Alkizako Eskola Txikia benetan txiki geratu zaigu. Badira hiruzpalau urte umeak ugaritzen ari direla eta eskolan lekurik gabe gabiltzala. Eskola handiago baten beharra begi bistakoa da. Horrela jakinarazi izan diogu urtero Jaurlaritzari. Eskola berriaren proiektua ere onartu zen, baina gaur da eguna ezer egin ez dena eta gainera erantzunik ere jaso ez duguna.
Bitartean, zorionez, gero eta gehiago dira Alkizako eskolara datozen umeak. Azken bi urteetan, esate batera, hamalau ume berri eskolatu dira. Orain dela lau urte, 26 ume zeuden, eta orain 52 dira, eta bi urte barru 58 izango dira. Orain arte, eskola berriaren esperantzan, urtez urtez gurasoon, eskolaren eta udalaren artean topatu ditugu irtenbideak, eta Hezkuntza Sailak hainbat obra egin ditu, guraso eta irakasleak auzolanean jardunez.
Irtenbideak beti behin-behinekoak izan dira, eta beti, justukoak. Oraintxe, 52 haur daude eskolan, 2 eta 11 urte bitartekoak, lau gelatan banatuak. Irakasleak lehen biltegia zen gela nano batean daude, eta tailerra eta psikomotrizitate gelak, berriz, eskolatik kanpo, udalak utzitako lokaletan.
Hezkuntza Sailari gutun bat helarazi genion iazko urte amaieran, eta jakin badakigu jaso duela, baina ez dugu erantzunik jaso. Ez gaude zain egoteko, ikasturte berria gainean dago, eta Alkizako eskolari irtenbide egoki eta duin bat eman diezaion eskatzen diogu. Zer gehiago egin dezakegu Alkizako Eskolako gurasook? Bestelako neurriekin hasi?
Zuzendariari
Alkizako eskolan lekurik ez umeentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu