Zuzendariari

Noiz arte?

Josu Goikoetxea Salutregi.
Gernika.
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Intxortako guduan parte hartu ostean nire aitonak Gernikara ihes egin zuen, babes bila. Leku okerragorik ezin izan zuen aukeratu, han ere sua, izua eta anabasa aurkitu baitzituen.

Apirilaren 26ko astelehen beltz hartan, gudari gazte haren begiek gizakiaren ankerkeria noraino hel zitekeen ikusi zuen.

Hala, pasarte honi buruz galdetu nionean, aurpegiera tristearekin, aitonak hurrengoa esan zidan: «Iñoz ez dot horrenbesteko billurrik pasau». Ez zen beste berbarik irten bere ahotik...

Aitonari pasatzen zitzaion legez, gerra hark sortutako saminak eta diktadurapean jasandako izuak bizirik dirau gure aurreko belaunaldietan. Ulertzekoa da, beraz, garai gogor haiek bizitakoek gordetzen duten isiltasuna.

Hala ere, ezin daiteke Espainiako estatuaren isiltasuna inondik inora ulertu. Hainbeste urte pasa eta gero, inork ez du erantzukizunik bere gain hartu, ez barkamenik eskatu. Alde batetik, mutututa dauden horiek frankismoa iraganeko kontua dela diote, eta, bestetik, diktaduran inposatutako isiltasunari jarraipena ematen diote.

Psikoanalisten aburuz, sentipen mingarriak erreprimitu egiten dira. Hala, errepresioak sortutako gaitzak sendatze aldera, sentipen ezkutuok kontzientziaren argitara eraman behar dira.

Noiz izango du Espainiako Gobernuak bere iragan hurbileko zoritxarreko gertakariei aurre egiteko adorea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.