JOSE ANTONIO AGIRREREKIN. Lehendakariak Venezuelara egin beharreko bidaiak antolatzen zituen Ugaldek 50eko hamarkadan.
 
 
«Beti izan naiz kritikoa, baita EAJn ere. Nirekin ez ziren fidatzen. Alderdi bati baldintza asko jartzen dizkiot, hizkuntzari bakar bat ere ez»
 
 
‘ALDERDI’ ZUZENTZEN. Itzuleran, Ajuriagerra-ren eskutik hasi zen EAJn lanean.
 
 
«Ez dut bilatzen perfekziorik. Nik nahi dut izan normala. Badakizu zer den hainbeste jende ikustea itsu, ero… eta zuk bi begi edukitzea, burua?»
 
 
EUSKO JAURLARITZAN. 1982an, Carlos Garaikoetxeak Eusko Jaurlaritzara eraman zuen euskara gaien zuzendari gisa.
 
 
EAJ-REN HAUSTURA. EAko egin zen EAJ banandu zenean, 1985ean. Argazkian, Joseba Azkarragare-kin eta Pelay Orozkorekin.
 
 
KULTURAN ETA POLITIKAN ENGAIATUA. Eduardo Txillida, Xabier Arzalluz eta Juanito Zabalarekin, 1979an Bilbon egindako manifestazio batean.
 
 
 
::: Politikari
Euskal Herriarekiko engaiamenduak eraman zuen Martin Ugalde politikan sartzera. Leizaolaren Eusko Jaurlaritzako kontseilari izan zen, eta Euskarazko Arazoetarako zuzendari, Garaikoetxearen gobernuan

:: Politikari, behartuta

Abertzaletasunak bultzatuta sartu zen politikan Martin Ugalde, ez berezko bokazioa zuelako. Askotan aipatu izan zuen, umetan, Andoainen, «batzokia zutela eliza eta Sabino Arana santua». Aitona jeltzalea eta aita EAJko zinegotzi zituen. Etxetik zetorkion jeltzaletasuna. Baina lan politikoa Caracasen hasi zuen, 1947an. Hango Euskal Etxean atera zuen EAJko txartela. Euskal Etxearen babesean Eusko Gaztedi taldea sortu zuen. Talde horrek Euskal Herriko EGIrekin ez zuen zerikusirik, eta, berez, euskara, mendi irteerak, kirol saioak eta beste antolatzeko taldea zen. Baina ez zen horretara bakarrik mugatzen: aberriaren aldeko lanean bazuen zereginik eta baita erresistentzian lan egiten zutenei laguntzen ere.

Geroago Euskal Etxeko lehendakari lanetan hasi zen, postu politikoagoa inondik ere. Azken finean, nolabait, Euskal Herriaren ordezkari zen Venezuelako agintarien aurrean. Gainera, Caracasko Euskal Etxea Hego Amerikako garrantzitsuena zen, eta horrek pisu handiagoa ematen zion lehendakari lanari. EAJko Hego Amerikako ordezkari izendatu zuten berehalaxe.

Jose Antonio Agirre lehendakariak Venezuelara egin zituen bisita ofizialen antolatzaile izan zen Ugalde. Lehendakaria hil zenean, 1960an, Ugalde arduratu zen venezuelarren doluminei erantzun ofiziala emateaz.

Baina benetako ardura politikoa Euskal Herrira itzultzean hartuko du, 1969an. Itzulerarako baimenaren zain bi urte egon zen Ugalde, emaztea eta seme-alabak dagoeneko Irunen zirela. Baldintza bakarra jarri zioten: politika kontuetan ez sartzea. Baina badira bete ezinezko gauzak. Iritsi eta gutxira, baina, Alderdi EAJren aldizkari klandestinoaren ardura hartu zuen. Juan Ajuriagerraren eskutik iritsi zitzaion Alderdi zuzentzeko eskaintza, eta, era berean, politikari jeltzale beraren ahotik jaso zuen Leizaola lehendakariaren kontseilari izateko eskaera. Jose Rezola lehendakariordearen hutsunea betetzeko deitu zuten. 1972. urtea zen. Alderdiaren barruan, hala ere, batzuek ez zuten ondo ikusi Ugalderen izendapena, izan ere kritiko eta independente izatearen fama zuen.

Leizaolarekin Baionan bildu zen lehen aldiz eta interior-eko lana egiteko eskatu zion lehendakariak; alegia, Hegoaldean harremanak eta bilerak egitea klandestinitatean mugitzen ziren alderdi politiko, sindikatu eta erakundeekin. Alderdiaren ordezkari ere bazen erbesteko Eusko Jaurlaritza hartan. Hurrengo urtean, 1973an, Carrero Banco hil baino hilabete lehenago, Poliziak, atxilotu eta ziegatik pasatu ondoren, Hendaiako mugan jarri zuen. Donibane Lohizunen jarri zen bizitzen. Orduan ezagutu zituen Peixoto, Argala, Pertur, Santi Brouard eta beste.

Abertzaleen arteko batasuna amets

Franco hiltzean, Hegoaldera egingo du. Eta orduantxe utziko du kontseilari lana. Behin diktadura bukatuta, politikarekiko konpromisoa uzteko moduan ikusiko du bere burua, eta kazetari eta idazle lanari lotuko zaio. Carlos Garaikoetxeak berekin eramango du, baina, EAEko Gobernura euskara sustatzeko arduradun gisa. 1985ean, EAJren haustura bazetorrela sumatuta, utzi egin zuen postua. Ugalde inoiz ez zen izan hausturazale, baina bere jarrera kritikoak alderdiaren alde ofizialera baino gehiago Garaikoetxearen aldera eraman zuen, eta EAn sartu zen. Ugaldek esana da berarentzat traumatikoa izan zela haustura, eta baita berrogei urteren ondoren EAJko militante izateari uztea ere.

Kritiko, independente eta zubigile izan zen Ugalde bai politikan bai gainerako esparruetan. Lizarra-Garazi ituna ilusio handiz bizi izan zuen. Denbora gutxirako, baina hortxe ikusi zuen bere amets politikoa gauzatua: alderdi abertzaleen arteko batasuna. Bere azkenetako artikulu batean (Egunkaria, 1999ko ekainaren 14a) zera idatzi zuen: «Karlistetatik abiatu, Sabin eta Luis Aranarekin herri honetan Euskadi berria lehertzen da; Agirrek irekitzen du aro politiko berri bat; zentzu ernegarria duen guda ideologikoan hiltzen dira gudariak banaka, ez kolektiboki; sinbolo berri dira Durango eta Gernika, sinbolo bizi; Ajuriagerrak badu berezia duen zerbait Santoñan; Kanpion eta Irujo nafarrek asko esaten dute, Landaburu berritzaileak ere bai, Monzon klabea da, eta gertuagoxio Arzalluz eta Garaikoetxea, aldi berri eta leiala, noski, eta Santi Brouard berriagoa, eta Argala, Peixoto, hemendik dator haria». Horra Ugalderen testamentu politikoa.

 

:: Iritziak

Joseba Azkarraga · Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburua
Ohorez
Ohorea, Martin. Ohorezko agurra, bai, zuri egin beharrekoa, beti azaldu duzun xalotasunarekin. Ohorea zure izen ona aldarrikatzeko, zure bizitzagatik eta gizatasunagatik. Ohorea, gaixotasunak hitza erabiltzea galarazten zizunean zure izena zikintzeko saioa ofizialki eta jendaurrean gaitzesteko.

Hitza izan delako zure herria eta hizkuntza defenditzeko erabili duzun tresna handia, zure tresna bakarra. Horrexegatik zara euskal kulturaren ikurretako bat, zure jokabide demokratikoagatik eta askatasunaren aldeko borrokarengatik duintasun eta koherentzia eredua zaren modu berean.

Iritzi horiek bizi zinen bitartean plazaratu nituen, eta horregatik ausartzen naiz gogora ekartzera, berriro ere, zure heriotza fisikoaren orduan. Eta halaxe adierazten dut, zu bezalako pertsonak ez direlako inoiz joaten, nire ustez. Esango didazu, bai, zure laguna izateak ematen didan grinak bultzatuta ari naizela; baina, hori egia izanik ere, azpimarratu behar dut egia eta justizia nire sentimenduaren gainetik daudela.

Ezer ez da zure konpromisoa baino egiazkoagoa, ezer ez azken orduan egin zizuten bidegabekeria salatzea baino zuzenagoa. Frankismoaren jazarpena jasan arren, inoiz ez zenuen askatasuna kendu zizutenekiko gorrotoaren zantzurik erakutsi. Ziur naiz herra ez zela zugan sustraitu, ezta Egunkaria itxi zuen eta zu ere inputatu zintuen prozesurengatik ere.

Azken agurraren duintasuna kendu nahi izan dizute, eta nik hori salatu eta deitoratzen dut. Jakin dezatela, Martin laguna, ez dutela lortu. Eredua zara —eta izango zara—herri honentzat. Agur, jauna. Agur eta ohore.

MIREN AZKARATE · Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua
«Gaztetatik hil arte gizon konprometitua izan zen»
«Martin Ugalde idazle, euskaltzale eta kazetariaren konpromisoa nabarmendu behar da orain. Gazte-gaztetatik eta bere bizitzako azken urteetaraino berarekin eraman duen konpromiso hori, bizitzan hainbat lekutara eta zereginetara eraman duena. Gazteendako zerbait uztekotan eta aipatzekotan Ugalde bezalako pertsona handiek herriaren alde izandako konpromisoa da orain azpimarratu behar dena».

EUSKO ALKARTASUNA
«Euskal kulturan erreferentzia izan da»
«Samina eta atsekabea adierazten dugu Martin Ugalde euskaltzale, kazetari eta alderdiko lagunaren heriotzagatik, eta familiari doluminak azaldu. Euskal kulturan erreferentzia izan da, bizitza osoan herriarekin, euskararekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitua. Egunkaria-ko ohorezko lehendakaria euskarazko kazetaren aurkako kanpaina gogorraren jomuga izan zen. Exilio luzean Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen, eta gero Egunkaria-ren sortzaile».

ARALAR
«Bizia herrigintzari eman dion pertsona galdu da»
«Gure dolumina azaldu nahi diegu Martin Ugalderen senitarteko eta gertukoei haren heriotza dela eta. Euskalgintzan, kulturgintzan eta politikan, erbestean eta Euskal Herrian, bizi osoa Euskal Herriari eskaini dion pertsona baten galera izugarria dela azpimarratu beharrean gaude. Era berean, herrigintzan horrenbeste lan egin eta gero, azken urteetan, Euskaldunon Egunkaria itxi zutela-eta nozitu behar izan duen egoera salatzen dugu».

MIKEL ARANA · Ezker Batua
«Mundu euskaldunarentzat galera handia da»
«Euskararen normalizazioan egindako lan handia nabarmendu behar da orain. Ugalderen heriotza mundu euskaldunarentzat eta euskal kulturarentzat, oro har, galera handia da, alor horretan egin duen lanak erakusten duen moduan. 2002. urtean Euskaldun Unibertsalaren Saria jaso zuen gizonak bere azken urteetan Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera bizi izan zuen, fundatu eta hango ohorezko lehendakari izan zen egunkariaren itxiera».

PERNANDO BARRENA · Batasuna
«Abertzale guztien arteko elkarlana bultzatu zuen»
«Topikoa bada ere, gaurkoan gizon handi-handia hil zaigu Euskal Herrian. Martin Ugalde joan egin zaigu, baina gurekin utzi du bere bizitza osoko lekukotasuna; ez bakarrik literaturan edo euskalgintzan, nik abertzale moduan nabarmendu nahiko nuke: Ugalde beti izan da abertzale guztien arteko elkarlana bultzatu eta babestu nahi izan duen pertsona, eta hori da, nire uste apalean, egungo Euskal Herriak behar duen profila».

Txillardegi · Idazlea
Agur!
Aspaldisko honetan Martin larriki gaixoturik zegoela denok jakin arren , kolpe latza izan zaigu gaur goizekoa.

Hitz batzuk bederen idazteko eskatu didazue.
Nola ukatuko ?
Baina labur jokatu beharrak areago zailtzen dit egitekoa .

Martinek eta biok izkribuz lehenagotik elkar ezagutzen bagenuen ere, Tarnosko gure etxean (Baiona ondo-ondoan, beraz) mintzatu ginen buruz buru lehenengo aldiz 1970. urtean. Burgosko Epaiketa ari zen mamitzen, eta nik ez neukan Ipar Euskal Herrian finkatzeko eskubiderik.

Caracasetik etorri berria zen bera, eta Bruselatik etorri berria ni. Eta beti bide desberdinetatik ibilirik ere, adiskide on ginen orduan , eta adiskide on egon gara gaur arte.

Ororen gainetik, Martin euskaltzalea zen. Eta abertzale sutsua, hortaz. Bihoa hau aurretik.

1961ean bere Iltzalleak argitaratu zuenez geroztik, gero eta garbikiago agertu da Martinen atxikimendu iraunkorra euskararekiko. Euskaldunon Egunkaria proiektuan buru-belarri sartuz garbi agertu denez.

Martinek erdaraz hasi zuen bere idazle lana: bai Literaturaren alorrean, bai Kazetaritzarenean. Eta biotan zeukan etorkizun dirdaitsua Venezuelan.

Baina Martinek Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen.

Bai abertzaletasunaren alde borroka egiteko (PNV-ren Alderdi hilabetekarian ari izan zen luzaz); eta baita, esana dagoenez, hizkuntzarenean ere .

Sorreraz —edo jaiduraz nahiago bada — gizon moderatua zen Martin. Ez zituen jarrera «erradikal» delakoak maite.

Baina jokabide «erradikal» delakoak hartzen zituztenak ulertzen (are maitatzen ere) saiatzen zen. Joera honen lekuko dugu, adibidez, Lezo Urreztieta «guerrillari» iraunkorrari eskainitako lana. Baina besterik ere aipa litezke.

Arzalluz-Garaikoetxea erdibiketaren garaian, EAren hautua egin zuen Martinek. Eta hau ere adierazgarria da.

Lerro hauek idatzita, joan zaigun Martin Ugalde nolakoa zen hobeki uler dezakete bera zuzenean ezagutzeko aukera izan ez dutenek. Agian bai!

© berria.info 2004