Kaixo, Maite! Ondoko hau idatzi dugunok ez zintugun ezagutu, baina txikitatik izan gara zureganako maitasunaren testigu. Gaur, 25 urte bete dira zure kidea zen Rafa Etxebesterekin batera Donostian lehergailu batek bizia lapurtu zizunetik, eta gutuntxo honek zure oroimena inoiz baino biziago dagoela erakutsarazi nahi dizu. Abuztuaren 15aren bueltan, hainbatetan entzun ditugu zure inguruko istoriotxoak, urtero jarri dugu zure argazkia krabelinez beteta, eta xume, gozo saiatu gara zuk piztutako suaz bidea egiten. Nagusiagoek zure Solokoetxeko garaia, musika taldean jotzen zenuenekoak, Psikologia ikasten Amnistiaren Aldeko Batzordean hasi zinenekoak, Aizan-en ibili zinela, baina, batez ere, zure samurtasun eta txantxazaletasunaz hitz egin digute.
Urtero, Aste Nagusiaren prestaketa lanetan geldiune bat egin, eta Areatzatik konpartserak ere hurbildu izan da auzoak egiten dizun omenalditxora; izan ere, 1987ko jaien hasiera zen, zure konpromisoa muturreraino eramanda herri honen iparrorratzetako bat bihurtu zinenean.
Oso bereziak izan ziren guretzat Bernardo Arregi Tito-k, 13 urtez espetxean egon ondoren gaixo joan zitzaigun auzokideak, kontatu zizkigun momentuak. Edo zure taldekidea izan zen Txabik bere ongietorri ekitaldian zugatik eta zuretzat bota zituen hitzak. Baina zurekin batera, gaurko egunez, oraindik preso dagoen Joseba Artola atxuritarra datorkigu burura.
Gure auzokideak 26 urte daramatza Espainiar sarraski kartzeletan. 2006an bete zuen zigorra bere osotasunean, baina 197/2006 doktrina mendekatia aplikatu zioten, 10 urtez kondena luzatuz, eta bahiturik daukate Darocako espetxean. Josebak ere hainbatetan parte hartu du, gutun bidez, zure omenezko ekitalditxoetan, baina aspalditik gurekin egon behar zuen auzoko kaleak zure oroimenez betetzen.
Jakingo duzunez, Euskal Herria aro historiko baten atarian da. Desagerrarazi nahi izan gaituzte, baina guk zutik mantentzea lortu dugu, eta ez hori bakarrik; bide gogorra eta malkoz beterikoa izan arren, erresistentzia luze honek aukera guztiak ireki dizkio herri honi.
Maite Perez Sever, gure bihotzetan ez zara izango gatazka politiko honen ondorio tamalgarrien zerrendako izen bat soilik. Oraindik gogorrak izango diren batailak dauzkagu aurrean, baina helduko da Euskal Herriak historian merezi duzuen lekuan jarriko zaituzten eguna, gure haurrek biharko ikastoletan zuen konpromisoaz ikas dezaten.
Mila esker, nazio eta askapen sozialaren beharraz oharturik, hamarkada luze hauetan Euskal Herri gorri, euskaldun, parekide eta aske baten aldeko hautua egitearren bizia eman duzuen guztiei! Herri oso baten taupadak bizirik mantentzeagatik eta askatasunaren atearen giltza herriari oparitzeagatik. Ez adiorik, gero arte baizik! Musu pilo bat sasi eta kartzeletara! Maite zaituztegu!
Zuzendariari
25 urte igaro eta gero, maite zaitugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu