetzen dituen.

Bada, hala ere, erabat agerikoa eta legezkoa den modu bat aberatsek euren boterea handitzeko erabili ohi dutena: filantropia. Haren bidez, aberatsek erabakitzen dute zer egin eta zer ez bestela zerga bilketako dirua izango litzatekeenarekin.

Erabat agerikoa eta legezkoa den modu bat aberatsek euren boterea handitzeko erabili ohi dutena: filantropia

 

Dirudienez, haiek dakite ondoen—gobernuek baino hobeto, argi dago— beren dirua nola eta zertarako erabili.

Dell ordenagailu konpainiaren jabe Michael Dellek oso argi esplikatu zuen Davosko Foroan 2019an: «Jarri nahiko duten %70eko zerga tasa horrekin ordainduko genuen baino diru gehiago jarri dugu emazteak eta biok azken hogei urteetan gure fundazioan. Erosoago sentitzen naiz funts horiek esleitzeko fundazio pribatu gisa dugun abileziarekin, haiek gobernuari ematearekin baino».

Mark Zuckerberg.

Zenbakia. 28.600. otsailean galdutakoa. Otsailean, Metak iragarri zuen 2021 amaieran lehen aldiz Facebooken erabiltzaileen kopurua jaitsi egin zela. %27 erori ziren Metaren akzioak, eta horren ondorioz 28.600 milioi euro galdu zituen Zuckerbergek.

Enpresak. Facebook sortu zuen 2004an, Eduardo Saverin, Andrew McCollum, Dustin Moskovitz eta Chris Hughes Harvardeko ikaskideekin batera. Facebook eta ondoren erositako enpresak —Instagram, Messenger, Whatsapp...— Metan bildu ditu. Haren %13 dauka. 

Esaldia. «Guztiei ahotsa eta boterea ematean, sistemak hobera egiten du. Hortaz, geure eginbeharra jendeari boterea ematea da»

Ondasun bat. Hamaika etxe, yate bat, luxuzko auto bat, hegazkin pribatu bat... eta modelo eta kolore bereko elastikoz betetako armairu bat dauzka Zuckerbergek. Elastiko arrunta dirudi, baina 400 dolar balio du bakoitzak.

Filantropia bat. 2015ean, Maxima alaba nagusia jaio zenean, Zuckerbergek eta Priscilla Chan emazteak izenpetu zuten Facebooken akzioen %99 emango zizkiotela Chan Zuckerberg Initiative ekinaldi solidarioari.

Bitxikeria. 2017an, AEBetan bira egin zuen Facebooken erabiltzaile arruntak ezagutzeko. Segurtasun neurrietan ia bederatzi milioi dolar gastatu zituen.

Iritzi politiko bat. Ez du bere burua demokratatzat edo errepublikanotzat jotzen, «ezagutzaren aldeko ekonomiaren aldekotzat» baizik. Hala ere, etorkinen aurkako sarekadak kritikatu ditu.

Serie honetako beste atal batzuk