Material kritikoak

Lur arraroak. Motor elektrikoak, haize errotak, eskuko telefonoak, laserrak... Oinarrizko aparatuak egiteko erabiltzen diren lur arraro gehienak Txinak ustiatzen eta prozesatzen ditu, baina nagusitasun hori gutxitu nahian dabiltza besteak.

Ez lur, ez arraro, baina bai Txinako

Trantsizio energetikorako giltzarri diren lehengai guztien artean bada arreta ematen duen bat, besterik ez bada, bere izenak zientifikotik ezer gutxi duelako: lur arraroak. Berez arraroak ez diren elementu kimikoak dira, eta, ezer izatekotan, arraroak haien izenak dira: gadolinioa, europioa, preaseodimioa.... Lurrak ere ez dira; lur deitzen zaie lurrazalean beste elementu batzuekin nahastuta agertzen direlako eta horietatik bereiztea prozesu zaila delako.

Baina badute arrarotzat jo daitekeen ezaugarri bat: herrialde bakar batek haiengan duen nagusitasuna. Herrialde hori Txina da. Hark ditu munduko erreserben herenak, eta gaur egungo ekoizpenaren ia %70 egiten du, baina %95 ere izatera iritsi zen, 2010ean. Nagusitasuna ia erabatekoa da mineral horiek industriarentzat baliagarri egiteko gaitasunean: fintze prozesuen %85 egiten ditu. Txinatik kanpo lau fabrika baizik ez daude: Malaysian, Frantzian, Indian eta Estonian. Baina horiek lur arraro arinak (LREE) baizik ez dituzte tratatzen, eta Txinan daude lur arraro astunak (HREE) fintzen dituzten fabrika bakarrak. Hori hala da, neurri batean, erreserba inportanteenak han daudelako.

Nagusitasun hori ez da aspaldikoa. 1990eko hamarkadaren erdialdera arte AEBak ziren lur arraroen ekoizle nagusia, eta gaur ere %13ko kuota dute. Hori bai, Txinako erreserba frogatuak AEBetakoak halako hogei dira.

Pekingo gobernuak diru eta denbora asko inbertitu du lur arraroetan, eta bere helburu politikoetarako erabili du lur arraroetan duen nagusitasuna. 2010ean, merkatua ia osorik kontrolatzen zuenean, Japoniarako esportazioa etetearekin mehatxu egin zuen. Horrela zigortu nahi zuen Japoniak arrantzale txinatar batzuk atxilotu izana; Senkaku uharteetan gertatu zen, Japoniak eta Txinak berentzat aldarrikatzen duten inguru batean.

Garai horretan Japoniak ez zuen lur arraro asko inportatzen (154 milioi dolar), baina ezinbestekoak ziren industria batzuentzat. Kaltea oso handia izan zitekeela ikusita, Tokiok arrantzaleak askatu zituen.

CEPR zentroaren ikerketa berri batek ez du aurkitu debekua indarrean jarri izanaren daturik, baina ez zen beharrezkoa izan. Mehatxu soilak balio izan zuen hainbat gobernu ohartzeko menpekotasun handia zutela Txinarekiko eta haien kontra bihurtu zitekeela. Horregatik, lur arraroak beste herrialde batzuetan ustiatzeko lasterketa hasi zen. Horrek ekarri du orduz gero bikoiztu egin dela lur arraroen ekoizpena, eta Txinaren merkatu kuota %98tik %66ra jaitsi dela 2010etik 2022ra. Baina tratamenduan ez da aldaketarik gertatu: %85 oraindik Txinan fintzen dira, besteak beste, han daudelako material horiek erabiltzen dituzten produktuen fabrikak.

2010etik Txinaren kuota %98tik %66ra jaitsi da, baina fintzean ez da aldaketarik: %85 Txinan egiten dute


Orain, 2010ean mehatxu bat baizik ez zena errealitate bihurtzeko beste aukera bat dago. Hedabide batzuek aurreratu dutenez, Txinako Gobernua aztertzen ari da AEBetara eta haren aliatu batzuetara lur arraroak esportatzea debekatzea. Horrela erantzun nahiko lioke AEBetako Gobernuak teknologia handiko mikrotxip batzuk Txinan saltzeari jarritako debekua.

Pekinen zigorra indarrean jarriko ote den ikusteko dago, eta haren eragina ere zalantzazkoa da —lur arraro gutxi tratatzen dira AEBetan—, baina material horien inguruko tentsioa nabaritzen da, eta horrek eragiten du espektatiba handiak sortzea haien inguruko iragarpenak egiten direnean.

Horrela gertatu zen urtarrilean, LKAB Suediako meatzaritza enpresa publikoak iragarri zuenean Kiruna hiritik hurbil (Laponia) aurkitu zuela Europako lur arraroen biltegirik handiena izan daitekeena. Lehen kalkuluen arabera, Per Geijer izeneko biltegiak milioi bat tona lur arraro gorde ditzake. Oso pozik azaldu zen Jan Mostrom LKABeko burua: «Lur arraroak derrigorrezkoak dira trantsizio berderako; meategirik gabe, ezin dira ibilgailu elektrikoak egin».

Samien kexuak

Itxaropen handia sortu zuen iragarpen horrek Europako Batasunean, Txinarekiko menpekotasuna gutxitzeko oso baliagarria izan zitekeelako. Europako Batzordeko ordezkariak ere Kirunan izan dira, aurkikuntzaren garrantzia nabarmentzeko.

Baina errealitatea egoskorra da, eta esaten du LKABena proiektu bat baizik ez dela, eta oraindik hesi asko dituela gainditzeko. Batetik, Laponiako herritarrena. Hango jatorrizko biztanleek, samiek, salatu dute elur oreinen ohiko bazkalekuak txikituko dituela meategiak. Zehazki, Per Geijer ustiatzeak pasabidea itxi diezaieke elur oreinen migrazioari, handik oso gertu dagoelako Kirunako burdin meategi erraldoia, Europako burdin mearen %80 hornitzen duena.

EBn meategiak zabaltzeko baimenak azkartzea da lehengai kritikoen legegaiaren neurrietako bat


Litekeena da samiek afera auzitegietara eramatea, eta, epaileek haien protesta onartuko ez balute ere, ingurumen eta ustiakuntza baimenak ematea prozesu oso luzea izan daiteke. Hamar-hamabost urte izan daitezke, baina Suediako Gobernuari eta EBri prozedurak bizkortzeko eskatu die LKABek.

Hain zuzen ere, EBn meategiak zabaltzeko baimenak azkartzea da martxoan Ursula von der Leyenek aurkeztutako lehengai kritikoen legegaiak proposatzen dituen neurrietako bat. Haren helburua da EBn bertan ustiatzea behar dituen mineralen %10, eta haien fintzearen %40 berreskuratzea. Halaber, lehengai bakoitzean hornitzaile bakar batek ez betetzea beharren %65.

Helburu handinahiak dira, baina ez dira gutxi xedeak egingarriak ez direla esan dutenak. Lehenik eta behin, meategien aurkako erresistentziengatik eta EBk berak finkatutako ingurumen baimenengatik. Bada beste oztopo bat: gaur egungo hornitzaileak. Gero eta gehiagok eskatzen dute balio katean gora egitea, eta ez lehengaien hornitzaile soilak.

Lur arraroak

Zer dira lur arraroak?
Hamazazpi elementu kimikoz osatutako talde bat da. Eskandioa (Sc), itrioa (y) eta lantanidoen taldeko hamabostak: lantanoa (La), zerioa (Ce), praseodimioa (Pr), neodimioa (Nd), prometioa (Pm), samarioa (Sm), europioa (Eu), gadolinioa (Gd), terbioa (Tb), disprosioa (Dy), holmioa (Ho), erbioa (Er), tulioa (Tm), iterbioa (Yb) eta lutezioa (lU). Berez, ez dira lurrak; lur deitzen zaie lurrazalean beste elementu batzuekin nahastuta agertzen direlako, ezohikoak diren mineraletan. Arraroak ere ez dira: baina arraro deitzen zaie bereizteko edo prozesatzeko oso zailak direlako

Zertarako erabiltzen dira?
Itrioa LED pantailak eta laserrak fabrikatzeko erabiltzen dute; lantanoa, baterietan, katalizatzaileetan eta beira optikoetan. Neodimioa da motor elektrikoetarako eta turbina eolikoetarako imanen elementurik garrantzitsuena. Gainera, praseodimioa, europioa, gadolinioa, disprosioa eta gisa horretako beste elementu batzuk ere oinarrizkoak dira hainbat aplikazio teknologikotan. Neodimioaren eta samarioen arteko aleazioak tenperatura handiei aurre egiten dieten imanak egiteko erabiltzen dituzte.

Niclas Poitiers, Bruegel institutuko ikerlaria

«Txinarekiko benetako menpekotasuna tarteko osagaietan dago»

Lehengaiek Europako gobernuen eta hedabideen arreta erakartzen dutela onartu du, baina ohartarazi du horietatik gutxi inportatzen direla

Niclas Poitiers, Bruegel institutuko ikerlaria
Niclas Poitiers, Bruegel institutuko ikerlaria. Bruegel Institute

Bruegel institutuaren barruan nazioarteko merkataritza eta digitalizazioa aztertzen ditu Niclas Frederic Poitiers ekonomistak (Hanburgo, Alemania, 1992). Lehengai kritikoetarako Europako Batasunak duen politika aztertu berri du, Marie Le Mouel lankidearekin batera.

Lehengaiak ziurtatzeko borroka al da hurrengo urteotako lehia geopolitiko nagusia?

Nagusietako bat, bai. Hori argi ikusi da Errusiak Ukrainari eraso egin zionean. Europako Batasuna oso urduri jarri zen horniduren kontuagatik. Jendea ohartu zen energia garbietan Europak menpekotasun handia zuela Txinarekiko.

Abantaila hartu al du Txinak?

Bai, argi eta garbi. Esparru batzuetan Txina hornitzaile nagusia da. Esaterako, eguzki paneletan eta autoen baterietan, eta horiek egiteko lehengaien kontsumitzaile handiena ere Txina da, beharrezkoak dituelako aparatu horiek egiteko.

Litioa, esaterako, ez da derrigorrez Txinatik ateratzen —litioaren zati handi bat Australiatik dator—, baina lehengai hori Txinara eraman ohi dute, han findu dezaten. Kasu batzuetan monopsonio bat dago [produktu batek erosle bakar bat izatea], Txinak egiten duelako haien eskariaren zatirik handiena, eta horrek eragin politikoa ematen dio; merkatua baldintzatzen du, eta hori tresna geopolitiko bat da. Hori gertatzen da Kongon, kobaltoarekin, baina baita Australian ere, eta hori arazo bat da.

Hortaz, europarrentzat galdera bat da nola libra gaitezkeen mendekotasun horretatik, baina baita ere zer ondorio dituen Afrikan edo beste lehengaien hornitzaileetan dagoen politikak.

Nola lortu du Txinak hainbesteko nagusitasuna lehengaien tratamenduan?

Txinak nagusitasun handia duelako produktuaren manufakturan. Begira eguzki panelei: Europan ia ez dira ekoizten. Eta baterietan, gauza bera. Baina bada beste zerbait: Europak Asia ekialdera eta Txinara eraman ditu bere hornidura kateen lehen atalak, balio gehigarri txikikoak direlako. Esaterako, Europako autogileek nahiago izaten dute osagai batzuk inportatu, haiek ekoitzi baino. Balio txikiko osagaiak dira, eta Europako soldatak handiegiak dira horiei etekina ateratzeko. Horregatik, nahiko gauza naturala da produktuak fintzeko gaitasuna ere Txinan egotea.

Arreta handia erakartzen dute lehengaiek, baina horietatik oso gutxi inportatzen ditugu, ez baitago haien eskaririk. Benetako menpekotasuna tarteko osagaietan dago. Noski, Txinako Gobernuak baditu politika zehatzak arlo horretan, baina lehengaietan fokua jartzeko estrategiak funtzionatzen die merkatuaren abantailak dituztelako.

"EBko lehengai kritikoen legeak helburu handiak ditu, baina litekeena da ezer ez gertatzea, oso garestia baita"


Zer egin beharko luke EBk?

Atal horretan berri onak eta txarrak daude. Txarra da menpekotasun handia dagoela Txinarekiko; ona, berriz, hainbat aldiz handitu behar dugula material horien ekoizpena geure produkzio helburuak bete ahal izateko. Meategi asko ireki behar ditugu, fintzeko fabrika asko, eta horrek aukera handiak ematen dizkigu; gaitasuna asko handitzen badugu, geure hornikuntza katea dibertsifikatuko dugu, Txinaren gaitasunari kalte egin gabe, eta harekin gatazketan sartu gabe.

Galdera da nola bultzatu hori. Uneotan, Europan eztabaida oso barrura begirakoa da: asko hitz egiten da gaitasuna handitzeari buruz. Lehengai kritikoen legeak helburu handiak ditu materialen fintzeari buruz, baina oso litekeena da halakorik ez gertatzea, oso garestia delako eta arlo horretan ez dugulako abantailarik. Hortaz, estrategiak nazioartekotzea izan behar du, begiratzea Txinan ez bada nondik atera daitezkeen lehengai horiek. Barrura gehiegi begiratzen badugu, arriskua dago bazterrean uzteko lehengai horiek hornitu gaitzaketen herrialdeak; alienatu ditzakegu esanez ez gaudela interesatuta haien garapen ekonomikoan.

Txileri buruz ari zara?

Esaterako. EBren arazoa da bere esku dituen tresnak erabiltzeko zailak direla. Txilerekin harremanak handitzeko bidea merkataritza itun baten bitartez da; hau da, haren ekoizpenei lehentasunezko sarbidea ematea, handik inportatzea merkeagoa izan dadin Txinatik egitea baino. Arazoa da dagoeneko muga zergarik ez dagoela, edo oso txikiak direla inportatu nahi ditugun produktu horietan. Muga zergak jartzen dira babestu nahi diren industriak babesteko, eta kasu honetan ez dago babestu nahi dugun industriarik. Horrek esan nahi du ezin diegula enpresei ezer eskaini Txileko lehengaiak erabiltzeko eta ez Txinakoak. Hori ez du egingo Txilerekin egin nahi den merkataritza itunak, baina, ordea, Txileko merkatua irekiko du Europako konpainientzat. Errazagoa izango da Europako enpresentzat Txilen inbertitzea, Txilen bertan meategiak zabaltzea.

Baina hori baino interesgarria da inbertsiorako laguntza. Europe Global Gatewayren bitartez, herrialde horiek lagundu ditzakezu azpiegiturak eraikitzen, fintzeko gaitasunak han egin ditzaten. Horrelakorik ez dugu ikusi oraindik, baina ez du esan nahi ez dugula ikusiko.

"Oso erraza da gobernutik oso gertu daudenentzat eta oligarkentzat patrikak betetzea meategietatik"


Zergatik geratzen da motz lehengai kritikoen legea?

Nik uste dut bi arrazoi daudela. Batetik, barne araudi bat da, bere merkatua nola arautu esaten du. Bestetik, helburu handinahiak ditu, baina oso zaila da horiek betetzea, baldin eta ez badituzu pizgarri asko ematen hala gerta dadin. Eta ez dirudi meatzaritza enpresak horretan ari direnik, ekonomikoki ez baitauka zentzu handirik. Baimenak bizkortuko direla esaten du, baina burokrazia ez da traba nagusia.

Lehengaiak ziurtatzeko borroka aukera ala arazoa da herrialde pobreentzat?

Ez dago batere garbi. Alde batetik, aukera bat da, noski, lehengai gehiago behar ditugulako eta inbertsioak eraman ditzakeelako hara. Baina askotan halako kasuek ez dute ekarri garapen ekonomiko bat. Hori da ekonomistek «baliabidearen madarikazioa» deitzen dutena. Meatzaritzarako ez dituzu langile asko behar; behar duzun bakarra da errepide bat meategitik portura. Oso erraza da gobernutik oso gertu daudenentzat eta oligarkentzat patrikak betetzea meategitik, eta ez arduratzea gainontzekoaz.

Horregatik da fintzearena hain garrantzitsua. Lor dezakegu fintze horrek balio erantsia gehitzea meategiak dauden herrialdeetan, meategiek dakartzaten enplegu apurrak gorabehera. Gertatuko balitz, istorio positiboa izango litzateke.

Eszenatokirik okerrena da baliabideak ustiatzeko lasterketa bat; herrialde horien gaineko lehia geopolitiko batekin, Gerra Hotz baten modukoa izango litzateke. Ez dut uste hor gaudenik, ez dut uste bide horretan goazenik, baina merkatu borroka bat gertatzeko arriskua dago.

Serie honetako beste atal batzuk