Zuzendariari

Olaziregitarren izenean

Edurne Albizu Ormazabal
Olaziregitar sendiaren izenean.
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Martxoaren 24an hedabideen aurrean agertu ginen, 1997ko urtarrilaren 30ean ETAk erail zuen Eugenio Olaziregi gure senideaz hitz egitera. Oraingoan, sumarioa berriz ireki dutelako, eta bertan Valentin Lasartek aitormen garrantzitsua egin duelako, guk bagenekiena eta beti ozen aldarrikatu duguna: Eugeniok ez zuela inor salatu, ez zuela ezer ere egin. Salataritzat izendatzean ETAk hanka sartu zuela, orain Valentin Lasartek berak onartu duen bezala.

Hedabideen aurreko agerrraldian beti esanak gogorarazi genituen, behin berritan: gauza guztien gainetik, inor hiltzea dela onartezina eta beti salatu behar dena; Eugenioren izen ona horrela lohitzeak senideon mina aregotu baino ez zuela egin; elkartasun eskergarri asko jaso izan dugula hamabost urteotan, baina herritar batzuengandik jasotako hoztasuna eta urruntasuna ulergaitz eta samingarri egin zaizkigula; geuk geure haragitan sofritutako indarkeria anker eta kupidagabea amaitzeak eta gizartean bakearen otarra eraikitzeak ezinbesteko zumitz dituela, besteak beste, gaizki egin dutenek gaizki egin dutela umiltasunez onartzea, eta gizarte osoak sakon barneratzea inoren hilketa dela, lehen, orain eta beti, gauza guztien gainetik salatu beharrekoa.

Eskutitz labur honetan adierazi nahi izan dizkizugu martxoaren 24an hedabideen aurrean beste behin esandako kontuok, BERRIAko irakurleek ere horren berri izan dezaten, zuk zuzentzen duzun egunkariak ez zuelako jaso guk esanari buruzko informaziorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.