Zuzendariari

'De Bilbao, de toda la vida'

Hodei Etxeberria.
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Charles Chaplinez ezer gutxi dakidan arren, ezin ahaztu dezaket Charloten imitazio lehiaketa batean bere burua parte hartzaileen artean aurkeztu eta lehen saria irabazi ez zueneko anekdota hura. Hori aspaldiko istorioa bada ere, inoiz baino presenteago dugu Euskal Herriko identitate auzietan, non hauetan ere originalaren kopiak originala bera baino egiazkoagoa izaten bukatu ohi duen.

Bilboko Udalak «quedada popular» bat egitera deitu du Bilboko Aste Nagusian hiritarrok euskal jantzi tipikoekin plazan biltzeko eta dagoeneko gurea den jantzien tradizioa geure(ago) egiteko asmoz (El Correo 12.08.06). Betiko moduan jantziz, «de Bilbao, de toda la vida» egin den bezala, Iñaki Azkunak, aspaldiko partez ikusi den alkate autoritarioenak, jendeak berez elkartzeko zituen guneak debekatu ostean (Kukutza bota eta bi konpartsari txosnak jartzea debekatuz), bere inguruan dantza egitera deitu gaitu aurtengoan.

Txapela susto batez kentzeko modukoa!

Instituzioek garena izateko bidean jarri gaituzte euskaldunak. Iragan, orainaldi eta etorkizunaren formulazio estereotipatu ankerrek identitatearen ikono berriak sortu eta iragana orainera ekarri beharrean, orainetik sortutako iraganaren bitartez produzitzen ari gaituzte: «lehenaldia kontrolatzen duenak orainaldia kontrolatuko du» (Kortatu), etorkizun batzuk sortuz eta beste asko ukatuz.

Instituzio batzuek, kasu honetan Bilboko Udalak, egun euskal gizartean izaten diren ohiko praktika sozialei kutsu tradizional bat ematen die. Garai batean (zehazki ez dakigu noiz) haien ustetan euskalduna zer eta nolakoa zen erakutsiaz, eta gaur egun zelakoa den ukatuz, hura imitatzera garamatzate. Etorkizuneko tradizio berriak asmatzen dituzte antzinakoak direlakoan, eta egun bakar batean antzerki moduan hauek errepresentatuz gure tradizioa eta esentzia berreskuratzen ditugula sentiarazi nahi digute: originalaren kopia originala bera baino egiazkoagoa eginez. Mozorro eta guzti! (Baina tira, ohituak gaude San Tomas egunarekin; baserriko alkandora eta arrantzale prakak jantzi eta listo! Baskitoa naiz!).

Egungo praktika sozialak, beraz, tradizio direla esaten digute instituzio batzuek, haiek folklorizatuz (saioa eramangarriagoa izateko, txalaparta eta herri kirolak antolatuko dituzte), museoko pieza bagina bezala tratatuz.

Horrela, beraz, gizartea ikusi, entzun eta ulertu beharrean, instituzio batzuek, eredu paternalista batekin, egin beharko litzatekeena inposatzen dute. Originalik ez duen kopia bat sortuz, euskal identitatea egitetik izatera pasatzen delarik: irudikapen huts bat izatera. Hori estereotipo hutsa izan daiteke gizartearentzat: barnean mamirik ez duen etiketa bat, gizarteak nekez beteko duen traje bat.

Han ikusiko gara, beraz, instituzioei alternatiba bat bilatzeko sortu zen Aste Nagusian instituzioak proposatzen duen «quedada popular» horretan. Baskitos mozorrotuak, «de Bilbao, de toda la vida»-ko hiritarrok egin dugun moduan dantza egiteko.

Gora Bilboko Aste Nagusia! Gora (argaldutako) Marijai (sexya) eta Aupa «el Atlhetik»!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.