Berria.info | Martin Ugalde (1921-2004)
 
   
ETXEKOEN OMENALDIA: Andoaingo Udalak Seme Kutun izendatu zuen 1997an Martin Ugalde. Lagun eta euskaltzale ugari agertu ziren omenaldira, Ugaldek urteetan egindako lanaren errekonozimendu gisa. Anamari Martinez Urreiztieta emaztearekin ageri da argazkian.
 
 
«Izan dut dirua irabazteko aukera, baita politikoki diputatu izatekoa ere, baina, aizu, nik ez nuen hori behar. Nik banekien zein zen nire bidea»
 
 
ERBESTEKO EUSKALDUNA: Argentinako presidente General Aranbururekin Caracasko Euskal Etxean, 1959an. Ugalde Euskal Etxeko kide egin zen iritsi bezain pronto, eta hango lehendakari izan zen bi urtean.
 
 
«Estatu handi eta kultura indartsu bateko seme izan banintz, ez nuen lanera itzultzeko hain gogo larria izango»
 
 
FAMILIA ABERTZALEA. Ugaldetarrak Lasarteko euskal jaian, 1926 inguruan: Pello Ugalde aita, Anttoni Orradre ama, Martin (erdian) eta Joseba anaia. Sehaskatik bertatik jaso zuen euskaltzaletasuna eta abertzaleta-suna.
 
 
 
::: Biografia
Kazetari, idazle eta politikari abertzale eta euskaltzalea herrigintzan eta euskalgintzan eragile isil baina eraginkorra izan da. 82 urte zituela zendu zen

:: Itzulera baten historia

Joan nintzenez gero itzuleran pentsatzen abiatu nintzen. Euskadin lan egin behar nuela pentsatu nuen beti, eta horretarako prestatu». Martin Ugalderena (Andoain, 1921-Hondarribia, 2004) itzulera baten historia izan da. «Nik esan izan dut, Euskal Herria martirizatuaren ordez, Ipar Amerika edo Britainia Handia edo beste herrialde handi bat utzi izan banu, nire utzitakoarenganako errespontsabilitatea ez zela berdina izango».

Espainiako gerrak eta ondorengo erbesteak goitik behera erasan eta markatu zuen Ugalderen bizitza. Venezuelan 22 urte egin zituen. Kazetari ezagutua izatera iritsi zen han, lanpostu ona erdietsi zuen, hiru seme-alaba jaio zitzaizkion, gurasoak bertan zituen, eta, horregatik guztiagatik, bizitzaz lasai gozatzeko tenorea gertu zuela zirudien, baina justu orduantxe Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu zuen. 1969a zen eta 48 ute zituen. Erbesteari itzulbidea bilatu zion, Euskal Herriarekiko engaiamenduak bultzatuta. Atzo, Hondarribiko bere etxean hil zen, 82 urte zituela, azken urteetan larritzen joan zitzaion gaixotasun batek jota.

Hamabost urte zituela harrapatu zuen Ugalde 36ko gerrak, Andoainen. «Gerrak mundua aldatu zidan», esan izan du, eta nola aldatu gainera. Aita EAJko zinegotzia zuen eta mendira alde egin behar izan zuen. Ugalde, berriz, Joseba anaia gazteagoarekin eta amarekin Hernanira joan zen. Frantziara joan behar izan aurretik Donostia, Zumaia, Mundaka eta Bilbo izan zituen bizileku eta gordeleku.

Erbestearen semea

Bilbotik bi anaiak Santanderrera egin zuten eta han bakoitzak intsasontzi bana hartu zuen: anaia, Sobiet Batasunera zihoana; Ugalde, Frantzia zuena helmuga. Gurasoek Bartzelonara egin zuten. Orduantxe sakabanatu zen familia, Frantziarako ontzia hartzean, eta ez zuten elkar ikusiko hurrengo hamar urteetan. Frankoren tropak Bartzelonan sartu zirenean aita Lleidan zen eta handik ozta-ozta lortu zuen Frantziara alde egitea. Amak Andoainera egin zuen. Ez etxe, ez ondasun, herria frankistek gobernatzen zutela, senitarteko batek hartu zuen etxean. Ugalde aitarekin bildu zen Donibane Garazin, harik eta aitak 1939an Venezuelako itsasontzia hartu zuen arte. Aita Bidasoaren alde batean eta ama bestean zirela agurtu zuten elkar.

Ugalderen erbestea Chateau Chinon hasi zen. Urtebetera erbesteko Eusko Jaurlaritzaren eskutik Donibane Garazira joan zen eta han La Citadelle deituriko eskolan hasi zen ikasten. Ondoren Donibane Lohizunera joan zen ikasketekin jarraitzera. Han Agustin Zumalabe matematikari eta euskaltzale ezaguna, Joxemiel Barandiaran etnografoa, Jose Zabalo Txiki marrazkilaria eta Andoni Arozena kazetaria izan zituen, besteak beste, irakasle.

Aita ordurako Capbretonen zen eta jada buruan zuen Caracasera joatea. 1939an egin zuen itzulbiderik gabeko bidaia hori. Hara iritsi orduko erreklamatu zuen semea. Martinek Jaurlaritzaren bitartez lortu zuen Marsellatik irten behar zuen ontzi baterako pasajea. Baina Alemanek Frantzia hartu zuten eta Ugalde Gurseko kontzentrazio eremura eraman zuten. Betirako gorde zuen hango oroitzapena: gosea, hotza, hezetasuna, miseria, jendea trumilka pilatuta. Baina baita hurrengo hau ere: «Hor ikusi nuen poesiak esaten jendez inguraturik Rafael Alberti».

Gursen hilabete egin zuen. Han zen Iñaki Azpiazu apaizaren bitartez lortu zuen handik irtetzeko baimena Carasastik erreklamatzen zutelako. 1940ko ekainaren 24an egotzi zuten kontzentrazio eremutik. Frantziako Polizia joan zitzaion bila orduan: alemaniarren armamentu fabrika batean lanean hasi edota Andoainera itzuli, Horixe jarri zioten aukeran. 1940ko urrian igaro zuen hegoalderako muga.

Andoain dena aldatua zegoen. Urte gogorrak izan ziren, Ugalde nazionalista, separatista eta gorria zelako askorentzat. Ezagunek, askok, ikusi orduko kalean beste aldera egiten zuten hura ez agurtzeko. Beldurraren beldurrez. Halakoa zen errepresio giroa. Lanik inork eman nahi ez. Aitarena izandako aroztegira joan zen lan eske, baina ezezkoa jaso zuen. Laborde torloju lantegi handian eman zioten lana azkenik, leihoak jartzen.

Venezuela, beste aberria

1942an soldaduskara joatea tokatu zitzaion, Marokora. Hiru urte egin zituen han. Handik itzuli eta gogo zaharra berritu zitzaion: Venezuelara aitarengana joatearena. Ordurako Diario Vasco egunkarian Andoaingo kronikak idazten zituen, eta Laborde fabrikako administrazioan zebilen lanean. Burokrazia handiari aurre egin eta gero pasaportea lortu eta 1947ko irailaren 30ean hartu zuten berak eta amak Venezuelarako ontzia. Aste pare bat zen Anaia Joseba hara iritsia zela, ezkondua eta seme txiki batekin. Hamar urteren ondoren, han elkartu zen familia berriro.

Venezuela Ugalderentzat askatasunaren lurra izan zen, ukatu zioten aberriaren ordezkoa. Beste aberria. Etorkizunerako bidea zabal eskaintzen zion herria. Han eman ahal izan zion bidea barneko arrari: idazteari. 26 urte zituen. Euskal jatorriko lagun batek Elite aldizkarian lan egiteko eskaintza egin zion, eta hilabete gutxira hartu zuen aldizkariko zuzendaritza.

Lana lepo zuen. Egunero bi pakete zigarro erretzen zituen. Lasaitasun pixka bat hartzeko asmoz Estatu Batuetara joan zen ingelesa ikastera. Itzuleran, 1952an, ezagutu zuen Anamari Martinez Urreiztieta, Euskal Etxera iritsi berri zen neska, eta hiru urtera ezkondu ziren.

