Puri—purian daude oraintxe urtebete hasi ziren Siriako liskarrak. Egunero datozkigu borroketan hildakoei buruzko berriak, nazioartearen adostasuna lortu ezina, erregimenaren tinkotasuna, herritarren etsipena. Liskarrak hasi baino pare bat hilabete lehenago, arrebarekin harantz joan nintzen. Aspalditik erakarri izan nau herrialde hark. Oraindik ere Damaskoko meskitan aurki daiteke Saladino sultanaren hilobia, baita kristau eta musulmanek gurtzen duten San Joan Bataiatzailearen burua, baita milaka erromes xiita erakartzen dituen Husayn-en burmuina. Damasko zaharra, Mahoma berak ere ez omen zuen bertara sartu nahi izan, paradisura behin bakarrik sar daitekeela argudiatuz. Damaskoko auzo kristauko taberna batean igaro genuen gure bidaiako azken gaua, bertan elkartu ginen hainbat jatorritako jende xelebrea.Sirian izan genituen esperientziak trukatu genituen. Zein ederrak ziren Alepoko zitadelaren itzalpean gordetzen zen bazar jendetsua; erromatarrei aurre egin zien Zenobia erreginaren Palmirako hiriaren hondarrak; Babiloniaraino iristen zen Eufrates ibaia; oraindik Aramieraz, Jesu kristoren hizkuntzaz, mintzo zen Malulako herria... Iritzi komun bat gailendu zen: Siriako herritarren abegikortasuna, handik gutxira zer etorriko zenaren ezjakintasunean.
Persiarrek, erromatarrek eta gurutzatuek egin zuten bezala, Al-Assad-tarrek ere utzi beharko dute Siriako aginte makila. Eta agintarien gainetik siriarren abegikortasunak jarraituko du, tea eta falafelak eskaintzen.
Insha Allah.
Zuzendariari
Siriaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu