I. Atala

Erabaki

Prozesu demokratikoa bultzatzeko

ETAren ekintzen etenaldia

Euskadi Ta Askatasunaren erabakiak lurrikara politikoa eragin du.
Ez da handinahikeria ekintzen etenaldiak nazioarte mailako proiekzioa izan duela adieraztea.
Baina titular handietaz haratago, erabaki horren oinarrian dauden arrazoiak azaldu nahi ditugu.

ETAren ekintzen etenaldi iraunkorra martxoaren 24ko 00:00 orduetatik aurrera dago indarrean. Gure Adierazpenean erabaki horren helburu nagusiak zeintzuk ziren argitu genituen arren, hainbat xehetasun eta hausnarketa modu zabalagoan lantzekoak direla uste dugu.

ETAren erabakia

ETAk bere erabakia hartzerako orduan, Euskal Herriko egoeran eragiten duten aldagai ezberdinak kontuan hartu ditu. Abiapuntu gisa, ezker abertzaleak azken hamarkadan egin dituen aurrera urratsak edozein aldaketarako aktibo nagusi gisa baloratuak izan dira.

Zer esanik ez dago, erabaki horretan eragile ezberdinekin izandako harremanek, agertutako borondateek eta ikuspegi trukaketak kontuan hartu ditugula. ETAk ez du bere urratsa hutsean ematen.

Egoera politikoaren inguruan egiten dugun hausnarketan, ETAk bere erabakia hartzerako orduan oinarri izandako testuingurua topatuko dugu. Hau da, prozesu demokratiko bat garatzeko dauden
baldintza politikoei buruzko hausnarketa. Baldintza eta oinarri nahiko daudenaren ustean hartzen du ETAk bere erabakia.

Prozesu demokratikoa garatzeko aukerak. Gatazkari konponbide demokratikoa emateko egindako urratsek eta jarritako oinarriek garrantzia berezia izan dute gure hausnarketan. Besteak beste, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoak egindako ibilbidearekin eta bertan barneratuak izandako printzipioekin prozesu demokratikoaren garapenerako lehen harri sendoak jarriak izan direla uste dugu.

Eragileen konpromisoa. Bestetik, gisako prozesu bat garatzeko alderdi eta eragile ezberdinen artean denboran zehar garatutako harremanek eta mahai gaineraturiko ikuspegiek, eragileen arteko eztabaida demokratikoa garatzeko konpromiso sendoak hartzeko aukera berrien atarian
gaudela iragartzen digute.

Negoziazioa eta elkarrizketa prozesua abiatzeko borondatea eta aukerak. Gatazkaren konponbidea negoziazioaren bidez lortzeko egiten joan diren adierazpenek eta agertutako borondateek (ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazio prozesuari dagokionez), irtenbide negoziatu eta demokratiko bat garatzeko aukeraren aurrean egon gaitezkeela erakusten digute.

Herritarren nahia. Euskal herritarren artean gatazkaren konponbide elkarrizketatu eta negoziatuaren aldeko jarrera aspalditik nagusitu den ikuspegia da. Herritarren nahi hori argi espresatzeak, hainbat eragileren jarrera aldaketa eragin du, konponbide politiko baten aldeko posizioetara eramanez lehen irtenbide polizialekin itsutuak zebiltzanak.

Erabakiaren uneari dagokionez, zergatik une honetan galderari erantzuteko, ez diogu gaur eguneko egoerari soilik begiratu behar, edota azken urtetako bilakaerari bakarrik. Akats handia litzateke prozesua horrela irakurtzea. Askapen borrokaren ikuspegi historikoa barneratzea oso garrantzitsua da une hauetan, azken finean, urtetako borrokaren emaitzen aurrean gaudelako, hamarkadetako borrokaren uztaren aurrean gaude.

Urtetan zehar egindako borroka eta erresistentziak ahalbidetu du orain aukera berri hau zabaltzea. Ezker abertzalearen borrokarekin lortu dugu aurretik aipatu ditugun baldintzak sortzea, herri bezala oinarri sendoak finkatzea, eta horrek ekarri gaitu gaur eguneko egoerara.
Herri honen eskubideen aldeko borrokak euskal herritarren artean kontzientzia eta ikuspegi berriak hedatu ditu, eragile eta alderdien jokamoldeak aldatu eta mugitu arazi ditu, Estatuko botereen baitan kontraesanak eta higadura eragin ditu. Faktore horiek guztiek prozesu demokratiko bat zabaltzeko baldintzak eta heldutasun egoera berri bat eragin dute. ETAren erabakia horren ondorioa besterik ez da.

Ekimenaren aurrekariak

Atzera begiratuz, ETAren ekinbideari dagokionez, hainbat une nagusi gogora ekarri nahiko genituzke, oraingo egoera marrazterako orduan ezinbesteko erreferentzia direlako.

98ko ekimenean kokatzen dugu azken urtetako bilakaera politikoaren abiapuntua. Geroztik gertatu diren aldaketa eta mugimendu politikoak horren arabera ulertu behar direlakoan gaude.

Prozesu haren usteltze eta blokeo egoerari aurre eginez 99ko abenduan ekintzen etenaldia bertan behera utzi genuenean, argi adierazi genuen ordura artekoa baino indar handiagoa egin beharko zela eragile guztien aldetik Euskal Herrian prozesu demokratiko bat garatu ahal izateko, aukera berriak zabaldu ahal izateko.

Geroztik, ETAren ekintza armatuek, etengabean Estatuaren zapalkuntzari erantzun zuzena eman eta gatazkari konponbide politikoa ematearen beharra erakutsi dute. Ekintza bakoitza konpondu gabeko gatazka politikoaren agerpena da, Estatuei mezu zuzena bidaliz eta nazioartean errealitate hori agertuz.

Espainiako agintariek badakite gatazkari konponbide demokratikoa eman ezean, Espainiako Estatuak ez duela normaltasunik ezagutuko. Euskal Herriaren eskubidetan oinarrituriko bakea eraiki arte Espainiako Estatuak ez duela egonkortasunik lortuko.

Euskal Herriaren etsaiek badakite Euskal Herriaren zanpaketa ezin dela inpunitatez burutu eta gatazkaren luzamenduaren alde egiten duenak enfrentamenduaren ondorioak zuzenean jasan beharko dituela.

Ekintza armatuekin batera, inflexio puntuak markatu dituzten ekimen politikoak bideratu ditu ETAk azken urte hauetan.

2003ko abenduan, Bergarako ekimenarekin, Espainiako hauteskundeen aurrean Autodeterminazioaren aldeko indarren artean kandidatura bateratua osatzeko proposamenaren alde egin, eta proposamen hori burura eramateko gure esku zeuden urratsak egiteko prestutasuna agertu genuen.

2004ko urtarrilean, Kataluniako lurraldean ekintza armatuen kanpaina bertan behera utziz, Katalan Herriekiko elkartasuna, begirunea eta injerentziarik ezaren printzipioak sendotzearekin batera, Espainiako Estatuaren krisia sakontzea eta bere egituraketan bereizketa argia egitea lortu genuen.
2004ko Azaroan, ETAk Adierazpen berezia kaleratu zuen, gatazka gainditzeari buruzko gure ikuspegia eta jarrera finkatuz. Bertan adierazten genuen bezala, gatazkaren gainditzea elkarrizketa, akordioa eta negoziazioren bidetik iritsi daiteke soilik, Euskal Herriaren eskubideak aitortuko dituen Hitzarmen baten eskutik. (Ikus Dokumentuak)

Ondoren, Konponbide Demokratikorako Alternatiba kaleratzearekin, ezker abertzaleak gatazka konpontzeko bere proposamen politikoa berritu zuen. Negoziazio prozesu baterako planteamendu hori euskal eragile gehienek bere egin dute, euskal herritarren artean hedapen oso zabala lortu duelarik.

2005eko ekainean, Espainiako alderdietako hautetsien aurkako frontea itxiz, gertaturiko aldaketa politikoen aurrean erantzun positiboa eman genuen, gatazkaren konponbide demokratikorako bidea indartzeko asmoz. Alderdi politikoei bide horretan ardurak hartu eta urrats zehatzak egiteko enplazamendu zuzena egiten genien.

Ekimenaren xedea

ETAren ekintzen etenaldiaren helburu nagusia, Euskal Herrian garatu beharreko prozesu demokratikoa bultzatzea da. Hau da, gatazka gainditzeko gakoen inguruan euskal eragileen artean burutu beharreko eztabaida demokratikoa bultzatzea.

Prozesu horren bidez, gure herriak beharrezkoa duen aldaketa politikoa gauzatu beharko da. Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioaren bidez, gaur eguneko zatiketa eta ukazioaren status politikoa aldatu beharko da.

Prozesu hori, euskal eragileen artean eta Euskal Herriaren aniztasuna eta osotasuna kontuan hartuz garatu behar da.Euskal eragile guztiei dagokie gure herriaren etorkizuneko Status-ari buruzko erabakiak hartzea.

Beraz, ETAren ekimenaren helburua, Euskal Herriarentzat marko demokratikoa eraikitzea da, gure Herri eskubideak aitortuz eta etorkizunari begira aukera politiko guztiak ahalezko eginez. Horixe da ETAren erabakiarekin sustatu nahi den prozesuaren emaitza gisa zabaldu beharreko egoera, Euskal Herriaren eskubideak aitortuko dituen status politiko-juridiko berri baten eraikuntza.
Prozesu horren buruan, euskal herritarrek beren etorkizunari buruzko hitza eta erabakia izan beharko dute, inolako mugarik gabe.

Espainia eta Frantziak, gatazkari negoziazioaren bidetik irtenbidea emateko borondatea erakustearekin batera, Euskal Herriko prozesu demokratikoaren emaitzak errespetatu beharko dituzte. Euskal herritarrok gure etorkizunari buruz erabakiko duguna errespetatzeko borondatea adierazi eta horren bermea eman behar dute, gaur eguneko topeak altxatuz.

ETAren deia

ETAk bere erabakiarekin asko jartzen du. Bere borondatea argiki adierazia izan da eta urrats zehatzak egin ditugu. Eragile guztiei, ETAk egindako urratsaren neurri bereko erantzukizunarekin jokatzea dagokie orain.

Ardura handiko zeregina da gainera euskal eragileek esku artean dutena. Euskal Herriaren etorkizunari buruz sakoneko erabakiak hartzeko tenorean gaude. Zabaldutako une politiko berrian, jendartean pizturiko ilusioak eta esperantzak etorkizunik gabeko bide itxietan ito ez daitezen, eragile guztiek eta bereziki Euskal Herriaren aldeko indarrek konpromiso sendoak eta erabaki ausartak hartzeko unea iritsi da.

Espainia eta Frantziako agintariei egoera berriari erantzun positiboa emateko deia egiten genien ETAren Adierazpenean. Horretarako, jokabide errepresiboak alboratu eta gatazkari negoziazioaren bidetik irtenbidea emateko borondate argia erakutsi beharko dute.

Prozesu demokratikoari oztoporik eta mugarik ez jartzeko deia luzatzen diegu, esku-sartzerik gabeko eta kanpo mehatxurik gabeko prozesu bat garatu ahal izan dezagun.

ETAren dei nagusia, euskal herritarrei zuzendua dago, herri sektoreen aktibazioa ezinbestekoa izanen baita prozesua burura eraman ahal izateko. Euskal herritarrei prozesuan buru belarri murgiltzea eta gure Herri eskubideen alde borroka egiteko dei zabala egiten die Euskadi Ta Askatasunak.
Azkenik, ezker abertzaleko kidegoari mezu berezia zuzentzen diogu. Orain artean bezala, ezker abertzalearen engaiamendua, esfortsua eta borroka izango baita Euskal Herriaren eskubidetan oinarrituriko bakea eraikitzeko tresnarik eraginkorrena.

Zer ez da ETAren erabakia?

Ohikoa den nahasketa eta toxikazioari aurre eginez, ETAren urratsarekin bultzatu nahi den prozesua zer ez den argitzea beharrezkoa dela uste dugu. Ez baita komeni inor engainatua izatea politiko profesionalen eta hedabide nagusien mezu pozoitsuekin.

Aipagai dugun prozesua, Euskal Herriaren eskubideak aitortuak izan daitezen prozesua izan behar da. Oker dabiltza edukirik gabeko baketan pentsatzen dutenek edota bake faltsu bat iragartzen digutenek. Bakea, Euskal Herriaren eskubideak aitortzearen ondorio izango da. Justizian oinarrituriko bakea eraiki behar dela, alegia.

Prozesu demokratikoaz ari garenean, gaur egunean inposaturiko status politikotik autodeterminazioa eta lurraldetasunean oinarrituriko markora egin beharreko igarobideaz ari gara. Beraz, ezin da izan gaur eguneko markoan amaituko den prozesua. Konponbidea ezin daiteke zatiketa eta ukazioaren markoaren baitan eraiki.

ETAren urratsa egungo inposaturiko egoeraren normalizazioarekin lotzea gezurretan aritzea da, besterik gabe. Gatazka ETAren borroka armatua dela esatea bezain gezurra.

Prozesua ez da ezker abertzalea ‘normalizazio politikoan integratzeko’ bidea. Ezker abertzaleak borrokan jarraituko du, hori delako Euskal Herrian egoera demokratiko bat zabaltzeko modu bakarra.
Are gehiago, prozesu demokratikoa ez da negoziazio prozesu hutsa. Horregatik, ezinbestekoa da borroka esparru guztiak lantzen jarraitzea, kalean mobilizatuz edota nazio eraikuntza ildoa bultzatuz.

Azkenik, badira prozesuaren zabaltzea ahuldadearen klabetik irakurtzen dutenak. Argi adierazi behar dugu ETAk egindako urratsa modu horretan baloratzen dutenak edota ezker abertzalearen zokoratzearen ondorio gisa ikusten dutenak erratu egingo direla. Garatu beharreko egiazko prozesua oztopatu besterik ez dute egiten halako ikuspegiak zabaltzen ari direnak.

ETAren konpromisoa

ETAren borondatea zabaldutako prozesua burura eramatea eta Euskal Herrian benetako egoera demokratikoa eskuratzea da, urte luzetako gatazka gaindituz eta justizian oinarrituriko bakea eraikiz.

Aurrerantzean borondate horren araberako urratsak egiten jarraitzeko eta Euskal Herriaren eskubideak lortu arte borrokan jarraitzeko gure konpromisoa berresten dugu euskal herritarren aurrean.

Gatazkaren konponketa eta irtenbide demokratikoa erdiestea, gaur eta hemen, posible da. Bake eta askatasun egoera horretara eramango gaituen igarobidea burutzeko borondate politikoa beharrezkoa da ordea.
Aurrerantzean, ETAren erantzuna Espainia eta Frantziak Euskal Herriko prozesu demokratikoaren aurrean izango duten jokabidearen araberakoa izanen da.

ETAren borondatea eta nahia zabaldutako egoera egonkortzea eta prozesua askatasunaren portura iristea izanik, jasoko dugun erantzuna ETAk egindako apustuaren neurri berekoa izango denaren konbentzimenduan oinarritzen dugu gure erabakia.