Utopiarantz

Inklusioa. Atzeko motiboak izan daitezke ezberdintasun sozialak, edo gizartearen parte baten begirada okerrak, edo hainbat pertsonaren sortzetiko zailtasunak, edo denak batera. Horiek gaindituta, gizarte inklusibo bat amets ederra da; bide zabalak eskatzen ditu denek, bakoitzak bere erara, tokia izateko gizartean.

Ate zabalagoak irekitzen beti

 

Aurrean agertzen zaizkien harresietan ateak irekitzen, ate horiek gero eta zabalagoak nola izan daitezkeen irudikatzen: halaxe ari dira hizlariok solasaldi honetan etengabe, gizarte inklusibo bat nolakoa izango litzatekeen imajinatzen. Gizarte gaiekin lotutako ikertzailea da Joseba Zalakain SIIS ikerketa eta dokumentazio zentroan; EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Inkluni ikerketa zentroko ikertzailea, Igone Arostegi; desgaitasun fisikoak dituzten pertsonen Gipuzkoako federazio Elkartuko langilea da Mikel Malkorra, eta seguruenera murruen garaierari berak die hartua neurria ondoen: elbarritasun handi bat du, eta gurpil aulki batean ibili behar du.

Elixabete Garmendia 'Carlos Garaikoetxea.

Desgaitasunak inklusiorako traba handia dira, baina ez bakarra; aski esparru zabalari begiratu behar zaio: murru askori. Bazterkeriaren motiboak izan daitezke, halaber, sozialak, ekonomikoak edo gizartearen aurreiritziak. Horiek guztiak, gainera, metatu egiten dira sarri. «Inklusioaz ari garenean, hainbeste gauzari buruz ari gara», onartu du Zalakainek: «Ez da bakarrik kalean lo egitea, edo oso pobrea izatea; hainbat esparrutan arazoak edota gabeziak metatzea da gizarte bazterkeria». Eta ondorioak ditu horrek, argiak, nahiz eta horien berri emateko erabili behar den hitz arazotsu bat: normala. «Jende normalak egiten dituen gauzak egin ezin izatea», hori da inklusio faltaren ondorio nagusia. Horrek, jakina, beste ondorio bat du: «Ez sentitzea gizartearen parte». Horiek horrela, utopia bat amesten hasita, horra helburu nagusia: «Inklusioa da gizarte batean ez arrotza sentitzea».

«Zer beharko genuke? Bada, tresnak jartzea ezberdina denari, eta desberdina delako desabantaila batzuk dituenari, desabantaila horiek konpentsatzeko», azaldu du Zalakainek. Ezin uka, askotan «baliabide ekonomikoen» urriak eragin handia du gizarte bazterkeria egoeratan, eta sarri neurri ekonomikoak behar dira inklusioa bermatzeko. Eta ez dira guztiz berriak halako planteamenduak: egin dira bidean urratsak. Maiz, ordea, «integrazioa» bilatu dela uste du Zalakainek; alegia, desabantailan dauden horiek gizartean nagusi diren ereduetara moldatu diren heinean onartu dira, eta utopia inklusibo batetik aski urrun dago hori.


Joseba Zalakain, Igone Arostegi eta Mikel Malkorra. Gorka Rubio, Foku

Abizen askotarikoak

Geroa irudikatzen hasita, esaterako, nolakoak izango dira agintariak inklusioan aurrerapauso handiak egin dituen Euskal Herri utopiko batean? «Abizen anitzekoak, ez bakarrik euskaldunak; biztanleen errolda bezain askotarikoak», azaldu du Zalakainek. «Gehienak unibertsitatera joan dira, baina ez guztiak. Gehienek, halaber, eskarmentu handia dute izaera anitzeko herri mugimenduetan». Uste du, bide horretan aurrera egite aldera, erakundeei egiten zaizkien aldarriez harago, barruko lan bat ere beharrezkoa dela: norberarena. «Hori bai dela utopia». Norbere buruari galdera egitea: «Nik zer pribilegio ditut gizartean?». Eta eragitea: «Kontua da ikustea nola garen gai gure pribilegioak deuseztatzeko, horrela desabantailak dituzten pertsonak politika publikoen bidez konpentsatzeko. Eskolan, lanean, denean».

Eskola bateko ataria ere irudikatu du Zalakainek Euskal Herri inklusiboan. Zer ikusten da? «Aita asko eta ama asko. Aitona eta amona gutxi eta, egotekotan, gurasoak laguntzen, ez gurasoak ordezkatzen. Jatorri anitzeko gurasoak daude, talde anitzetan nahasturik, hizketan». Eskola barruko martxan ere, aldeak: «Haurrak ez dira batera atera ikastetxetik, zentroak eskolaz kanpoko jarduera ugari eskaintzen dituelako, eta ume bakoitza nahi edo behar duenean ateratzen delako. Haurrek ez dute motxilarik eramaten etxera, etxeko lanak, eginez gero, eskolan egin direlako».

"Utopia: ikustea gai al garen gure pribilegioak deuseztatzeko, desabantailak dituztenak konpentsatzeko"

Joseba Zalakain. SIIS ikerketa zentroko ikertzailea

 

Eskolara begira egin dira urteotan urratsak inklusioaren alde, baina harago egin behar dela argi du Arostegik: «Aldatu behar dugu ikuspegia, esaten duena eskola gizartetik at dagoela. 'Eskolara eramaten dugu umea, eta hor saiatuko gara...'. Hori apurtu behar dugu: eskola da gizartearen parte bat, eta eskola komunitate moduan ulertu behar da». Bide horretan «hierarkiak apurtzera» egin behar da: «Berdintasunezko elkarrizketak sortzea ezinbestekoa da: guztiokin. Eta hor amestea, denon artean». Utopiarako bidean, ikastetxeek abaroa izan behar dute, beste guztiaren gainetik: «Eskolak izan behar du espazio seguru bat, zeinean eskolara goazen pozik. Horrek ez du esan nahi ez ikastea. Baina sentitu behar dugu pozik, seguru, beldurrik gabe». Halaxe irudikatu ditu familiak eskola gero eta inklusiboagoetan, gero eta zabalagoetan: «Ulertuak sentitzen dira, artatuak, zainduak». Helburu baten inguruan beti: «Ikasle guztiek beren gaitasunak garatu behar dituzte: behar dituztenak».

Egoitzez haragoko eredua

Inklusioa erabiliaren erabiliz maiztutako hitza dela sentitzen du Malkorrak, hutsaldutakoa ere bai, usu: «Dena da inklusiboa». Egun, ordea, inklusioa goiburupean sartzen diren politika asko berez behar lukeen definiziotik at daudela uste du. «Askotan diru pila bat jartzen da segregatzaileak diren politiketan. Adibidez, adineko pertsonentzat-eta baliabide pila bat dago, baina beti segregatzen». Egoitzak ditu, adibidez, buruan: adineko askorentzako abaroa dira egun, eta mendekotasun handiak dituzten pertsona askorentzat ere bizilekua, bizileku posible bakarra, sarri. Buruan duen «utopian», eredu horrek ez du balio: «Amesten hasita, desgaitasunak dituzten pertsonentzako egoitza zentrorik ez duen gizarte batekin egiten dut amets. Horrek esan nahi du etxebizitza egokituak eskuratu ahal izango ditugula, eta bizitzaren oinarrizko jardueretarako eta komunitatean parte hartzeko laguntzaile pertsonalen laguntza izango dugula».

Malkorrak buruan du, halaber, laguntzak jasotzen dituzten pertsonekiko mesfidatia ez den eredu bat, irekiagoa, pertsonen autonomia errespetatuko duena: «Behar da konfiantza handiagoa pertsonengan, herritarrengan. Administrazioak erraz jartzen ditu hilero 3.000-4.000-5.000 euro egoitza batean toki bat izateko, baina oso urduri jartzen da ematen badizkio zuzenean mila euro pertsona bati bere etxean egoteko. Konfiantza izan behar da». Halaber, guztiz enpleguaren inguruan ardaztuta ez dagoen eredu bat nahi du, usu era «segregatzailean» garatu delako.

