Banketxera joan behar izan dut eta, orain dela gutxi arte bertako langile denak euskaldunak ziren herriko banku-entitateko egoitza nagusian, asteotan erdaldunak baino ez ditut aurkitu leihatilan. Bulegoko zuzendariarengana jo dut segidan (euskalduna da) eta argi helarazi diot nire kezka: gero eta euskaldunagoa den herri batean (%62) ez dela onargarria euskaraz ez dakiten langileak jendaurrean jartzea.
Nire kexaren xedea ez zen BBKren kontra egitea, euskararen alde egitea baizik.
Hori gutxi balitz bezala, bitxia izan da egoera: hiru leihatiletan egon garen bezeroak euskaraz joan gara, baina langile gazteen erantzunen ondoren gaztelaniara jo dute nire ondoko bezero biek. Eta, noski, ez dute kexarik adierazi. Euskaradunak lar adeitsuak gara.
Erakunde publikoetan ere, gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen edo behartzen bagaituzte ere, geuk ez dugu inongo trabarik jartzen, eta eurek nahitaez inposatutako hizkuntzan mintzatzen gara.
Horregatik, zalantza barik lehenengo hitza beti euskaraz egitea proposatzen dizuet eta, behar izanez gero, dagokion tokiko erreklamazio-orria betetzea. Ez izan lotsarik. Erraza da. Ez dizue denbora askorik kenduko, eta euskaraz bizitzeko lanean, aurrerapauso handia izan daiteke gutariko bakoitzak egin dezakeen euskararen aldeko defentsa oro.
Geuk zaintzen ez badugu, nork zainduko baitu euskara?
Geure eskubidea daeta geure hizkuntzak eskertuko du.
Zuzendariari
BBKn erreklamazio orri bat jartzetik nator
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu