Mezularitza baten agiriak

Urteetako prozesu politikoaren ondoren, udazken beroa izan zen 2017koa Katalunian. Urriaren 1ean eginiko autodeterminazio erreferendumak inauguratu zituen urte hartako urriko gertaerak, eta, hilabete amaierarako, Katalunian independentzia deklaratuta, autonomia galduta eta buruzagi independentistak bide judizialean jazarriak zeuden.

Bitartekaritza saio ugari egon ziren aste haietan, eta horien artean protagonismoa hartu zuten Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarenek. Orduko dokumentazioa Sabino Arana Fundazioko, Euskadiko Artxibo Historikoko eta Kataluniako Pobleteko monasterioko artxiboetan gorde zuen Urkulluk, eta uztail honetan eman zuen parte bat kontsultatzeko baimena.

615 orrialde eta 300 dokumentu inguru dira: Katalunia. Egoeraren jarraipena izenburupean, Urkulluren mezu elektronikoak, Whatsapp mezuak, gogoetak, oharrak, gutunak, hemeroteka hautatua eta bestelako agiriak. Agiriek eta Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteak argitaratu berri duen liburuak — M´explico: de la investidura al exili (Nire azalpena: inbestiduratik erbestera)— argi pixka bat gehiago jarri dute lehendakariak aste horietan izandako jardunean. Bi iturri horietan eta beste batzuetan jasotako informazioekin osatzen da segidako kontakizuna:

Esku hartzearen hastapenak

Kontakizunak bat datoz; 2017ko ekainaren 19an hasi zen Iñigo Urkullu lehendakariaren bitartekaritza Kataluniako prozesu independentistan. Hala jakinarazi zuen Urkulluk berak 2019ko otsailaren 28an, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketan Espainiako Auzitegi Gorenean lekuko gisa deklaratu zuenean, eta hala jaso du Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteak M'explico: de la investidura al exili liburuan.

Hamar egun lehenago jakinarazi zuen Puigdemontek autodeterminazio erreferendumaren data —urriaren 1a— eta galdera: Nahi al duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?. Urkullu Hipercorreko atentatuaren 30. urteurreneko ekitaldira joatekoa zela eta, Bartzelonan batzartu ziren bi buruzagiak, lau orduz eta bi txandatan: Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariarekin eta Neus Munte Kataluniako Generalitateko Presidentzia kontseilariarekin, batetik, eta bakarka, bestetik.

Urkullu eta Puigdemont, 2017ko ekainaren 19an, Generalitatearen egoitzan. Egun horretan izan zuten lehen bilera Kataluniako egoera aztertzeko
Urkullu eta Puigdemont, 2017ko ekainaren 19an, Generalitatearen egoitzan. Egun horretan izan zuten lehen bilera Kataluniako egoera aztertzeko. Toni Albir / EFE

Ez dago atzera-bueltarik, lehendakari. Haiek ez dute nahi. Rajoy mugi dadin egin dezakezun oro ongi etorria izango da.

Carles Puigdemont. 2017Ko ekainaren 19a.

 

Espainiako Gobernuko presidentearekin laguntzeko, ahal nuena egiteko eskaera jaso nuen. Saiatuko naiz. Oso kezkatuta nago gertatzen ari denarekin.

Iñigo Urkullu. 2017Ko ekainaren 19a.

 

Aireportuan, Urkulluk Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearekin egin zuen topo, eta Puigdemontekin eginiko bileraren berri eman zion, baita Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin biltzeko eskaria egin ere, Kataluniako egoeraz hitz egiteko. Uztailaren 19an izan zen batzar hori, Moncloan. Biharamunean, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin eta Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentearekin ere batzartu zen, Ajuriaenean.

Abuztuaren 26an izan zuten hurrengo topaketa Puigdemontek eta Urkulluk, Bartzelonan eta Cambrilsen izandako eraso jihadisten aurkako mobilizaziora joana baitzen lehendakaria. Orduan eman zion Rajoyrekin uztailean izandako elkarrizketaren berri.

Kontaktuak areagotu egin ziren irailean eta, batez ere, urrian; «esponentzialki», Urkulluk urriaren 4an bere paperetan jasotakoaren arabera. Puigdemonten liburuak ere agerian uzten du Urkulluren protagonismoa handia izan zela egun haietan. Baina Kataluniarekin zuen harreman gehien: Puigdemontekin izandako mezu trukeak Urkulluren karpetaren tarte handi bat hartzen du, Rajoyrekin izandako mezu trukeak baino askoz handiagoa.

Egun haietan, sektore askok eskatu zioten lehendakariari bitartekari aritzeko Madrilen eta Bartzelonaren artean. Alor politikoan: Santi Vila Generalitateko Enpresa kontseilariak, haren bidez Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak, Kataluniako arartekoak... Alor ekonomikoan, berriz, enpresari talde batek eskatu zion esku hartzeko, eta izan zituen kontaktuak Eliza katolikoarekin ere.

Irailaren 20a; Guardia Zibila Kataluniako Ekonomia Departamentura sartu zen. Mezu bat bidali zion Urkulluk Rajoyri:

Presidente jauna, errespetuz: "Hau ezin da horrela izan, eta ezin du horrela jarraitu. Utzidazu gogorarazten, izan ditugun elkarrizketen artean, bien artean telefonoz izandako bat, 2014ko maiatzaren 30an bidali nizun gutun baten ondoren. Eskoziako erreferenduma eta Kataluniako galdeketa egitekoak ziren urtea zen. Planteatu nizun estatu ereduaren errealitateari heltzeko eta hura birformulatzeko beharra, auzi katalanean sakontzekoa eta Euskadin zegoen egoera eta etorkizuneko aurreikuspena, eta, horren guztiaren aurrean, nik neukan planteamendua. Zure erantzuna izan zen: "Zuek hor eusten diozuen bitartean". Erantzun nizun hori ez zela erantzun bat, baloratu behar zenuela ea egoerak ez al zuen merezi bilera bat gogoetan sakontzeko (...). Zintzoki uste dut premiazkoa dela akordio espirituz eta elkarrizketaren bidez konpondu behar den auzi politiko baten existentzia aitortzea. Ez nator bat egiten ari den ezerekin, eta kezkatzen nau haustura sozialak eta gaitasun politiko eta instituzionala zalantzan jartzeak.

Iñigo Urkullu. 2017ko irailaren 20a.

«Entzun» zuen Rajoyk, eta erantzun zion «zainduko» zuela egin beharrekoa, lehendakariak Auzitegi Goreneko epaiketan deklaratu zuenez. Bartzelonan egun hartan izandako egoeraren berri eman zion egun berean Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari.

Ez zen Junckerrekin Kataluniako prozesuaren harira Urkulluk izango zuen hartu-eman bakarra. Urriaren 2an, erreferendumaren biharamunean, gutun bat bidali zion lehendakariak, Kataluniako gertaerak «proportzio historikoetako arazotzat» joz eta bere bitartekaritza eskainiz. Erantzuna azaroaren 8an heldu zitzaion Urkulluri; Junckerrek ihardetsi zion «egonkortasuna eta batasuna» beharrezkoa dela, eta ez «zatiketa». Eta erantsi zuen Europako Batasunak bi aldeei eskatua ziela «konfrontazioa» alde batera uzteko.

Urriko gertaerak

Urriaren 1a, E eguna Katalunian. Ilara luzeak bozkalekuetan, botoa emateko nahiz haiek babesteko. Eta 09:00etan, erasoak: fisikoak, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila jendetzaren aurka oldartuta, herrialdeko hainbat lekutan; eta informatikoak: erreferendumari bide eman behar zion sistema informatikoaren aurka. Emaitza: ehunka zauritu, baina 2.286.217 boto; horietatik 2.044.038, Katalunia estatu independente izatearen aldekoak.

Botoa emateko ilarak Bartzelonan, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean
Botoa emateko ilarak Bartzelonan, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean. Oriol Clavera

Gau hartan, Urkulluk mezu bat zabaldu zuen sare sozialetan, dei eginez «egoera traumatikoak saihestera» eta biharamunean elkarrizketaren bideari heltzera. Erreferendum hitzartu baten alde ere egin zuen ohar hartan, Quebec-Kanadako eta Eskozia-Erresuma Batuko ereduak adibide jarrita. Twitterren zabaldutakoa, hauxe:

Nahiz eta egoera hau gerta zitekeela pentsatu, esan eta salatu, erabat penatzen gaituzte gaur Katalunian ikusten ari garen gertaerek, gizartearen haustura arriskuak areagotzen dituzten ekimenek bereziki. Amildegira gerturatzen jarraitu aurretik, dei bat egin nahi dut, gaurko egunean egoera hausturagileak ekiditeko.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 1a.

Urriaren 3an geldialdi nazionala bizi izan zuen Kataluniak; mobilizazio masiboa, erreferendumaren aurkako jazarpena salatzeko. Hizpidea, ordea, Felipe VI.a Espainiako Erregeak eman zuen, Kataluniako buruzagi politikoen aurkako mezu gogor bat irakurrita eta, besteak beste, adierazita herritar katalanek legearen kontra jardun zutela. Ondoren etorriko zen jazarpenaren abiapuntua izan zen, eta bultzada eman zion jazarpenaren estrategiari, Rajoyk Una España mejor (Espainia hobe bat) liburuan azaldu zuenez:

Gobernuarentzat ere, mezu hori lasaigarria izan zen. Zailtasun handiko uneak igarotzen ari ginen bakardadean (...). Haren hitzek animatu egin gintuzten eta uste dut gauza bera sentitu ahal izan zutela sezesionismoaren aurkako bataila legala ematen ari ziren pertsona guztiek; poliziek, epaileek, fiskalek eta funtzionarioek. Erregea entzun zuten esaten «Estatuaren botere legitimoen erantzukizuna ordena konstituzionala bermatzea» zela, eta hori zen denok egiten ari ginena.

Mariano Rajoy, Una España mejor (Espainia hobe bat) liburuan (2019).

Urkulluren balorazioa bestelakoa izan zen, eta hala argitaratu zuen sare sozialetan: «Harrigarria iruditu zait Felipe VI. jaunaren hitzaldia. Nire etsipena, kezka eta atsekabea areagotu egin dira ». Biharamunean, lehendakariaren adierazpen instituzionala: «Atzo Felipe VI.ak egin zituen adierazpenez harago, uste dut garaiz gaudela». «Dezepzioaz» mintzo zen Urkullu, Espainiako estatuburuaren diskurtsoan ez zuelako antzeman «bizikidetzan sakontzea lagundu zezakeen keinurik». Hilaren 6an, estatuburuarekin mintzatu zen Urkullu: Kataluniaz, Rajoyrekin izandako elkarrizketez eta baita Felipe VI.aren adierazpenei buruz lehendakariak eginiko balorazio publikoez ere.

Tentsioa arintzeko proposamenak

Puigdemontek urriaren 4an erantzun zion Felipe VI.ari, beste adierazpen baten bidez. Egun hartan, esku hartzeko beste bi eskari ailegatu zitzaizkion Urkulluri: lehena, Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiarena eta Andoni Ortuzar EAJko presidentearena. Lehendakariari galdetu zioten prest legokeen Kataluniako auziari buruzko elkarrizketa egitasmoren batean parte hartzeko, Balear Uharteetako eta Valentziako Erkidegoko presidenteekin batera. Egun berean, Ortuzarrekin eta Joseba Aurrekoetxea alderdikidearekin batzartuta zegoela, Montserrateko abadearen deia jaso zuen, eskatuz Rajoyren eta Puigdemonten artean zubi lana egin zezala.

Urkulluren arabera, egun horretarako bidalia zien bi gobernuburuei dokumentu bat: Elkarrizketa, negoziazioa, akordioa, berrespena izenburu zuena. Horrela dio dokumentuak hitzez hitz, Puigdemontek liburuan jaso duenez:

 

Egungo krisi egoeraren eta inkomunikazioaren harira, hurrengo metodologia proposatzen zaie Espainiako Gobernuko presidenteari eta Generalitateko presidenteari:

1. Distentsioa.
Hiru hilabeteko distentsio epe bat zabaltzea komunikazio politikoa berreskuratzeko eta elkarrizketari aukera emateko. Akordio horrek eskatzen du konpromisoa, Espainiako Gobernuaren nahiz Generalitatearen aldetik, epe horretan alde bakarreko pausorik ez emateko beren estrategietan.

2. Elkarrizketa.
Gobernu bakoitzaren aldetik hiru pertsonako interlokuzio bat sortzea eta bi gobernuen artean aurretiazko elkarrizketa mahai bat osatzea. Mahai horrek onartuko du diskrezioz lan egitea datozen hiru hilabeteetan, jarreren gerturatzea sustatzeko eta elkar ulertzeari eta akordioari bide emateko borondatearekin.

3. Negoziazio politiko baterako markoari buruzko akordioa.
Batera asumitzea, elkarrizketa mahai honen helburu gisa, negoziazio politikorako markoaz akordio bat lortzea bi gobernuen artean. Marko horrek definitu beharko ditu gaien agenda, interlokuzioak, lan metodologia eta bi gobernuak abiatzeko prest dauden negoziazio prozesuen egutegia. Gobernuko presidenteak eta Generalitateko presidenteak gure konpromisoa eta prestasuna dute lan metodologia hau martxan jartzeko modua emateko.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 4a.

Ez zen Urkulluren lehen proposamena, abuztuaren 14an igorri baitzuen lehen planteamendu bat. Asmoa zen tren talka eragoztea eta «gatazka kudeatzeko bidea moldatzea», eta, horretarako, lehen irizpide gisa ezarri zuen «indar subiranisten erabakigune propioen eta estatuarekiko negoziazioan beharrezkoak diren ardatzak bereiztea». Hala, ardatz bakoitzerako estrategia «eraikitzaileak» osatzea proposatu zuen bigarren irizpide gisa, estatuarekiko negoziazioak ez zitzan baldintzatu ardatz subiranistaren aurrerapausoak.

Ardatz bakoitzari zeregin zehatzak jarri zizkion: subiranistenari, «estrategia orokorra birdefinitzea, pluraltasuna indartzea autogobernuaren oinarrien gainean, estatus berri baterako gehiengo sozial bat eraikitzea, Europako esparruan aliantzak sortzea eta auzipetutako politikari katalanentzako babesa bilatzea nazioartean». Estatuarekiko negoziazio mahaiari, berriz, zegokion eskumenen arloan epe motzean akordio batzuk lortzea, Kataluniak eta Estatuak izan beharreko harremanaren markoa eta estatutu berri batean hura jasotzeko modua adostea, autodeterminazioaz eta kontsultaz hitz egitea eta politikari katalan auzipetuen egoera bideratzea —garai hartan auzipetuta zeuden Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidente ohia, Joana Ortega presidenteorde izandakoa eta Irene Rigau Hezkuntzako arduraduna, 2014ko azaroaren 9an independentziari buruzko galdeketa bat antolatzeagatik—. Urkulluk bere agirietan idatzitakoaren arabera, ez zuen erantzunik jaso.

