Irakurri dut Gernikako Akordioko sinatzaileek biktima guztiei buruz aurkeztu duten agiria, eta gustatuko litzaidake, ikuspegi eraikitzaile batetik, sortzen zaidan bi zalantza azaldu.
1-Agiriak, nire ustez, nahiko era gizatiarra eta orekatuan aipatzen ditu biktima guztiak, baina errudunak aipatzean soilik eragile zehatz bat agertzen du: ETA. Horren aurrean «Errepresioa», edo gehien jota «Espainiar eta Frantziar» Estatuak aipatzen ditu. Baina, nortzuk dira Espainiar eta Frantziar Estatu erakunde abstraktu horiek? Ez dago beren jarduera errepresiboa gidatu zuen arduradun politiko zehatzik, izen ezagunekin? Argi dago Estatu horiek alderdi politiko zehatz batzuk gobernatu zituztela eta, ondorioz, beraiek zuzenean gidatu eta agindu zituztela errepresio ekintza guztiak. Ez diogu babesa ematen urte hauetan guztitan eduki duten zigorgabetasunari? Ez dezagun egin jazarpen frankistarekin egin nahi duten bezala; biktimak (txarto eta berandu) onartu bai, baina borrero gehienak nortzuk izan ziren ez dakigu.
2-Biktima guztiak aitortzen hasteko horrelako agiri bat beharrezkoa dela garbi daukat. Baina zalantza sortzen zait uneari buruz. Nire ustez, logikoena izango zen horrelako urrats bat egitea gatazka horrek biktima gehiago sortzen ez duela bermatuta egondakoan.Aurreko egunetan, besteak beste, Josu Esparza eta Oihana Agirre bahituak izan dira beren lan politiko eta publikoa egiteagatik. Zentzurik ba al dauka berradiskiditzea aldarrikatzea eta inposizio politikoa benetan konponduta egongo balitz bezala jokatzea?
Zuzendariari
Biktimen eta arduradunen aitortza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu