Hizkuntza baterako bidaia

Bego Montorio. Lehen literatur itzulpena galegotik egiteko aukera sortu zitzaion; handik Portugalera igaro, eta, are hegoalderago, Angola, Mozambike eta Cabo Verderaino heltzen den zeharkaldia osatu du literatura lusofonoa euskarara ekarriz. Liburuek botatako zubiei segitu die bidean.

Arraiak lauso orrietan



Oso anarkikoa izan da nire ibilbidea, oso asistematikoa». Dena kasualitateen kateatze bat izan balitz bezala aletzen du bere ibilbidea Bego Montorio Uribarren itzultzaileak (Bilbo, 1958); nola hasi zen jardunean 1980ko urteetan, nola heldu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Itzulpengintza graduan eskolak ematera —erretiroa hartu berri du—, nola den literatura lusofonotik —portugesez idatzitakotik— euskarara lan gehien ekarri dituen itzultzailea gaur egun. «Bide atipikoa diot, ez dudalako inoiz galego edo portuges eskolarik hartu; honetara heldu naiz literaturaren bitartez, eta ikasi dudana ikasi dut irakurriz eta irakurriz. Literatura izan da beti haria».

Bidaiatu asko egin duela dio, bada, «baina beti paperean». «Lan bakoitzak bota dit zubi bat beste norabait joateko». EIZIEren Nordanor datu basean begiratuta, euskara, gaztelania, frantsesa, galegoa eta portugesa ageri dira itzultzailearen fitxari lotuta, eta horrek marrazten du zein esparru geografikotan mugitu izan den, gutxi-asko, Montorioren itzultzaile jarduna. Administrazioan hasi zen lehen itzulpen lanak egiten —nahiz eta, egiaz, hasi ikasle garaian hasi zela dioen: «Lanbidean baino lehen hasi nintzen ni itzultzen; institutuan, asanbladetan... jendeak euskaraz egin ahal izateko, itzuli egin behar zen»—, eta lanpostua Basauriko Udaletik (Bizkaia) Gipuzkoako Foru Aldundira aldatzean bildu zitzaion ingurura literatura itzultzen hasteko giroa. «Soziologiako ikasketak neuzkan, baina ordurako erabakia nuen itzultzaile izan nahi nuela, eta literaturakoa».

Bego Montorio
Bego Montorio. Marisol Ramirez, FOKU

Ramon Etxezarreta izan zuen lankide Gipuzkoako Foru Aldundian, eta Susako kideak ere garai hartan ezagutu zituen. Hasi berria zen argitaletxea orduan, eta Alfonso R. Castelao idazle galegoaren lau liburuxka ateratzekotan ziren; bi itzuliko zituen Etxezarretak —Gauzak eta Betiko biak—, beste bat Koldo Izagirrek —Zirtzilak. Kristalezko begia— eta beste bat itzultzera «ausartuko» ote zen galdegin zion Etxezarretak Montoriori. Eta baietz hark. Hori izan zen, hala, haren lehen literatur itzulpena: Beti Galizan (1986), Castelaoren Sempre en Galiza liburuko gogoeta politikoen bilduma bat. Etxekoa zuen autore galegoa Montoriok —«aita oso marrazkizalea zen, eta irudiz eta testutxoz osatutako haren Cousas da vida liburua etxean zuen»—, baina, hala ere, itzultzaile modura egitera zihoan zeharkaldiaren abiapuntua hura izatea «txiripa» modura baino ez du kokatzen. «Nik uste nuen nire atzerriko hizkuntza frantsesa izango zela, ze frantseseko eskolak, bai, hartuak bainituen; baina hor non gurutzatu zen galegoa».

Xose Luis Mendez Ferrinen ipuin bat itzuli zuen Susa aldizkarirako, eta haren Mugaldeko jendea nobela ekarri zuen gero, 1998an, Alberdaniaren eskutik. Arraianos da jatorrizkoaren izenburua —Galiziako Kritikaren Saria irabazi zuen 1991n—, eta Galizia eta Portugal arteko muga a raya deitzen dutela gogorarazi du itzultzaileak, eta nola oharkabean zeharkatu zuek berak hura. «Bada oso arraia potentea, baina, hizkuntza aldetik, kanpotik begiratuta, ez da hain desberdina batetik besterako aldea, eta literaturan ere ez zait iruditzen. Nik Arraianos-ekin egin nuen arraiatik behera, eta hala pasatu nintzen portugesera, [Miguel] Torgaren Piztiak-ekin».

Arraiaz harago

Aleka-aleka itzuliz joan den liburuen lagin on bat ekarri du elkarrizketara, eta mahaian egindako pilatik atera du Torgarena (Alberdania, 1997). «Ipuintxoak dira, oso onak». Orriztatze azkar bat, eta halako bestiario moduko bat zabaldu da mahaian: Nero, Premu, Belxko, Malmutz, Txitxarra, Tenorio, Madalena... Badu anekdota kutun bat liburuari lotuta: «Oraindik [Bilboko] Verdes liburu denda zabalik zegoen, eta kontatu zidaten erdaldun batzuk joan zirela liburu honen bila; eta ikusi zutenean euskaraz bazegoela, galdetu zutela ea gaztelaniaz ere bazegoen, baina artean ez zegoen osorik. Pentsatu nuen: 'Behingoz erdaldunek nahi dute euskaraz badaukagun zerbait!' Sentitu nuen ez gindoazela atzetik, gu gure bidea egiten baizik».

"Bide geografiko koherentea egin dudala dirudi; Galizia, arraiatik behera Portugal, eta handik itsasora, Afrikaraino"

Bego Montorio. Itzultzailea

Ia beti enkarguz eta jatorrizko lanetatik zuzenean itzuli du Montoriok. «Besteen hautuek markatu zaitzaketelako», batetik; eta, urteak atzera, zenbait lan lortzea bera nekeza zelako, bestetik. «1980-1990eko urteetan liburuak lortzea bera oso gaitza zen. Bide oso on bat lagunen oporrena izaten zen; denok erosten genituen liburuak, norberarentzat eta lagunentzat. Eta oraindik ere mantentzen dugu ohitura. Nik hala deskubritu nuen niretzat eskuragarria zen literatura bat zegoela Afrikan, zoragarria».

Estitxu Osa
Marisol Ramirez, Foku.

Portugalen barneratu ahala, jabetuz joan baitzen portugesez idatzitako literaturak herrialdearen mugak aise gainditzen zituela. «Nire hurbiltzea ez da izan inoiz linguistikoa. Nik nahi nuen irakurri eta gozatu liburu horietaz, eta zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta gehiago ulertzen duzu... Horrela deskubritu nuen portugesezko literatura oso-oso zabala zela, hartzen dituela Portugal, Brasil eta Afrika; eta Afrikaren barruan, batez ere, Angola, Mozambike eta Cabo Verde».

Pausa bat. «Bai, asistemikoa izateko, ibilbide geografiko oso koherentea egin dudala dirudi; etxetik gertu Galizia, arraiatik behera Portugalera, eta handik itsasora, eta Afrikaraino».

Eta handik, itsasora

Mia Couto izan zen portugesez idazten duten egile afrikarren artetik Montoriok ezagutu zuen lehena. «Maitemindu egin nintzen», dio, begiak piztuta. Txalaparta argitaletxearentzat haren Cronicando eraman zuen gaztelerara, eta «zoragarria» dela errepikatu du —euskarara haren pare bat ipuin daude ekarrita—. «Mozambikekoa da, eta nik harekin deskubritu nuen, batetik, nolabaiteko errealismo magiko afrikarra, eta, gero, nola portugesaren bestelako erabilera bat egiten duten han». Aime Cesaire «negritudearen aitak» esaten zuenarekin erkatu du: «Hark esaten zuen Amerikara joanda frantsesari beste gauza batzuk esanarazten zizkiotela. Erabiltzen zuten kolonoaren hizkuntza, elkar ulertzeko behar zutelako, baina beste modu batera erabiltzen zuten, eurenarekin nahastuta, euren hitzekin aberastuta. Irakurtzean segituan sumatu nuen nik ere hori hauekin». Torgaren portugesa ez zela Coutoren portugesa, alegia.

"Portugesez irakurri dudan literaturatik deskubrimendu handiena itsasoz bestaldekoa izan da niretzat"

Bego Montorio. Itzultzailea

Mahaiko pilatik hartu du orain Coutorena, eta ausaz ireki: «Izenburuak irakurrita bakarrik ikusten da: Gizona planeta batekin barruan, edo Aktore-odola bizitzaren zineman, Africa K-rekin?, Emakume bioleta laranjaz jantzia... Alde magikoarekin duen harremana ezberdina da beste tradizio batzuetan; askotan, badute errealitate oso latz batzuk agertzeko modu oso poetikoa, fikzioaren erabilera zentzu magikoenean hartuta». Euskarara ekarri gabe dagoen Jose Eduardo Agualusa idazle angolarraren beste izenburu bat oroitu du: Oharkabeko ameslarien gizartea. «Hor beste mundu bat ikusten da. Portugalgo literaturan ere denetik egongo da, baina Europako beste tradizio batzuetatik edan du. Horregatik, portugesez irakurri dudan literaturatik deskubrimendu handiena itsasoz bestaldekoa izan da niretzat».

Galizian hasi eta Afrika hegoalderaino trazatutako Montorioren lerro horretan, baina, bada marra xeheago bat beste aldera. «Derrepente, bidaia horretan heldu naiz Hego Amerikara», harriduraz itzultzailea bera ere. Coutoren kasuan bezala, portugesetik gaztelaniara eraman ditu hainbat autore Montoriok, eta itzulpen horietako bat, Jose Luis Peixotoren Nadie nos mira, Atlantikoaz bestaldera heldu da. «Argitaratu da Perun, Kolonbian, eta orain gutxi idatzi zidan Peixotok beste herrialderen batean ere ateratzekotan zirela». Mahaian da horietako bat, egileak itzultzaileari idatzitako eskaintza eta guzti, 2017ko irailaren 25ean, Lisboan: «Begorentzat, hona hemen gure liburua, zeinarentzat ez den igarotzen denbora».

Hiru argitaletxearentzat egin zuen itzulpena Montoriok, 2001ean, eta haientzat antzerki lan ugari ere itzuli zituen: Luis Francisco Rebelloren A Desobediencia (1997), Helder Costaren O incorruptivel (2002) eta beste. «Evak [Forest] eta Alfonsok [Sastre] irakurtzen zituzten gero, eta zoragarria izaten zen», oroitu du.

Antzerkia, saiakera, narrazioa... «Denetarik» itzuli du aleka Montoriok; poesia gutxi. Azken urteetan komikiarekin ari da dezente —«oso zalea naiz»—, eta portuguesetik ekarritako bakarra hartu du mahaitik: Jose Carlos Fernandesen Munduko bandarik txarrena (Txalaparta, 2013). «Begira hau: Gauza hutsal eta garrantzi gabekoen museo nazionala. Guztiz surrealista da, ez da jeniala?».

Estitxu Osa
Marisol Ramirez, Foku

Afrikatik Euskal Herrira ekarri dituen beste bi lan dira Germano Almeidaren Napumoceno da Silva Araujo jaunaren testamentua (2002, Txalaparta), Cabo Verdetik; eta haur eta gazte literaturako Ngungaren abenturak, Pepetelarena, Angolatik.

Azkenean, itzulera helburu

Portugesetik euskarara itzuli izan dena oro har aztertuta, lagina «oso-oso murritza» dela ondorioztatu du orain Montoriok. «Badaude izen handiak —Pessoa, Saramago, Machado de Asis, berriki Mello...—, baina garaikideak oso gutxi, eta irudi oso estatikoa sortzen du horrek. Eta, pentsa, Portugal bertan badugu eta ezer gutxi ezagutzen badugu hango literaturaz... zer esan Afrikakoaz».

"Zenbat eta hobeto ezagutu jatorrizkoa, hobeto ulertuko duzu testua, baina benetan landu behar dena euskara da"

Bego Montorio. Itzultzailea

 

Hiztegietan begiratu, irakurri, gramatikak eskuratu, lagunekin kontrastatu, jatorrizko hiztunekin korapiloak argitu... eskolarik jasotzeko aukerarik ez, eta hala trebatu da hizkuntza galegoz zein portugesez Montorio. «Alde pasiboa garatu dut, baina berbetan ez dakit», dio. Baina, nolanahi den, gauza bat argi dauka: itzultzailea batez ere xede hizkuntzan behar da egon ahal bezain trebatuta. «Jatorrizkoan zuhaitz eder-eder bat jasotzen baduzu, eta euskaraz marra bakarreko zuhaitz bat egin, beste hizkuntzaren ezagutzak zuri baino ez dizu balioko. Zenbat eta gehiago ezagutu jatorrizkoaren kultura, hobeto ulertuko duzu testua, erreferentziak, baina benetan landu behar dena zure hizkuntza da, euskara, eduki ahal izateko sei modu gauza bakoitza esateko. Eta hori eginean baino ez da irabazten».

Idazle bat? Teolinda Gersao esango dut, baina bakarra esateko eskatzea...

Kanta bat? Non son fada nin princesa, Ses-ena.

Zerk egon behar luke jadanik itzulita? Benetan krimena da bakarra esatea... jarri Jose Eduardo Agualusa, tira.

Bada itzultzea ezinezkoa den hitzen bat? Mezungo; Mozanbiken zuriei esateko erabiltzen duten hitza da. Kolonizatutako herri beltz batekoek mezungo esaten dutenean, zuri esaten dute, bai, baina guk zuri entzuten dugunean, gauza bera da? Uste dut ezetz.

Bisitatzeko leku bat? Cabo Verde ezagutu nahiko nuke.

Zer ez duzu sekula ulertuko? Mundua bera.