 

Aldaketa baterako metodologia proposamena

Premisa estrategikoa: orratz aldaketa - korrespondentzia nasa - bide partekatua

(...)

Premisa batean oinarritzen da: norgehiagoka hau "aldebakarreko eta bi norabideko zirkulazioko bidea" duen eta "tren talkaren" (edo kale itsuaren) arriskua duen jokaleku batetik gatazka eta aurrerabide gradualeko negoziazio batera igarotzeko beharra, amaierako estazio partekatu batera heltzeko.

(...)

Estrategia aldaketa horrek, logikoki, esan nahi du "mugimendu garrantzitsu" bat egitea, sektore batzuentzako "mingarria" izan daitekeena eta beste batzuek emate gisa uler dezaketena (...).

Hiru irizpide metodologiko:

Lehen irizpidea da bereiztea zein ardatzek osatzen duten indar subiranisten jarduteko eta erabakitzeko gaitasun propioa, eta zeintzuek behar duten halabeharrez estatuarekiko negoziazioa. Horiek desberdintzeak esan nahi du horiek bereiztea eta bakoitza bere aldetik kudeatzea (...).

- Erabaki propioen ardatza: 1. Estrategia orokorra birdefinitzea. 2. Barne adostasuna eta pluraltasuna indartzea autogobernuaren oinarrian. 3. Estatus berri baterako gehiengo sozial nahikoa eraikitzea. 4. Aliantza berriak sortzea Europako eremuan. 5. Nazioarteko babesa bilatzea auzipetutako politikari katalanentzat.

- Estatuarekiko negoziazioaren ardatza: Lehentasunezko akordioak lortzea epe motzean, eskumenen kudeaketaz eta autogobernuaz. 2. Kataluniaren eta Estatuaren arteko harreman markoa eta horren isla estatutu berri batean. 3. Autodeterminazioaren-kontsultaren auzia. 4. Auzipetutako politikari katalanen egoera.

Bigarren irizpidea da estrategia eraikitzaileak formulatzea erabaki propioen ardatz bakoitzerako, horien aurrerapena ez dadin estatuak egiten duenak edo ez duenak baldintzatuta egon, indar subiranisten borondate hitzartuak baizik.

- Erabaki propioen ardatza: 1. Estrategia orokorra birdefinitzea. 2. Barne adostasuna eta pluraltasuna indartzea autogobernuaren oinarrian. 3. Estatus berri baterako gehiengo sozial nahikoa eraikitzea. 4. Aliantza berriak sortzea Europako eremuan. 5. Nazioarteko babesa bilatzea auzipetutako politikari katalanentzat.

- Estrategiak: 1. Erabakitzeko eskubidea elkarrekin erabakitzeko eskubide gisa formulatzea. 2. Interdependentzia eremu baten beharra baieztatzea, denbora marko ireki batekin, eta autogobernuaren aurrerabidearekin. 3. Erronka demokratikoa gehiengo sozial kualifikatu baten lorpenean kokatzea, burujabetza osoaren estatus batera heldu ahal izateko. 4. Estrategia partekatzea estaturik gabeko Europako beste nazio batzuekin, Europako Batasunean argitasun zuzentarau bat osatze aldera, bertan zehaztu daitezen kontsulta legezko eta adostu baterako baldintzak gehiengoaren autogobernu bokazio nabarmena eta denboran iraunkorra duten gizarteetan. 5. Nazioarteko lan ildo bat zabaltzea, esangura handiko nazioarteko plataforma bat sustatzeko, auzipetutako politikari katalanen askatasuna babes dezan.

Hirugarren irizpidea da estatuarekiko negoziazio ardatz bakoitza elkarri lotuta dauden baina kudeaketa autonomoa duten ataletan sailkatzea, eta horietako bakoitzarentzat akordio hipotesi bat ezartzea. Irizpide horren helburua da desordena negoziatzaile baten testuingurua saihestea, eta kudeaketa adimentsu bat lortzea bilatzen du, gatazka eta negoziazio jokalekuan mailaz maila aurrera egitea ahalbidetu dezan.

- Estatuarekiko negoziazioaren ardatza: 1. Lehentasunezko akordioak lortzea epe motzean, eskumenen kudeaketaz eta autogobernuaz. 2. Kataluniaren eta Estatuaren arteko harreman markoa eta horren isla estatutu berri batean. 3. Autodeterminazioaren-kontsultaren auzia. 4. Auzipetutako politikari katalanen egoera.

- Akordio hipotesiak: 1. Lehentasunezko akordioen dekalogo bat ezartea, datozen lau urteetan autogobernuaren kudeaketa hobetzeko. 2. Benetako bilateraltasun marko konfederal bat lortzea (eskubide historikoen figurari aipamena eginez gauzatu daitekeena), elkarrekin erabakitzeko formuletarako eskubidea aitortuko duena. 3. Europaren sostengua izango duen kontsulta legezko eta hitzartu baterako baldintzak adostea (konbentzio konstituzional bidez adostu litekeena) 4. Irtenbide politiko-juridiko bat definitzea eta adostea.

2017ko abuztuaren 14a

Urriaren 6an, Eusko Legebiltzarrean zen Urkullu, kontrol saioan. Egun horretako saioa eta bezperakoa baliatu zituen Alfonso Alonso PPko EAEko orduko presidentearekin batzartzeko. Kataluniakoa izan zen gai nagusietako bat, eta «lurralde auziari buruz» hitz egiteko eta bitartekari lana egiteko eskaini zuen bere burua: «Nire aldetik, behintzat, ez naiz eserita geratuko trenen arteko talka gertatu eta bidetik irteten direla ikustera». Ordurako, publikoki ere ugaritzen hasiak ziren bitartekaritza baten beharra adierazten zuten ahotsak.

Zeregin horretan, Vatikanoaren atea ere jo zuen Urkulluk. Matteo Zuppi Boloniako artzapezpikuari hots egin zion, Vatikanoak bitartekaritzan izan zezakeen parte hartzea ezagutzeko. 2017ko apirilaren 8an, ETAren armagabetzea ofiziala egiteko ekitaldian parte hartu zuen Zuppik. ETAren armagabetzea baieztatzeko notario gisa jardun zuen, Harold Good apez irlandarrarekin batera, eta 2019ko urrian kardinal izendatu zuen Frantzisko aita santuak. Vatikanoak, baina, ez zuen Kataluniako auzian bitartekari aritzeko prestasunik adierazi.

Hala ere, Eliza Katolikoa jokatzekoa zen rol bat egoera horretan. Urriaren 8an, Juan Maria Uriarte Gipuzkoako gotzain emerituarekin batzartu zen Urkullu, Montserrateko eta Pobleteko abadeek eskatuta, Bartzelonako artzapezpikuarekin bilera bat egin zezan. Bi abadeak Vilarekin, Puigdemontekin eta Junquerasekin egonak ziren, eta, Urkulluren testuen arabera, hiru politikariek eskatu zuten lehendakariak mezularitza lan hori egiteko.

Eguna amaitu aurretik, Urkulluren mezua Puigdemonti, sakelakora:

President agurgarria! Gaur tramite ugari egin ditut gure elkarrizketari dagokionez. Instantzia guztietan. Pertsona instituzional ugarirekin hitz egin dut. Badakidan arren nire mezuak eta nire planteamenduen edukiak iritsi zaizkiola, oraindik ez dut jaso Espainiako Gobernuko presidentearen deirik. Agian pentsatu beharko litzateke nola modulatu DUIa atzeratzeko planteamendua, hura atzeratzea "mehatxu bat" izan gabe "legalitaterako itzulera" eskatzen ari denarentzat. Zure esanetara geratzen naiz.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 6a.

Egun horietan, Puigdemonten eta Urkulluren arteko harremanak egunerokoak ziren Telegram bidez; Urkulluk publikoki esana zuen bitartekari aritzeko prest zegoela, eta borondate bera adierazi zion pribatuan Puigdemonti berari, esanez Rajoyren oniritzia zeukala. «Lehen aldia zen Espainiako Gobernuaren baimena zuela zirudiela»; horrela jaso du Puigdemontek orain bere liburuan. Beste mezu bat bidali zion Urkulluk Puigdemonti, aurreko agiriko lehen puntua garatzen zuena:

 

Lehen pausoa. Adierazpen koordinatuak.
Aste honetan bidali nuen proposamenari lotuta, iradokitzen dut lehen pauso oso zehatza ematea. Proposatzen dut, elkarrizketa zuzenik edo mediaziorik izateko beharrik gabe oraingoz, bat egite tazitu bat ematea, bat datozen bi adierazpen publiko egiteko komenentziaren inguruan.

Lehen adierazpena.
Generalitateak proposatuko du suspentsoan uztea aldebakarreko independentzia deklarazioa, sortutako egoerari soluzio demokratiko bat emango dion elkarrizketa eta akordio prozesu baten aukerak esploratu ahal izateko datozen egun eta asteetan.

Bigarren deklarazioa.
Espainiako Gobernuak balioa emango dio Generalitatearen iragarpenari, eta, hori baieztatzen bada, prest agertuko da elkarrizketaren eta akordioaren bidea aztertzeko bide demokratikoen bitartez bideratzeko aterabide bat sortu den egoerari.
Nire uste apalean, datozen aste, ordu edo egunetan bi adierazpen horiek kateatuko balira, hurrengo pausoa izan beharko litzateke bi gobernuen arteko komunikazio zuzen bat abiatzea.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 5a.

 

[Ez du aparteko itxaropenik], Euskal herritar hauek, beti jokatzen dute euren alde, baina egoera bideratzeko lehen proposamen serioa da, eta, beraz, baliatu beharra dago.

Carles Puigdemont. 2017Ko urriaren 5a.

 

Urriaren 8a zen, beraz; bi egun falta ziren independentzia deklarazioa egiteko balio zezakeen osoko bilkurarako, eta egun hartan ez zen Urkullu Puigdemontekin hizketan ari zen bakarra. Puigdemontek bere liburuan jasoa duenez, independentzia ez deklaratzeko eskatu zion Andoni Ortuzar EAJko presidenteak afari batean, argudiatuta PPren barne egoera zaila zela eta, independentziari uko egin ezean, Rajoyren gobernua ez zela mugituko:

Ez ezazue independentzia deklaratu. Independentzia deklaratzen baduzue, edozein negoziazioren atea itxiko duzue. Madrilek deseskalatu egin nahi du, baina independentzia deklarazioari uko egin behar diozue. Rajoy presidenteak ez du 155a ezarri nahi, baina asko estutzen ari zaizkio.

Andoni Ortuzar. 2017Ko urriaren 8a.

Puigdemonten gogoeta Ortuzarren eskariaz: bat dator Urkulluk aurrez independentzia deklarazioa eteteko eginiko proposamenarekin; prest dago deklarazioa suspentsoan uzteko, baina ez saioa bertan behera uzteko:

Ulertzen dut EAJk oso borondate ona jarri duela eta gogoa duela akordioetara heltzeko. Baina ez didate eskatzen moteltzeko, baizik eta errenditzeko, eta hori ezin dugu egin

Carles Puigdemont.

PPren egoera ezagun zuen Ortuzarrek, Rajoyren beraren ahotik. Hala dio Rajoyk berak Una España mejor liburuan:

Dezente hitz egin genuen euskal nazionalistekin. Andoni Ortuzar eta Aitor Esteban bera otordua egitera etorri ziren behin Sorayarekin [Saenz de Santamaria] eta nirekin Moncloan. Kasu horretan, helburua ez zen ez genuen eta sekula izango ez genuen babes bat lortzea. Soilik eskatu genien saia zitezen Puigdemontek zentzuz joka zezan, muturreko egoera bat saihesteko. Haiek ere ez zuten lortu.

Mariano Rajoy. 2019.

Urriak 10: deklarazio etena

Urriaren 10eko arratsalderako zegoen jarria osoko bilkura Kataluniako Parlamentuan, independentzia deklarazioa gauzatu zezakeena. Baina goizean eman zion Puigdemontek Urkulluri bere erabakiaren berri:

Negoziazioari ate bat irekiko diot. Ez dut independentzia deklaratuko eta epea zabalduko dut egunotako elkarrizketei denbora emateko.

Carles Puigdemont. 2017ko urriaren 10a.

14:11, Urkulluren mezua Rajoyri:

Presidente agurgarria! Ez dakit zein izango den Puigdemont presidentearen behin betiko disposizioa arratsalde honetan. Soilik nahi dut zuk jakitea azken egunetan ahalegin guztia egin dudala dena minimoki arrazoizkoa izan dadin.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 10a.

17:15ean, beste mezu bat, igorle berak hartzaile berari bidalia. Hiru ordu laurden falta ziren osoko bilkura hasteko:

Presidente agurgarria!

Ordu honetan, Puigdemont presidentearen hitzartzearen zati nuklearra izan daitekeela susmatzen dudana betetzen bada, futbol simil batekin interpretatuko nuke: joko bertikala eta pasea aurrera eman ordez, hegalerako pase bat da, horizontalean, batzuek atzerako pasetzat ere interpretatuko dutena.

Komeniko litzateke neurrizko balorazio positibo bat egitea, eta erakustea elkarrizketarako prestasuna, baita Kataluniako esparru parlamentarioan ere, erabiltzen diren beste kanalez gain, eta Diputatuen Kongresuan.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 10a.

20:35ean beste mezu bat, hirugarrena, Puigdemontek parlamentuan hitz egin ondoren, aurreko mezuetako jarrerari eusteko: Generalitateko presidenteak ez zuela independentzia deklaraziorik egin eta, beraz, horren balorazio positibo bat egiteko eskatzeko Rajoyri: «Elkarrizketarako borondatea dagoela interpretatzea garrantzitsuagoa iruditzen zait». Hilaren 10ean, Urkulluri kasu egin zion Puigdemontek. Segundoak igaro ziren Puigdemonten independentzia deklaraziotik hura etenda uzteko erabakia iragarri arte. Segundo batzuen buruan, euforiatik atsekabera (eta nahasmenera) igaro ziren parlamentutik gertu kalean elkartutakoen aurpegiak.

Puigdemonten keinuak, ordea, ez zuen eraginik izan Madrilen. Biharamunean iragarri zuen Rajoyk 155. artikulua aktibatzeko asmoa. Eta haserrea areagotu zitzaion Puigdemonti, Urkullu eta beste batzuk seinalatzeraino:

Plantifikatuta zeukaten. Ez zegoen elkarrizketarako inolako borondaterik. Lortu dute nahi zuten guztia. Fartsa bat zen. Apezpikuek, Urkulluk, Moragasek... Nahi zuten bakarra gu gelditzea zen. Ezeren truke. Lagundu zuten elkarrizketarako borondatea zegoela sinetsarazten.

Carles Puigdemont. 2017ko urriaren 11.

Haatik, baikor zegoen Urkullu; Rajoyri ikusarazi nahi zion Puigdemontek ez zuela independentzia deklaraziorik egin, eta mezu bera helarazi zien Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari eta Donald Tusk Europako Kontseilukoari, hilaren 19an bidalitako gutunetan. Publikoki ere sustatu zuen independentzia deklaraziorik ezaren eta elkarrizketaren aldeko hautuaren ideia, Twitterren zera idatzita:

Puigdemont presidenteak eta haren gobernuak denbora tarte bat eskaini dute Espainiako Estatuarekin elkarrizketa aukera bat emateko. Aukera horri, beharrezkoa den ardurarekin, bide ematea espero dugu, izaera politikoa duen arazoari konponbide politikoa eskaintzeko.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 10a.

Puigdemontengandik eta Rajoyrengandik konpromiso bana lortzen ahalegindu zen Urkullu, 2019an Auzitegi Goreneko epaiketan azaldu zuenez: Puigdemontek independentzia deklarazioa baztertu eta hauteskundeetara deitzea, eta Rajoyk 155. artikuluaren aplikazioa alde batera uztea. Biei proposatu zien «adierazpen kateatuak» egitea, hiru hilabeteko «distentsio epe bat» zabaltzeko eta aurrera begirako lan metodologia bat adosteko. Truke horretan, Urkulluk «inola ere» ez zion baldintza gisa jarri Rajoyri erreferendum bat adostea: «Inola ere ez genuen autodeterminazioaz hitz egin».

Adierazgarria da Urkulluk Rajoyri emandako argudioetako bat: «Agerikoa da CUPentzat ez dela onargarria [Puigdemonten urriaren 10eko adierazpena], eta hori da garrantzitsuena». Ez da lehendakariak bere oharretan CUP aipatu zuen aldi bakarra; gogor mintzo da horien aurka urriaren 19ko apunte hauetan:

Elkarrizketa aro honetan gai izan beharko litzateke CUPekiko arrakalan sakontzeko, eta hura ahalik eta azkarren bultzatzeko udaletan aterpea hartzera, hori baita haren lehentasunezko helburua egonkortasun instituzionala leherrarazteko misioa bete eta gero. (...) Muturreko zentzugabekeria da.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 19a.

Urriaren 19ko oharretan jaso zituen Urkulluk klase politiko subiranistarekiko kezka nagusiak. «Prozesua eta Puigdemont-Junqueras-Masen bilakaera modu arduragabean ari da radarretik kanpo uzten benetako auzia: bi hereneko gehiengo zabal bat dago, ortzimugan autogobernu sakonago bat duena». Bereziki gogor jardun zuen Junquerasen aurka:

[ERCren eta PDeCATen arteko] Bataila ustez bortitz hori jadanik ez litzateke hainbestekoa izango, Junqueras garaile irten baita bataila horretan, politikaren alderik okerrena harengan mamitu den joko batean.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 19a.

Puigdemontekin ere ez zebilen gustura. Egun horietan, Urkulluk EAJko EBBko hiru kideri igorri zien Kataluniako auzian egindako lanaren laburpen bat: Andoni Ortuzarri, Koldo Mediavillari eta Joseba Aurrekoetxeari. Lehendakariak «etengabeko nahasmena sentitu» zuen Puigdemontekin, hark «plantifikatua» zuelako egingo zen guztia, baina, aldi berean, esaten ziolako ez zuela independentzia deklarazioa gauzatu nahi. Aldebakarreko independentzia deklarazioa (DUI) eragozteko planteamendu «zentzugabeak» egitea ere leporatu zion urriaren 26ko ohar batean, parlamentuak DUIa onartu zuen egunaren bezperan. Halere, Urkullu «berdin» sentitu zen Mariano Rajoyk hartutako neurriekin eta Pedro Sanchezen jokabidearekin ere.

Urkulluk feeling handiagoa agertzen du Marta Pascal PDeCATeko buruarekin eta Santi Vila kontseilariarekin izandako mezu trukean. «Oso kontziente naiz zuen egoera pertsonal eta kolektiboaz. Eta, beraz, goraipatzen dut zure koherentzia eta erantzukizun ariketa sufrimenduaren aurrean. Zorionak. Besarkada sentikor bat», idatzi zion Pascali 26an. Eta Vilari:

Santi agurgarria!

Guztiaz oso kontziente naizen eta pertsona bakoitzarekiko irizpidea oso argi daukadan orduotan, idazten dizut esateko: eskertzen dizut eta aitortzen zaitut. Zu ondradua zara. Nik lehendakari gisa jarraitu edo ez (niretzat agian zailagoa izanik Katalunian agertzea), Euskadira etortzeko aukera badaukazu, pozik emango dizut fisikoki gaur modu irudizkoan baina sentituan bidaltzen dizudan besarkada.

Iñigo Urkullu.

Jelkideei emandako azalpenetan bada nabarmendutako beste puntu bat: Urkulluk azpimarratu zien «Puigdemont presidentearen eskari jarraituari» erantzunez hasi zela mezuak bidaltzen, eta ondoren gauza bera eskatu ziotela «beste pertsonalitate batzuek». Hor dago Urkulluren eta Puigdemonten bertsioen arteko desadostasun nagusia: Puigdemontek, bere liburuan, ez duela adierazten independentzia deklarazioa ez gauzatzeko borondaterik, eta soilik elkarrizketari bide emateko pauso gisa esplikatzen duela urriaren 10eko ukoa. Bestelakoa da Urkulluren ikuspuntua; Puigdemontek ez zuen DUIa gauzatzera heldu nahi, eta hori saihesteko eskatu zion laguntza lehendakariari.

Horixe izan da, adibidez, El Periodico egunkari katalanak nabarmendu duena. Eta horri lotuta dago Urkulluren rolarekiko interpretazio aniztasuna: hainbat hedabidek hala aurkeztu badute ere, Puigdemonti eta Rajoyri idatzitako mezu kopuruen desorekak eta Urkulluk berak DUIa eta 155.a galarazteko izan zitzakeen motibazio edo pizgarriek adierazten dute, bitartekari baino, mezulari aritu zela, eta, zehatzago, Madrilen tesien arriskuaz ohartarazita, subiranismoaren proiektu politikoari galga jartzen ahalegindu zela.

Hain justu, kontakizuna osatzeko, hutsune batek jar lezake argi pixka bat gehiago Urkulluren rolean; bilera eta mezu truke horietan zer izan zen zehazki Rajoyk Urkulluri erantzuten ziona. Hori jakiteko ez dago baimenik, oraingoz. Deigarria da beste hutsune bat: Urkulluren paperetan ez da harreman zuzenik ageri ERCko ezein kiderekin, ezkerreko alderdia Generalitatean zegoen arren. Solaskidetza horretaz galdetu dio BERRIAk ERCri, baina alderdiak oraingoz baztertu egin du galderei erantzutea.

Urriak 21-25: bozetarako konbentzitzen

Urriaren 21etik aurrera, gutun luzeagoak bidaltzen hasi zitzaion Urkullu Puigdemonti, egoera politikoari buruzko gogoetekin. 21ekoan, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren garaiko estatutu proposamenak zer bide egin zuen ekarri zion gogora:

Frustrazioa kontzientzia nazionala eta haren etorkizuna erabaki nahi duen herri baten aurrerabidean eginiko bidearen parte da. Baina prozesu horren parte dira pazientzia eta insistentzia demokratikoa. (...) Burujabetza maila handiago bat lortzeko, [beharrezkoa da] lortutakoak baino gehiengo sozial sendoagoak, kohesionatuagoak eta integratzaileagoak erdiestea, eta nazioarteko eta enpresa eta ekonomia arloko aliantza zabalagoetan oinarritzea.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 21a.

Hurrengo egunean aipatu zion esplizituki hauteskundeetara deitzeko aukera: eskatu zion «ziklo berri bat» zabaltzeko. Urriaren 23an erantsi zion beste ideia bat: bozetara deitu zezala instituzioak eta autogobernua mantentzeko, «nahikoa bermerik gabeko erreferendum bat ezin delako izan oinarri legala ezta legitimoa ere independentziarako bidean». Halere, Urkullu haserre mintzo zaie Mariano Rajoyri eta Pedro Sanchezi, 155. artikulua ezartzeko asmoak aurrera jarraitzen duela eta; 16:55ean eta 17:00etan idatzi zien biei:

Ez diguzue tarterik uzten urriaren 10ean [independentzia]deklarazioa egin ez zezala eta azken erantzunean hala egin ez zuela aitor zezala lortu genuenoi.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 21a.

Bestalde, esanguratsua da Urkulluk Omella kardinalarekin dituen elkarrizketetan jasota daudela Puigdemontekin izandako hizketaldi batzuk, Puigdemontekin berarekin izandako hartuemanei buruzko paperetan ageri ez direnak. Adibidez, urriaren 21eko 16:46etako hau:

Arratsalde on!

President-arekin hitz egin berri dut. Ez dago ezer egiterik.

Bere oinarria da kolpe bat dela, Oin Berriko Dekretuaren historia errepikatzen dela, 1934ra itzultzea dela, Espainiako Gobernuak umiliatu egin nahi duela eta, gainera, PSOEren babesa duela; PSC 155aren parte dela (...)

Ez dela soilik bera, gizarte katalanak jada ez duela hau onartzen, jazarpena erabatekoa dela, ezin dituela parlamentuaren desegitea eta hauteskundeak planteatu horrelako jazarpenarekin. Pertsonak espetxeratuta eta inputatuta dituztela, eta ezin duela [parlamentua] desegin. (...)

Deklarazioa proklamatu ondoren, "beharrezkoak diren ordu guztietan" eutsiko diotela (gizarteak lagunduz gero, agian parlament barruan).

Ikusiko dutela zer egin atxilotzera joaten bazaizkie. Urte batzuk igaroko dituztela kartzelan.

Soilik ikusten du Espainiako Gobernuak atzera egiteko eta hitz egiteko prest egotea gelditu ahal izateko.

Ez da modurik egon beste gogoetaren bat egiteko.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 21a.

Urriaren 25ean, Urkulluren beste gutun bat Puigdemonti. Hizketan ari zela Sanchezekin, eta irudipena zeukala Rajoyk ere tentsioa jaitsi nahi zuela. Egun berean, lau enpresari katalanekin batzartu zen lehendakaria Ajuriaenean: Emilio Cuatrecasas, Juan Jose Lopez Burniol, Marian Puig eta Joaquim Coellorekin, azken orduko proposamen bat josteko. Helburua, ordura arteko bera: Puigdemontek hauteskundeetara deitzea eta Rajoyk suspentsoan uztea 155. artikuluaren ezarpena, jada Senatuak hura onartzea galarazi ezinda. Bermerik ez Puigdemontentzat.

Nahasmenaren erdian, ziurtasun mezuak; bilera irekiak antolatu zituen ANC Biltzar Nazional Katalanak egun horietarako, eta Junts Pel Siko diputatuak ziurtzat ematen ari ziren independentzia deklarazioa. Horietako bat, Antoni Castella, Gracian: aitortu zuen «presioak» izaten ari zirela, batez ere «lobby ekonomikoaren partetik», baina gaineratu zuen independentzia «bidezko kausa» dela, Madrilek uko egin ziolako hitz egiteari.

Urriak 26: bozetatik DUIra

Urkulluk Puigdemonten aldetik erdietsi zuen bozetara deitzeko engaiamendua: hala baieztatu zion Kataluniako Generalitateko presidenteak Jaurlaritzako lehendakariari urriaren 26ko goizean, independentzia deklarazioa egiteko saioaren bezperan. Formula bera ere proposatu zion Urkulluk, 09:55ean, Whatsapp bidez: «Kataluniako Parlamentua desegingo dut, eta autonomia hauteskundeetara deitu, Kataluniako Estatutuaren legalitatean islatutako ordenamendu juridikoko prozedura betez...». Labur erantzun zion Pugidemontek: «Hori ezin dut termino horietan esan». Urkulluk, ordea, beharrezkotzat jotzen zuen berariaz legalitatea aipatzea, eta hori ontzat jotzen zuen Puigdemontek.

Hauteskundeetara jotzeko aukera mamitzen ari zela berehala zabaldu zen Katalunian urriaren 26ko goizean, eta berehala piztu ziren protestak; ikasleen manifestazio bat Sant Jaume plazara joan zen, eta Junts Pel Si taldeko bi parlamentarik diputatu akta uzteko asmoa adierazi zuten ordu horietan. Bozak iragartzeko prentsa agerraldia deitua zuen Kataluniako gobernuburuak. 14:02an idatzi zion Urkulluri:

Lehendakari, iraultza bat dago martxan gureen artean. Nire diputatuak baja ematen ari dira. Ezin diot eutsi.

Carles Puigdemont. 2017ko urriaren 26a.

Urkulluren erantzuna, hiru minutu geroago:

Egoera honetan muturrak ukitzen dira, batzuengan emozioak nagusitzen dira, baina arrazoia nagusituko da. Pentsa ezazu baja ematen ez dutenekin, manifestatzen ez diren guztiekin, horiek baitira gehiengoa. Zenbat eta gehiago luzatu irteera, okerrago. Begira ezazu epe ertain eta luzearen perspektibarekin. Erregate motzera jokatzen ari gara, eta hori ez da onena herri baten etorkizunarentzat.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 26a.

Urkulluk 2019ko epaiketan azaldu zuenez, Puigdemontek «presioak» izan zituen «kalean eta Junts Pel Siko talde parlamentarioan», eta horrek aldarazi zion iritzia. Era berean, ordea, Urkulluk aitortu zuen ezin izan ziola Puigdemonti «bermerik» eman 155.a ezarriko ez zela ziurtatzeko; «intuizio bat» eskaini zion.

Bermerik gabe, Puigdemontek arratsaldean iragarri zuen hauteskundeak baztertzeko eta independentzia deklarazioa gauzatzeko asmoa. Publikoki, horixe zen Junquerasen tesia ere; Associated Press agentziari bezperan eginiko adierazpenetan esan zuen Espainiak «beste aukerarik» ez ziola utzi Kataluniari independentzia deklarazioa egitea baino.

26ko arratsaldean, osoko bilkura zegoen parlamentuan. Hurrengo egunean ziren independentzia deklarazioa egitekoak. Urkulluk gutxienez lau mezu bidali zizkion Puigdemonti: «Pedro Sanchezek galdetzen dit onartuko al zenukeen, Espainiako Gobernuak onartuko lukeen bezala, PSOEk Senatuan aurkeztutako mozioa (...). Ongi bideratzen ez bada, 116. artikulua ezartzearen arriskua ikusten dut [Espainiako Konstituzioaren 116. artikuluak alarma, setio eta salbuespen egoerak arautzen ditu]». Artikulu horren arriskuaz ohartarazi zion Marta Pascal PDeCATeko buruari ere. Eskerrak emanez erantzun zion Puigdemontek, eginiko esfortzuagatik, baina atsekabea azalduta Madrilen jarreragatik. Eta Urkulluk erantzun, 21:50ean:

Ez dizut esango zenbateraino nagoen ni atsekabetuta, zuen eskariz Euskaditik egindako guztia eta gero, nire herrian jasan behar baititut Urkulluk independentziaren ateak itxi ditu dioten kartelak.

Iñigo Urkullu. 2017ko urriaren 26a.

Hala ere, bitartekaritzan segitzeko prest agertu zitzaion.

Urriaren 27ko 15:27an gauzatu zen independentzia deklarazioa; 135 legebiltzarkidetik 70ek eman zuten aldeko botoa. Kontrastea osoko bilkuran eta korridoreetan; aurpegi serioak Junts Pel Sikoen eta gobernuko kideen artean, zorion malkoak CUPekoen artean. Eta parlamentuko eskaileretan, 500 alkate baino gehiago, aginte makilak eskuan. Nazio Batuen Erakundeko bandera baten aurrean, Junquerasen eta Puigdemonten hitzartzeak. Inork ez zekien oso ondo zer geratu behar zen aurrerantzean, baina gauza bat ziurra zen: Espainiako Senatuak onartua zuen 155. artikulua, eta segituan baliatu zuen Rajoyk, gobernukide guztiak eta parlamentuko mahaikideak kargutik kendu eta abenduaren 21erako hauteskundeetara deitzeko. Kataluniako autonomia, bertan behera.

Generalitateko kideak, diputatuak eta alkateak, Kataluniako Parlamentuko eskaileretan, independentzia deklarazioa jasotzen zuen testua bozkatu ostean
Generalitateko kideak, diputatuak eta alkateak, Kataluniako Parlamentuko eskaileretan, independentzia deklarazioa jasotzen zuen testua bozkatu ostean. Andreu Dalmau / EFE

Testuinguru horretan, Urkulluk Facebook sare sozialean idatzi zuen mezu bat, parlamentuak errepublika deklaratu eta lau ordu eta erdi geroago. Erabaki horrek eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeak «are beharrezkoagoa» egiten zuten, Urkulluren arabera, elkarrizketa eta irtenbide politikoa, «aldez aurreko baldintzarik gabe eta umiliaziorik gabe». Erantsi zuen 155. artikulua ez zela «inolaz ere» aplikatu behar.

Pribatuan ere jakinarazi zuen bere iritzia, goiz horretan bertan. Mezu bakarra, bost hartzaileri: Puigdemonti, Rajoyri, Pascali, Ortuzarri eta Sanchezi. Gutun hartan, independentzia deklarazioa eta 155.aren aplikazioa eragozteko azken saio bat egin zuen Urkulluk, Senatuan zuzenketa gisa aurkeztu eta onar zedin.

Hiru puntu zituen: Espainiako Gobernuak 155.a indarrean ez sartzea Kataluniako Parlamentuak independentzia deklaraziorik egiten ez bazuen; bi gobernuak elkarrizketa mahai batean esertzea «elkarbizitza akordio bat» lortzeko; eta Katalunian hauteskundeetara deitzea. Ildo beretik zihoan PSOEk ordu batzuk lehenago eginiko eskaintza bat ere: senatuak 155.a onartu arren, hura ez sartzea indarrean, Puigdemontek hauteskundeetara deitzen bazuen. PSOEren babesa esanguratsua zen 155.ak aurrera egin zezan.

Baina erabakia hartua zuen PPren gobernuak, eta ez zegoen hura aldatzeko aukerarik. Rajoyk berak argi azaldua du Una España mejor liburuan:

Ez nuen inolako arrazoirik ikusten bertan behera uzteko haserrealdi baten ondorio ez zen erabaki bat; asteetako azterketen eta argudio juridiko eta politiko oso sendoen ondorio zen. Arau konstituzional hori [155.a] ezartzera iritsi aurretik, arrazoiak pilatu genituen, eta horiek ez ziren desagertuko Puigdemontek hauteskundeetara deitzen bazuen; independentziak deklaratuta jarraitzen zuen.

Mariano Rajoy.

Bitartekaritza proposamenez ere mintzo da Rajoy bere liburuan; zehazki, independentzia deklarazioa eragozteko eta 155. artikulua ez ezartzeko eskaintzen inguruan:

Hausnarketa horietan nengoen enkargu askotarikoetatik lehena iritsi zitzaidanean; formulazio eta mezulari diferenteak, baina mezu bakarra: ‘Puigdemontek idatziz nahi du berme bat hauteskundeetara deitzen badu ez dela errepresaliarik egongo’. Nire baitan pentsatu nuen: ‘Alferrik ari gara’, eta bidalitako mezu guztiei erantzun nien ez zegoela ez negoziaziorik, ez bermerik, ez akordiorik".

Mariano Rajoy.

Egonkortasuna eta «tentsionatzaileak»

Kataluniako prozesuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan zezakeen eraginari buruzko oharrak ageri dira Urkulluren dokumentuetan.

Begi batekin, Madrilen eta Bartzelonaren artekoari begira jardun zuen Urkulluk, baina, bestearekin, Kataluniako prozesuak Euskal Autonomia Erkidegoan izan zitzakeen ondorioei erreparatuz aritu zen. Hala ondorioztatzen da Urkulluren komunikazioetan eta testuinguruari buruzko analisiak egiteko orduan. Horietako bat da nola ikusten duen Urkulluk Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika.

Bi aipamen daude paperetan. Lehena, Kataluniako egoera jarraitzeko agiri batean, zeinak 2017ko azaroaren 6ko data duen. Dokumentuak ez du sinadurarik, eta, bertan idatzita dagoenez, «lehendakariak eta EAJk lideratutako diskurtso alternatiboak ez dira sustraitzen Euskadin»: «Larunbateko manifestazioak eta Gure Esku Dago-ren igandeko kontsultek ez dute euskal jokalekua aldatzen. Agerian uzten dituzte ELA sustatzen saiatzen ari den estrategiaren mugak».