"Eskolak izan behar du espazio seguru bat, pozik joatekoa. Sentitu behar dugu pozik, beldurrik gabe"

Igone Arostegi. Inkluniko ikertzailea

 

Bat dator Zalakain: «Inklusioa eta integrazioa orain arte izan dira lana. Pentsatu izan dugu lan bat edo ogibide bat daukan pertsona integratuta dagoela». Elbarritasunen bat duten pertsonen kasuan, bereziki, orain dela hamarraldi batzuk horren alde egindako hautua indartsua izan zela oroitu du, eta arrastoa agerikoa dela oraino: «Jendeari esan zitzaion: 'Buzo bat jarriko dizut, eta izango zara besteak bezalakoa'». Enplegu babestua abiatu zen, eta oso zabalduta dago. Aldiz, desgaitasunak dituztenek jasotzen dituzten lan eskaintza onak urriak dira. Malkorra: «Gizartean saiatzen dira bermatzen lan duina; guretzat, lana bakarrik». Buruan duen ametsean, elbarritasunak dituzten pertsonak irudikatzen ditu enpresa arruntetan, «gainerako lankideen» pare, horretarako behar dituzten «laguntza tekniko eta pertsonalekin».

Pertsona begiratzeko eran aldaketa nahi dutela argi du Makorrak.«Lehenik eta behin, pertsona batek konfiantza izan behar du, eta sentitu behar du gai dela erabakitzeko, erabakitzeko bere bizitzako alderdi guztietan: non bizi, nola, norekin, zer laguntza eduki... Aurrena da kontuan hartzea erabakitzeko gaitasuna». Jasotzen dituzten baliabideetan ere aurrera egin behar da: «Bigarren partea da laguntzak ematea. Gu astunak gara bizimodu independentearen aldeko eskeetan, baina guretzat hori da eredua. Horrek bermatzen du gizartean parte hartzeko eskubidea». Eta helburua lortu duten pertsonak badira: «Ez da utopia: errealitatea da. Txikia, baina errealitatea».

"Desgaitasunak dituzten pertsonentzako egoitza zentrorik ez duen gizarte bat dut amets"

Mikel Malkorra. Desgaituen Elkartu federazioko ordezkaria

 

Eta zer behar da ametsa gauzatzeko? «Batetik, etxebizitza egokitua izateko aukera edukitzea. Eta hor hamarraldi hauetan egin dira urratsak», onartu du Malkorrak. Horrekin ez da aski, ordea: «Behar dira, era berean, diru sarrera duinak: hor arazo handia daukagu gure kolektiboan. Soslairik ohikoenak dira kotizazio gabeko pentsioak edo bestelako prestazioak kobratzen dituzten pertsonak...». Behar dituzte, era berean, egin ezin dutena egiteko pertsonak ondoan. Asmatuta dago formula: «Hori egiten dute laguntzaile pertsonalek. Guk egin ezin dugun hori egiteko dira; janzteko, bainua hartzen laguntzeko, edo lanera joaten... Baina egun eredua ez dago horretara bideratuta». Badira programak, baina «gabeziak» dituzte. Urrun da utopia.

Iraganeko ikasbideak

Aurrekoek irudikatutako mundu hobeei begira, utopien gaineko esperantzak loratzea errazagoa dela onartu du Malkorrak. «Kontua da guztiok sinestea ez dela hain utopikoa ere. Elkarturen 40 urtemugaren historiaren harira liburu bat egin genuen. Aberasgarria izan zen ikustea nolakoa zen egoera duela 40 urte, eta zer egoeratan gauden orain. Eta diferentzia handia dago. Onerako. Argazki bat dago 1979koa, lehen espaloia egokitzen jardun zutenekoa. Zer aldaketa egon den hirigintzan, adibidez!». Prozesuan, bide erratuak saihestea garrantzitsutzat du. «Afari solidarioak, maratoiak...». Halakoak ez dira ageri beren ametsetan. «Erronka eraldatzea da: diruan, inbertsioetan eta fiskalitatean lehentasuna ematea inklusioari».

Eskolaren funtzio eraldatzailean aurrerantzean ere itxaropena izan behar dela pentsatzen du Arostegik, han ikusten du utopiaren ernamuina: «Haur Hezkuntzatik ikas dezakegu besteak entzuten, besteak ulertzen, onartzen, eta eraikitzen». Zalakain, berriz, uzkurragoa da utopiekin; «aldaketa txikietan» indarra jarri behar dela uste du, zabal daitezkeen ate berrietan.