Kafea

Ohiturak. Konpainian edo bakarrik har daiteke kafea, eguneko momentuaren arabera. Askok begiz joak dituzte kafetegi jakin batzuk, eta bertara joaten dira, badakitelako kalitatea bermatuta daukatela.

Bizitza, kafearen bueltan

Esnearekin, hutsa, bikoitza; izotzekin, epel, ia irakiten; bakarrik zein konpainian. Hamaika eratara hartu daiteke kafea, eta jende askok eta askok gozatzen du hartaz Euskal Herrian, eguneroko edaria baita, errutinaren parte. Batzuentzat, besterik gabe hartzen den edari bat izan daiteke; beste batzuek, aldiz, garrantzi berezia ematen diote, erritu bihurtzeraino.

Gasteizko El Mentiron tabernan elkartu dira Jon Gonzalez eta Alaitz Pedrozo. Kafea aitzakia da batak bestearen berri izateko. «Niri asko gustatzen zait lagunekin kafe baten inguruan elkartzea, batez ere goizean. Lagunaren berri izan, harekin momentuaz gozatu...», esan du Pedrozok. Zurrutada bat eman dio azukre gabeko hutsari, eta Gonzalezek hitza hartu du: «Eguneratzeko eta lagunaren berri izateko gustatzen zaigu kafearen bueltan elkartzea». Zurrutada eman dio ebakiari, aurrez «bi gramo azukre» bota eta gero.

Erritu bera errepikatzen da beste hainbat tokitan ere, hala nola Donostiako Tabakalerako Taba kafetegian. Jesus Mari Zabalza eta Natxo Castellanos terrazan eserita daude, kafesne bana mahai gainean dutela. Erretiro aurreratua hartu berri du Zabalzak, eta, lehen bezala orain, ohitura finko bat dela kontatu du: «Eten txiki bat egiten genuen lanean, deskonektatzeko: hiruzpalau lankide elkartu, kafea hartu, lanarekin zerikusirik ez duten gauzei buruz hitz egin... eta, gero, berriro lanera buelta. Orain, berriz, kalera ateratzen naiz, kafe bat hartu, lasai egon, egunkaria edo telefonoa hartu, tarte batean egon...».

Alaitz Pedrozo eta Jon Gonzalez
Alaitz Pedrozo eta Jon Gonzalez, Gasteizko El Mentironen. Unai Etxenausia

Yolanda Perezek eta Alazne Garciak ez dute elkarrekin kafea hartzeko ohiturarik, baina El Mentiron tabernan elkartu dira, aspaldiko partez. Ikastolako irakasleak dira, eta tarte bat bilatu dute elkarrekin egoteko, kafe bat hartzeko aitzakiarekin. «Ez gara askotan gelditzen; noizbehinka. Halere, lagunak gara, eta gustatzen zaigu elkarrekin egotea, eta kafea hartzea», azaldu du Perezek. Gozozaleak dira biak, batak azukrea eta besteak sakarina bota baitiote kafesneari. Baina konpainia da benetan gozoa dena, Garciarentzat lagunekin hartzen diren kafeak baitira «onenak».

Kafea ez da beti konpainian hartzen den zerbait, ordea. Aitzitik, norberaren bakardadean lagun izan daiteke. Virginia Etxarrik, adibidez, «martxan jartzeko» baliatzen du kafea hartzeko momentua, eguna gogoz hasteko: «Askotan, lanera etorri baino lehenago hemendik pasatzen nintzen, eta eguna alaitzen zidan kafea hartzeak. Edari soziala da, baina nik bakarka ere oso gustura hartzen dut». Erretzaileek zigarreta batekin laguntzen dute kafea; erretzaile ez direnek, aldiz, beste zerbaitekin. «Bakarrik nagoenean, liburu batekin gozatzen dut kafea», azaldu du Pedrozok.

"Zerbait psikologikoa izan daiteke kafe nahia, dependentzia moduko bat, baina egunero behar dut"

Jon Gonzalez. El Mentironeko bezeroa


Zapore gorenaren bila

Donostiako Taba kafetegira edo Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazako Cafe Dublinera «kafea bereziki ona» delako joaten dira betiko bezero asko. Hala adierazi dute bi establezimenduetako zerbitzariek. Horretarako, «parametro zehatzak» erabiltzen dituzte Taban, kaferik ez alferrik galtzeko. Pisu txiki bat atera du Mikel Benitez kafetegiko langileak, eta gramoz gramo hasi da horiek neurtzen: «Teknika honekin, kafea gramoka pisatzen dugu. Bi kafe ateratzeko, adibidez, 13,6 kafe gramo behar ditugu. Kafe baterako, berriz, zazpi gramo, batez beste».

Dario Chaverra Cafe Dublineko zerbitzariak badaki gramo bakoitzak zenbat balio duen. Izan ere, kolonbiarra da, eta, zerbitzari ez ezik, kafe aleen biltzaile izan zen 25 urtez. Gasteizen kafe ona zerbitzatzen dela nabarmendu du, eta badu kafeak behar bezala zerbitzatzeko sekretu bat: «Maitasun asko, eta gogoa. Beste barik». Ohiko bezero asko dituztela esan du, batez ere gosaltzera joaten direnak. «Jende asko ibiltzen den leku batean dago kafetegia, eta jende berri asko etortzen da egunero».

Dario Chaverra
Dario Chaverra, Cafe Dublin kafetegiko zerbitzaria. Unai Etxenausia

Taban, berriz, espezializazioa dute estrategia fideltasuna lortzeko: zortzi kafe mota dituzte eskuragarri, eta bakoitzak bere kafe errota dauka barran: Mexiko, Papua Ginea Berria, El Salvador, Etiopia, Peru... irakur daiteke txarteletan. Astero aldatzen dituzte jatorriaren araberako kafeak, eta badituzte aldatzen ez dituzten pare bat ere, Benitezek kontatu duenez: «Kafearen kultura zabaltzea da gure asmoa, eta jendeari erakustea, eskaintza zabaltzeko. Kafea egunero hartzen dugun produktu bat da; egunerokotasun horretan, konturatu gabe, jendeak findu egin du ahosabaia».

"Kafea ardoa bezalakoa da: ez da botatzen; norbaitek kafea hartu nahi ez badu, nik hartuko dut"

Dario Chaverra. Cafe Dublineko zerbitzaria

Ez da erraza kafean espezializatutako espazio bat sortzea, ordea, Benitezen hitzetan. Izan ere, Taba kafetegiak hiru ate ditu, eta eraikineko langileak, trenetik datozen bidaiariak edo Donostian dabiltzan bezeroak izaten dituzte, bakoitza bere lehentasun eta gustuekin. Haien «identitateari eustea» da gakoa, jendeari egiten duten lanaren berri emanez.

Eta aitortzen diete hori bezeroek. Pilar de la Serna eta Anna Ferrer, adibidez, Tabakalerako langileak dira, eta, eskura dutelako joaten hasi baziren ere, kalitateagatik errepikatzen dute lekua. «Oso kafe ona» egiten dutela esan du De la Sernak, eta Ferrerrek, berriz, eredutzat dauka bertako kafea: «Orain arte ez nuen kaferik hartzen, ez zitzaidalako gustatzen; hemen deskubritu dut kafea, nolabait. Eta, hemendik kanpo, antzekoa izatea bilatzen dut: leuna izatea, adibidez».

Jendearen lehentasunak

«Kafe bat, hutsa ta doblea, gaur ez dut ametsik egin nahi» dio Berri Txarrak-en Biziraun kantu ezagunak. Izan ere, batzuek esna mantentzeko baliatzen dute kafea, eta besteei loa lapurtzen die. Eguneko kafeina kantitatea txikitu du, adibidez, Garciak; goizekoa hartzen du soilik. Gonzalezek eta Pedrozok, berriz, bi edo hiru hartzen dituzte. «Zerbait psikologikoa izan daiteke kafe nahia, dependentzia moduko bat, baina egunero behar dut», gaineratu du Gonzalezek.

Castellanosek, berriz, hiruzpalau hartzen ditu egunean, baina, arratsaldetik aurrera, ez hartzen saiatzen da, loa ez eragozteko: «Nik ere hiruzpalau kafe hartzen ditut egunean. Arratsaldean, goiz samar geratuta banago, batzuetan hartzen dut bigarrena, baina normalean ez hartzen saiatzen naiz». Ferrerrek eta De la Sernak ere saihestu egiten dute arratsaldean hartzea. «Ez, ez, ez, hau da azkena», onartu du barrez Ferrerrek, ordularira begiratu eta ordu bata dela ikusita.

"Askotan, lanera joan aurretik hemendik pasatzen nintzen, eta eguna alaitzen zidan kafea hartzeak"

Virginia Etxarriz. Taba kafetegiko bezeroa


Finean, edari bat baino gehiago da kafea jendearentzat, eta baita Chaverrarentzat ere, haren bizitzaren zati garrantzitsu bat baita. Haren ohituretan nabari daiteke, lau edo bost hartzen baititu egunero, eta ez diote loa kentzen. Kafea badago, edango du, zalantza barik: «Kafea ardoa bezalakoa da: ez da botatzen; norbaitek kafea hartu nahi ez badu, nik hartuko dut».

Anna Ferrer eta Pilar de la Serna
Anna Ferrer eta Pilar de la Serna, Taba kafetegiko kafe bat hartzen. Ane Insausti Barandiaran