Creole Petroleum Corporation petrolio enpresa handiak —22.000 langile zituena–– argitaratzen zuen Nosotros aldizkaria zuzentzeko eskaintza jaso zuen urrena. Literaturarako denbora uzten zion lan berriak eta berehala eman zuen horrek emaitza: El nacional egunkariak antolatutako ipuin lehiaketa entzutetsua irabazi zuen Un real sueño sobre un andamio lanarekin.

Hor hasi zen bizitzen hamar urte lehenago amets batean baino ikusi ezin zezakeen bizitza. Anaia Josebak hiru etxebizitzako etxea eraiki zuen familiarentzat, eta han jarri ziren bizitzen denak. Andoain izena jarri zion aitak etxeari, jendeak non bizi zen galdetzen zionean Andoainen bizi zela esan ahal izateko. 1956an jaio zen lehen semea: Unai; urtebetera alaba: Miren Itxaso.

Estatu Batuetan kazetaritza master bat osatu zuen bi urtez, eta Venezuelara itzuli eta hango unibertsitatean jardun zuen irakasle. Creoleko argitalpenen buru izendatu zuten berehala, eta orduan hasi zen El farol kultur aldizkaria zuzentzen, berau zen Venezuelako kultur argitalpenik entzutetsuena. Izendapen horrekin eta El nacional egunkarirako erreportaiak eta ipuinak idatziz, Venezuelan oso ezagutua izan zen.

EAJn klandestinitatean lanean

1964an jaio zen bigarren alaba: Miren Ainara. Umeak koskortzen hasi zirela-eta euskarazko ume ipuinak hasi zen idazten. Seme-alabak euskaldun nahi zituen ororen gainetik, emaztea euskaldundu zuen bezala. Eta pentsamendu horrekin berebiziko erabakia hartzeko tenorea iritsi zitzaion: seme-alabak euskaldun nahi bazituen, Euskal Herrira itzuli beharrean zen. Orduan edo inoiz ez. 1969a zen.

Emaztea eta seme-alabak bidali zituen aurretik. Anamari Martinezek orduan zapaldu zuen lehen aldikoz Euskal Herria, erbestean jaioa baitzen. Ez ziren garai errazak izan familiarentzat. Hondarribian jarri ziren bizitzen. Emazteak Ugalderi etortzen utz ziezaioten baimena lortu arteko onik ez zuen izan. Baldintza bakarra jarri zioten: politika kontuetan ez sartzeko inondik inora.

Ziurrenik gehiago zen Martinek Venezuelan uzten zuena Euskal Herriak eskaintzen ziona baino. Baina badira albora utzi ezin daitezkeen engaiamenduak: Martinek herrigintzarekin sentitzen zuena, horren adibide.

Itzuli zen, baina ez zengoen geldi egoteko. Berehalaxe hasi zen klandestinoki lanean: EAJren Alderdi aldizkaria zuzentzen, lehenengo. Alderdian gero eta pisu handiagoa zuela, erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Joseba Rezola hil eta haren postua betetzeko deitu zuen Leizaola lehendakariak. 1973an Hegoaldetik igorri egin zuen Poliziak. Hiru urte egin zituen Donibane Lohizunen. Han hasi zen Síntesis de la historia del Pais Vasco liburua idazten, ukatutako historia berreskuratzeko asmoz. Eduardo Txillidari egindako elkarrizketa liburua eta beste hasi zen argitaratzen.

Franco hil ondoren itzui zen Hondarribira, 1976an. Lehen lerroko politikagintza albora utzi eta idazten hasi zen buru-belarri. Deia egunkaria sortzeko lanetan ere hartu zuen parte, eta zuzendariorde izateaz gain euskarazko erredakzioaren ardura hartu zuen. 1982an Carlos Garaikoetxea lehendakari zela Eusko Jaurlaritzako Euskarazko Arazoetarako zuzendari nagusi izendatu zuten.

Euskaldunon Egunkaria-ren arima izan zen. Betiko ametsa zuen euskara hutsezko egunkari bat sortzearena, eta Joxemi Zumalabe eta Joan Mari Torrealdai, besteren artean, lankide izan zituela heldu zion egitasmoa alderdi eta erakundeei aurkeztu eta sostenguak lortzeko lanari. Administrazio Kontseiluko Lehendakari izan zen hasieratik, harik eta osasun arazoak tarteko utzi zuen arte. Bere azken aldiko egitasmorik handiena izan zen Egunkaria, baita kutunena ere. Azken urteetan egindako lanaren aitortza etortzen hasi zitzaion: Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen, Andoaingo Udalak Seme Kutun eta Euskal Herritar Unibertsal Eusko Jaurlaritzak, besteak beste.

Euskarazko egunkariaren lorpenak guztiak, hala ere, zorigaiztoko bukaera izan zuen: Juan del Olmo epaileak egunkaria itxi, zortzi lagun atxilotu, eta Ugalde auzipetu zuen ETArekin nahastuta. Amesgaizto zaharrak berritu zitzaizkion. Anamari Martinez emazteak Euskal Herrian beti segurtasun falta sumatu dutela esan zuen orduan. Herriaren eta hizkuntzaren alde dena emanda ere ezin izan zen lasai bizi. Ugalderen hitzak dira hurrengoak: «Niri ez zait maitasuna ematea ezer kosta. Dena irabazia izan da. Eta Ugalde herriarentzat debalde izan da, nik uste». Euskal Herria zorretan utzi du.

 

:: Biografia

1921: Andoainen jaio zen.
1936: Gerra piztu eta ihesi abiatu ziren ugaldetarrak.
1937: Frantziara alde egin zuen amarekin.
1940: Alemanek Frantzia hartu eta Ugalde Gurseko kontzentrazio eremura eraman zuten.
1940: Andoainera itzuli zen.
1947: Caracaserako itsasontzia hartu zuen, familiarekin han elkartzeko.
1947: EAJn afiliatu zen.
1948: Caracasko Eusko Gaztedi sortu zuen.
1949: Elite aldizkarian hasi zen lanean.
1951: Nazionalitate venezuelarra hartu zuen.
1952: Ingelesa ikasi zuen Michigango
Unibertsitatean.
1954: Creole Petroleum Corporation enpresaren Nosotros aldizkariko zuzendari egin zuten.
1955: Anamari Martinez Urreiztietarekin ezkondu zen, Zurichen.
1957: Lehen ipuin bilduma argitaratu zuen.
1959: Caracasko Euskal Etxeko lehendakari izan zen bi urtean.
1959: Iltzalleak ipuinarengatik Urrezko Domina eman zion Agirre lehendakariak.
1960: Iritzi publikoari buruzko bi urteko masterra egiten hasi zen Estatu Batuetan.
1967: Emaztea eta seme-alabak Euskal Herrira bidali zituen.
1967: Caracasen, unibertsitatean irakasle hasi zen.
1969: Euskal Herrira itzuli zen.
1969: Zeruko Argia-ko taldean sartu zen.
1971: EAJren Alderdi aldizkari klandestinoaren zuzendaritza hartu zuen.
1972: Leizaola lehendakari zela, Eusko Jaurlaritzako kontseilari izendatu zuten.
1973: Euskaltzain urgazle egin zuten.
1974: Berriro erbesteratu behar izan zuen. Donibane Lohizunen jarri zen bizitzen.
1976: Hondarribira itzuli zen.
1977: Deia egunkariko zuzen-dariorde eta euskal taldea- ren buru izendatu zuten.
1979: Eusko Kontseilu Nagusiak boletin ofizialaren arduradun jarri zuen.
1982: Eusko Jaurlaritzan, Kultura Saileko Euskarazko Arazoetarako zuzendari lanetan hasi zen.
1985: EAJ banandu ostean, EAn afiliatu zen.
1989: Egunkaria Sortzen taldeko kide nagusietako bat izan zen.
1990: Euskaldunon Egunkaria-ren Administrazio Kontseiluko lehendakari postua hartu zuen.
1993: Ohorezko euskaltzain izendatu zuten.
1997: Andoaingo Udalak Seme Kutun izendatu zuen.
2003: Euskal Herritar Unibertsal izendapena jaso zuen..

© berria.info 2004