600 euroko isuna jarri diote Kanaria Handian aisialdiko establezimendu bati inork ez zuelako espainolez hitz egiten. Kanariar Gobernuak dio pertsona batek kexa jarri zuela erreklamazio liburuan eta inspektoreak bertaratuta egiaztatu zutela inork ez zuela gaztelaniaz hitz egiten. Kanariar Uharteko Gobernuaren 2010eko dekretu batek derrigortzen du aisialdiko, turismoko edo zaharberritzeko jardun orotan espainolez hitz egingo duen arduradun bat egon behar duela. Eta arau hori ez betetzeak 1500 euro arteko isuna du.
Horrela jokatzea, Euskal Herrian, inposatze bat da unionistentzat. Hala, EAEko egungo Jaurlaritzak (PSOE-PP) Kontsumitzaileen Legetik isunak ezabatu ditu. Lege aginduak zigorrik gabe, ordea,gomendio bihurtzen dira eta eraginkortasuna galtzen dute. Horregatik, teoria eta ideologia guztien gainetik Espainiako estatuak gaztelaniaren hizkuntz erabilera bermatzen du, lege zigorrez, bere lurralde osoan eta jardun-gune sozial guztietan.
Pertsonak, hizkuntzak eta herriak berdinak gara duintasunean. Beraz, berdintasunezko tratamendua eskatzen dugu: euskara edonon erabiltzeko euskaldunaren eskubide indibiduala bermatzea Euskal Herri osoan eta Esparru Soziolinguistiko Euskalduna antolatzeko ahalmen esklusiboa aitortzea. Espainierarentzat ezinbestekoa dena euskarari ukatzea kultur fobia eta asimilatzeko asmoa litzateke.
Zuzendariari
Berdintasuna orain!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu