Zuzendariari
BERRIAko kritikariak
Jabier Muguruzak gai politari heldu dio artikuluan, zeharka nahiz zuzenki: Radio Euskadi eta euskara. Konpondu gabeko uztartzea. REk euskara baztertzen jarraitzen du 30 urteren ostean, eta bitartean, nekez uler daiteke euskal munduko kulturgile hori nola dabilen Txoria Txori kantaren hitzak itzultzen erdal entzuleari REk eskaintzen dion hiru minutuko tartean. Askorako ematen duen eztabaida da. Zehaztapenak egin nahi nituzke leporatzen dizkidan bi kontuei buruz. Hark dio sekula ez ditudala aipatu bere irrati zutabeko alderdi onak. Bada, irakurleak epai beza. Lau zutabetan aipatu izan dut bera. Lehenean (2010/12/12), zera nioen, haren zutabeak gogoeta ustez xaloak direla baina mamiz sustantzia dutenak. Eta bukatu nuen esanaz, bat etorri berarekin ala ez, barruak agintzen dionetik jardutea, hori behintzat ezin zaiola ukatu. Bigarrengo txandan (2011/04/17), haren zutabeak atsegin handiz entzuten ditudala aitortu eta gero, adierazi nuen argitaratu berria zuen Nueve encuentros con el alma liburuaren autopromozio ez oso etikoaren tankera hartu zuela haren azken zutabeak. Hirugarrenean (2012/03/25) eta igandekoan, euskarari ematen dion tratamendu nire ustez okerra izan ziren aipagai., Bigarren zehaztapena: bere izena v-rekin idazten dudala. Barkamena eskatzen diot, lapsus pertsonala besterik ez delako izan. Izena eta abizena gure-gureak ditugun gauza bakanetakoak dira, eta zer pentsatua ematen digu aldatzen dizkigutenean edota, esaterako, BERRIAko kritikaria aipagai zuzena den artikuluak kritikari horren izen-abizenik aipatzen ez duenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu