Tunisia. Herrialde horixe izan zen, iazko urte hasieran eta herritar gehienen parte hartzea baliatuz, beste arabiar herrialde batzuetara hedatu eta bertako hainbat gobernu tronpatzea lortu izan zuten protestaldien lehen gotorlekua.
Egun, ordea, islamistek gobernatzen duten herrialdean, herritarren ezinegona berriz ere azkar hedatzen ari da, laba-jarioa bailitzan. Asko dira azkeneko egunetan amaierarik gabe egin di-ren protestaldiak, zeinetan emakumeen parte hartzea esanguratsua izan den.
Izan ere, ondo baitakite beren eskubideak murriztuko dituen antzinako amesgaizto hura errealitate bihurtzeko dagoen arriskua handitzen ari dela. Hala, protestaldiek egungo gobernua dute jomuga, besteak beste konstituzioa eraldatuz emakumea «gizonaren osagarri» izatea ahalbidetuko lukeen legea aurrera ateratzeko asmoak erakutsi baititu.
Tamalgarria izango da, ezbairik gabe, Tunisian konstituzio aldaketa gauzatuz gero herrialdeak emango duen atzerapausoa. Izan ere, gogorarazi beharra dago emakumeek zein gizonek eskubide berberak dituztela bermatzen duen berdintasunaren legea 1956. urtekoa dela.
Gizarte oso bat zigortzen duen baina batez ere emakumeen aurkako bortxaketa espiritual baten antza daukan bidegabekeria hau barnean iltzatuta daramadala bidaiatu du nire irudimenak Euskal Herri, estatu espainol zein mundu osoko milaka herritara, noizbait patriarkatuaren osagarri izateari uzteko asmoa erakustearren eraildako milaka emakumeei nire ohoreak adierazteko eta, bide batez, borroka feministaren beharraren aldarria lau haizeetara hedatzen ahaleginduko naizela zin egiteko.
Zuzendariari
«Gizonaren osagarri»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu