Zuzendariari

Igor Glez. de Galdeanori

Jabi Gorbea Etxebarria.
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Egunotan publiko egin eta hurrengo asteotan egitekoak dituzun erabakien harira, hainbat kezka sortu zaizkit. Konkretuki Amets Txurruka eta Iban Velascori buruzko kaleratzeetan zentratuko naiz. Izan ere, gauza bat da kontratua ez berritzea eta beste bat, txirrindulari beraien harridurarako, irailaren erdian horren berri ematea, talde guztiak ia itxita daudenean.

Zaleon artean aski ezaguna zaigu txirrindulari hauen maila, balentria, eskarmentua eta urte hauetan guztietan taldeari emandako ekarpena, hiru asteko lasterketetan bi finko izan baitira. Zuk emandako argudioak ez nau konbentzitu, are gutxiago moduak. Argi dago kirol irizpiderik ez duzula erabili. Zuk txirrindulari bezala talde honetan hasi eta puntako taldeetatik igarota ibilbide oparoa izan zenuen; zuzendari bezala, ordea, ez naiz iritzi berekoa.

Konturatu zara erabaki honek taldeko beste txirrindulariengan izan dezakeen jarrera aldaketa? Aurrerantzean nork egingo du lan punturik lortuko ez badu? Ziur konturatu zarela, baina ez duzu ikusi nahi, beharbada, UCI puntuek itsututa. Nik dakidala, puntu mailan taldea inoiz baino hobeto dago; hamairugarren, eta gainera, nahikoa omen da dozena bat txirrindulari aurkeztea puntu pilaketarako. Hain beharrezkoa al da munduan bakarra egiten duen taldean filosofia aldaketa? Bukatzeko, Milan-Turin, Lombardia eta Pekingo tourrean nola animatuko dituzu lanera doazen txirrindulari horiek? Aurrerantzean zorterik onena Amets, Iban eta egoera berean dauden beste txirrindulariei. Zuri Igor, bejondeizula!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.