Gisa horretako paper ugari bildu zituen Urkulluk egun horietan. Urriaren 29koan, antzematen da «desegonkortasun arriskua» dagoela, eta «uhin birzentralizatzaile bat» aurreikus daitekeela. Baina krisia «aukera gisa» ere ageri da: «Aparteko garrantzia dauka lehendakariak erakunde eta alderdi guztiekin eta baita nazioarteko komunitatearekin dauzkan harreman iraunkorren bidez daukan rolak».

Handik urtebetera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eman zion Gure Esku-ren berri, Quim Torra Generalitateko presidentea Donostian hitzaldi bat ematekoa zela eta. Mezu horretan, Urkulluk Sanchezi azaldu zion GEk Torraren hitzaldia antolatu zuela, dinamika bera «elementu tentsionatzailea» dela eta Torrari harrera egitea «onartzeko egoeran» ikusi zuela bere burua. Donostian estatus politikoari buruzko galdeketa egin baino lau egun lehenago egin zuten hitzaldia, eta galdeketa horretan hartu zuten parte EAJko hainbat kidek; besteak beste, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Eneko Goia alkateak eta Miren Azkarate zinegotziak.

Mezua urriaren 30ekoa da, 09:44an bidalia:

Presidente agurgarria!

Orain arte esan izan dizut Euskadin badela estrategia bat Kataluniako prozesua kopiatzeko (ez jarraipen arrakasta handiz, baina...) 'ezker abertzalearen' aldetik eta, era ikusgarriago batean, Gure Esku Dago izeneko 'plataforma independente sozial' baten aldetik. Plataforma horrek kontsulta herritarrak, giza kateak, estadioetan elkarretaratzeak... antolatu ditu azken urteetan, erabakitzeko eskubidea delakoaren defentsan. Bere deialdien arrakasta apala bada ere, elementu tentsionatzaile bat izaten jarraitzen du, eta nahiz eta ekainean esan zuten udal, foru eta Europako hauteskundeetara arte [2019ko maiatzean] eten egingo zituztela beren jarduerak, jarraitu egingo dute. Datorren azaroaren 14rako konferentzia bat prestatu dute Joaquim Torra Generalitateko presidentearekin, Donostian. Posible da Gure Esku Dago plataformak gaur egitea publiko.

Gauzak horrela, joan den astearen amaieran dei bat jaso nuen president-aren kabinetetik, Donostiara doala baliatuz, azaroaren 14an bilera bat egin ote genezakeen. Topaketa onartzeko eta harrera egiteko egoeran ikusi dut nire burua. Jakinaren gainean jartzen zaitut, uste baduzu mezuren bat transmititu behar dudala edo elkar gogoetatzeko horri buruz.

Iñigo Urkullu. 2018ko urriaren 30a.

Kataluniako prozesu subiranista eztabaidagaia izan da Eusko Legebiltzarrean ere, eta 2017ko urriaren 27ko independentzia deklarazioa aitortzeko mozio bat eramateko asmoa zuen EH Bilduk egun horietan. Egitasmoak ez zuen Urkullu ezustean harrapatu: «Espero zitekeen arren, Ibarretxe lehendakariaren txioa ikusita», Urkulluk dio ez lukeela aldeko botoa emango: «Ezingo nuke, koherentziagatik. Ez naizelako aldebakarreko bideen aldekoa; are gutxiago, gizartea zatituz kudeatzen direnen aldekoa». Era berean, gogoeta horretan Urkulluk kezka adierazi zuen legebiltzarraren mozioa onartzeak «Euskadiren etorkizunean izan ditzakeen ondorioez».

Kontsulta proposamen bat lantzen

Hilabete gutxiren buruan, aldatu egin ziren aktore politiko esanguratsu ugari. Puigdemont -eta Toni Comin, Clara ponsati, Meritxel Serret eta Lluis Puig kontseilariak- erbesteratuta eta Jordi Sanchez, Turull eta Cuixart, Oriol Junqueras, Josep Rull, Raul Romeva, Dolors Bassa, Joaquim Forn eta Carme Forcadell espetxeratuak, Quim Torrak hartu zuen Kataluniako Generalitateko presidentetza 2018ko maiatzaren 14an. Hiru aste geroago heldu zen aldaketa Moncloara: PP ustelkeriarekin lotzen zuen Gurtel auziko epaia argitaratu eta astebetera, Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozio bat onartu zuen Espainiako Kongresuak, eta Pedro Sanchezek hartu zuen gobernuaren buruzagitza.

Iñigo Urkullu eta Pedro Sanchez Moncloan, 2018ko ekainaren 25ean. Hiru aste lehenago heldu zen Sanchez Espainiako Gobernuko presidentetzara.
Iñigo Urkullu eta Pedro Sanchez Moncloan, 2018ko ekainaren 25ean. Hiru aste lehenago heldu zen Sanchez Espainiako Gobernuko presidentetzara. Chema Moya / EFE

Zentsura mozioak aurrera egin zezan, ezinbestekoak izan ziren PDeCATen eta ERCren botoak, eta horrek beste jokaleku bat zabaltzeko aukera eman zuen Kataluniako gatazkaren konponbidean ere. Egoera horretan, irtenbide horren bide-orri proposamen bat zirriborratu zuen Urkulluk 2018ko urriaren 4an. Haren iritziz, bi aldeak "arrazoizko" neurri batean aseko ez lituzkeen "topagune" bat izan beharko luke akordioak; Urkulluk Madril prest ikusten zuen estatutu berri bati buruzko erreferenduma egiteko, eta uste zuen subiranismoarentzat gutxienekoa zela autodeterminazio erreferendum bat adostea. Hortaz, "topagune posible" bat jaso zuen: "Herritarra, legezkoa, adostua eta negoziazio prozesua hasi aurretik egiteko kontsulta baten deialdia adostea". Horretarako aukera badagoela gaineratu zuen, Espainiako Gobernuak beste erakunde batzuen esku utz baitezake kontsultak egiteko eskumena.

Balizko galdeketa horren galdera ere planteatu zuen: "Nahi al duzu Kataluniak prozesu politiko bat zabaltzea, legalitate eta aldebikotasun bermeekin, bere autogobernu estatusa estatuko erakundeekin adosteko?". Metodologiari zegokionez, beharrezko jotzen zuen elkarrizketa mahai bat osatzea, publikoa bat, diskretua bestea. Bi gobernuez gain, PDeCAT, PSC, Catalunya En Comu, Podemos eta EAJ leudeke. "Era berean, entitate sozialak eta enpresa eta ekonomia arlokoak ezinbestekoak dira Kataluniako eta Espainiako gizartearen parte inportante baten interpretazioari bide emango dion konplizitate batean". 2018ko abenduaren 11n helarazi zion proposamena Urkulluk Sanchezi, Elkarrizketari aukera berri bat ematea Katalunian eta Kataluniarako. Berriz abiatzeko akordio baten oinarriak izenburuko dokumentuan.

Torra eta Sanchez mahai berean eseri ziren publikoki abenduaren 21ean, baina, hurrengo urteko otsailean, Espainiako Kongresuak ez zuen onartu Sanchezen gobernuaren aurrekontu proiektua, eta hauteskundeetara deitu zuen Sanchezek; apirilaren 28rako lehenbizi, eta, gehiengorik lortu ezinda, azaroaren 10erako gero. 2020ko urtarrilean aukeratu zuten presidente, besteak beste EAJren aldeko botoei eta ERCren abstentzioari esker. Buruzagi independentistak, preso eta erbestean. Torra presidentea, inhabilitatuta. Kataluniako partida ez da amaitu.