Hauteskunde kanpaina amaitzear da. Kanpainan Diasporari buruz mintzatzeko aukera gutxi izan arren, alderdi nagusiek beren programetan atal bat eskaini diote. Premiazko kontua krisitik ateratzea dela edo lehentasuna hemengoei eman behar zaiela esaten dutenean, programetan Diaspora aipatzea eskertzekoa da. Dena den, faltan sumatzen da haratago ez joatea, izugarrizko aukera galdu baitute alderdi nagusiek.
EAJren programan zein EH Bildurenean Diasporari eskainitakoa abian dauden programak dira: bekak EHUn masterrak egiteko, Interneteko sareak diasporakideentzat, euskara mundu osoan zabaltzea Etxepare Institutuaren bitartez...
Maiz entzun dugu une historiko batean bizi garela: lehen hauteskundeak bakean, Legebiltzarra inoiz baino abertzaleago sortzeko aukera, euskal jendarte osoa eta sentsibilitate guztiak ordezkatuko dituen Legebiltzarra lor dezakegula. Baina Diaspora ere euskal gizartean sartzeko aukera galdu dute.
Diaspora ez da bakarrik diru-laguntzak eskuratzeko programa zerrenda bat; Diaspora Euskal Herria da, eta Euskal Herriak bezala parte hartu nahi dugu, eta faltan sumatzen da alderdien programetan ez aipatzea bizi garen aro berrian nola parte hartuko duen Diasporak erreferendumean edo prozesuan estatus berria lortzen.
Euskal Herria da Diaspora, zortzigarren herrialdea, hori da gure estatusa, eta politikariek ez badigute ematen, guk geuk, Diasporakideok, gure agenda egin beharko dugu Euskal Herrian sartzeko.
Zuzendariari
Diasporako agenda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu