Utopiarantz

Lana eta ekonomia. Kapitalismoaren arau ia eztabaidaezinetatik askatuta, bestelako eredu sozioekonomiko bat irudikatu dute Mirene Begiristainek eta Beñat Irasuegik: gizartearen premien arabera antolatua, soldatapeko lanik gabea, denbora libre gehiagorekin, bidezkoagoa.

Totemak eraitsi, egunerokotik



Utopia orain da». Mundu hobe bat ez du etorkizunean kokatzen Mirene Begiristainek. Euskal Herrian nekazaritzan, hezkuntzan, zaintzan, ekonomian «esperimentu pila bat» egin direla nabarmendu du: «Utopian gaude, utopia eraikitzen». Bide horretan, praktikaren garrantzia aldarrikatu du: «Bizipenetatik eraikitzen dugu mundua, bai pertsonala, bai kolektiboa». Amuari heldu dio Beñat Irasuegik: «Praktikan badago ekonomia egiteko beste modu bat, nahiz eta ez oso hedatua; tamalez, abizenak jarri behar dizkiogu: ekonomia sozial eta eraldatzailea». Sistema kapitalistatik aldendutako antolaketa ekonomiko batean jarri dute biek begirada. «Bizitzako premien inguruan antolatutako eredu sozioekonomiko bat» desiratu du Begiristainek. «Bizitzarako ekonomia kontzeptua erabiltzen hasi gara gu», zehaztu du Irasuegik.

Kooperatibismotik mintzo da Beñat Irasuegi (Errenteria, Gipuzkoa, 1978): ekonomia eta estrategia aholkularia da Talaiosen, eta Olatukoop sarearen sustatzailea. Mirene Begiristain (Andoain, Gipuzkoa, 1972), berriz, ekonomialaria da, EHUko irakaslea, baina agroekologia proiektuak ditu pasio. Sortze jardun horretatik datorkio baikortasuna, bestelako eredu sozioekonomiko batean pentsatzean: «Pandemiak erakutsi zigun gai garela gauzak beste modu batera egiteko: ikusi genuen zein ziren lan esentzialak, kolektiboki antolatu ginen horietako batzuk gauzatzeko... Hura berehala urtu zen, baina erakutsi zigun posible dela». Utopiara nola iritsi irudikatzeko, bi plano bereizi ditu Irasuegik: «Burua eta eskua. Batetik, aurrera begirako hausnarketa, helburuen lanketa; bestetik, praktika, egunerokoa. Oreka zaila da, baina biak landu behar ditugu aldi berean».

Eta nolakoa imajinatzen dute bestelako eredu hori? «Kapitalismoaren hiru totemak eraistea» proposatu du Irasuegik: «Soldatapeko lana, truke balioa eta jabetza pribatua; hiru horiek normalizatu eta barneratu ditugu, eta auzitan jartzeak kontraesan izugarriak eragiten dizkigu, segurtasuna ematen digutelako». Gorputzean sartuta daudela berretsi du Begiristainek: «Guztiz kolonizatuta gaude. Jendarte demokratikoago eta justuago bat lortzeko, desmerkantilizazio eta deseraikitze prozesuak behar ditugu».

Estitxu Osa

Baina badute helmuga bat. «Etorkizun hori soldatapeko lanik gabe imajinatzen dut: lanak zein aberastasuna banatuta», esan du Irasuegik. Gizartearentzat premiazkoak diren lanak «pasioaren eta arduraren arteko banaketa justu» baten bidez gauzatuko lirateke, haren ustez: «Nire utopia da denbora libre gehiago edukitzea denok; ez egungo aisialdiaren ereduan, ordea, guztiz merkantilizatua baitago. Lan gutxiagoko gizarte baterantz joango ginateke; azken batean, ekonomia denbora banatzea ere bada, beraz, izan dezagun denok lan eta denbora libre kopuru bera». Ideia horrek berekin dakar tabu bat haustea: «Ez dakigu ekonomia ez-produktibista egiten; kooperatibismoa bera oso produktibista izan da Euskal Herrian: lan asko, ordu asko, eta horrek eraikitzen zaitu pertsona gisa».

Denboraren erabileran «borroka bat» ikusi du Begiristainek ere: «Bizitza lanaren bueltan antolatzeak eraikitzen gaitu; libre izan beharko genuke gure denbora kudeatzeko». Eta etengabe produktibo izatearen aginduaren aurrean, ziklikotasuna aldarrikatu du: «Bizi osoan ez dugu ekarpenak egiteko indar, modu eta gaitasun berdina; batzuetan ezagutza eta gogo gehiago dugu, eta beste batzuetan atsedena behar dugu. Bakoitzak bere zikloak ditu; zaurgarritasun horrekin konektatu beharko genuke, norbere mugekin, eta konfiantzaz jokatu: 'ezin dut' esatea askatzailea da».

Ildo horretan, lanaren inguruko iruditeria bera moldatzeaz jardun da Irasuegi: «Niretzat, Talaios bizitza proiektu bat da, hor jartzen dudalako bizitza eta lana. Ekonomia kapitalistak disoziatu egin ditu bi horiek: norbere bizitza bihurtu da lanetik kanpo dagoena, baina egunaren parte handi bat lanean pasatzen badugu, hori ere bizitza izan beharko da. Horregatik erabiltzen dugu bizitza proiektuak sortzearen ideia: lan eremuak bizitza proiektu ere bihurtzea». Eta hor, beste tabu bat: «Bizitza kolektiboak eraikitzen ari gara, egun bizitza proiektuak oso indibidualak direnean».

Baserritartze kolektiboa

Bizi kolektibo horien oinarrian ezinbesteko lanak ikusten ditu Begiristainek: «Soldatapeko lanik gabeko jendartea gure premien bueltan eraiki behar da, eta horrek dakar antolaketa osoa eraldatzea». Zehaztasunak marrazten hasita, ekofeminismoa eta desazkundea erreferentzia gisa hartuta bota du neurri sorta: «Urrutiko kontsumoa jaitsi, materialen iraupena luzatu, azpiegitura berriak gutxitu, mugikortasuna murriztu, diruaren garrantzia eta beharra txikitu... Birdefinitu eta desmerkantilizatu beharko lirateke hainbat sektore, hala nola eraikuntza, garraioa, finantzak, industria... Eta indartu beharko lirateke elikadura, energia, osasuna, zaintza, hirigintza, ikerketa...».

Tokikotze hori definitzean, irakasleak argi du lehen sektoreak pisua irabaziko lukeela, herritar gehiago arituko liratekeela eremu horretan: «Baserritartze kolektibo bat imajinatzen dut. Horrek ez du esan nahi denak baserritar izan behar dugunik, baizik eta adiskidetze bat egon behar dela: hirietatik jendea joatea lanera baratzeetara, garai batez —asteburuak, urteko sasoi bat edo bizi ziklo bat— denboraren parte bat horri eskaintzera, osasungarria delako; eta hala, autokontsumoak presentzia irabaziko luke». Nekazaritza planak baino gehiago, elikadura estrategiak lantzera deitu du: «Ezin dugu soilik ekoizpenean pentsatu; kontsumoa eta banaketa ere kontuan hartu behar ditugu, sistema bere osotasunean ulertuta». Eta marrazki horretan, figura bat txertatu du: «Nekazaritzan aritu edo baserritar izan nahi dutenak funtzionario publikoak izango dira»

"Soldatapeko lanik gabeko jendartea gure premien bueltan eraiki behar da: antolaketa osoa aldatzea dakar"

Mirene Begiristain. EHUko ekonomia irakaslea

 

Planteamendu horrekin ados dago Irasuegi: «Kapitalismoaren ezaugarrietako bat da lanaren espezializazioa: ezagutza erabat bertikala ezartzea, eta ez horizontala; ezagutza bertikal batzuk behar dira, baina gero eta ezagutza horizontal gutxiago dago, eta elikadura adibide argia da. Hain justu, eredu agroindustrialak behar du hiperespezializazioa: oso jende gutxi egotea lur askorekin. Eta gure eredua da jende asko lur gutxirekin: ez da bideragarria kapitalaren metaketaren ikuspegitik, baina bai jendartearen iraunkortasunaren eta premien ikuspegitik». Beste zehaztapen bat, Begiristainek: «Horretarako, lurraren jabetza publikoa edo komunala izan behar da. Lurra pribatua izatea normalizatu dugu, baina ez da inola ere normala: lurrak lantzen duenarentzat izan behar du».

EHUko irakasleak esplikatu du badirela hainbat egitasmo ildo horretan: lur batzuk hainbat pertsonaren artean erosi, kolektibizatzeko eta agroekologia proiektuak garatzeko. Hain justu, jabetza komunalaren ideia beste arlo batzuetara zabaltzearen alde agertu da kooperatibista: «Jabetza pribatuaren totema eraisteko ere inportantea da egunerokotik hastea: etxebizitza proiektu kooperatiboak bultzatzea, bizitzarako espazioak berreskuratzea... Adibidez, Donostiako Parte Zaharrean ezin bada bizi zentzu sozialean, zergatik ez erosi lokal batzuk, jabetza komunalean, eta alokatu bizitzaren ekonomiarako proiektuei? Arlo publikoa ez badago prest, zergatik ez dugu gure gaitasun ekonomiko apurra erabiltzen pixkanaka estrategia horiek garatzeko?».

Eta herritarrentzat berreskuratu beharreko eremuen zerrendari beste bat gehitu dio Irasuegik: teknologia. «Erabat entregatu diogu kapitalismoari, baina haren jabetza berrartu behar dugu. Teknologia ez da ez ona ez txarra, baina ez da neutrala; politikoa da, eta, despolitizatzen badugu, mendekotasunetik erabiliko dugu. Beraz, balia dezagun gure beharretarako».

Egitasmo handiak dira, eta kontraesanez beteak, bi hizlariek aitortu dutenez. Baina utopia, marraztu ez ezik, gauzatu ere egin nahi dutenez, estrategia konplexuak pentsatu eta bideratzearen alde jardun dira, epe laburrera zein luzera begira, mikroan zein makroan. «Eskalari buruz ere hausnartu behar dugu: gure proiektuek nola har dezaketen beste dimentsio bat», aitortu du Begiristainek. Irasuegiren ustez, berriz, «aukerak sozializatzea» da hurrengo urratsa: «Nik kooperatibaren bidez lortu dudan espazio segurua denontzat nahi dut».

Mikroa, kolonizatuta

Izan ere, egitasmo alternatiborik ezin da martxan jarri eguneroko oinarrizko baliabideak ziurtatu gabe: «Prekaritatean ezin da gauza handirik egin; gure borroketako bat da espazio material seguruak izatea». Hori bermatuta, bizitzeko ekonomiak beste ikuspegi bat eman diola azaldu du Irasuegik: «Beste lan testuinguru batek emango ez lidakeen askatasun eremu bat eman dit kooperatibak: oparoago bizi naiz diru gutxiagorekin, kooperatiba eta sare baten parte naizelako, behar gutxiago ditudalako eta behar horietako asko dirurik gabe ase ditzakedalako». Oparo sentitzearen ideia gustatu zaio Begiristaini: «Ekofeminismoan asko hitz egiten da nahikotasunaz, horrek mugekin lotzen gaituelako, gutxiagorekin ere ondo bizitzearekin; baina oparotasunaren kontzeptua aldarrikatzea ere bada berrestea ez dugula hori baino gehiago behar»

"Nire utopia da denbora libre gehiago edukitzea denok; lan gutxiagoko gizarte baterantz joango ginateke"

Beñat Irasuegi. Kooperatibista

 

Baina tabuak eta beldurrak agertu dira berriz, halako ideiak zabaltzen zailak direla ohartarazi baitu Irasuegik: «Iruditzen zait arazo gehiago ditugula mikroan eraldaketa bideratzeko, erabat kolonizatuta dagoelako, neoliberalismoaren mekanismoak oso indartsuak direlako: errazago irudikatzen dugu munduaren amaiera, gure eguneroko bizimodua merkatuarekiko mendekotasunetik askatzea baino».

Praktikaren premiara itzuli da Begiristain, utopia gauzatzeak eskatzen dituen trantsitu guztiak ibiltzeko behar den grinaz: «Kapitalismoaren totemak eraisteko, aldaketa kultural handi bat behar da. Bidea bizipenetatik egin dugunean, beldurrekin topatu gara, baina ohartu gara mamuak ez direla hain handiak. Posible dela. Eguneroko jarduna behar da materialitatea sortzeko». Ibiliaz egiten da bidea, ekinez eraikitzen dira alternatibak, Irasuegik baieztatu duenez: «Proiektu kolektiboak beharrezkoak dira, hain justu, erakusteko kolektibizazioa posiblea dela».