Zuzendariari

Urtasuni erantzuna

Manu Uribe.
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Irakurri dut Erlantz Urtasunen azken artikulua, baina oraindik ez daukat argi zein den bere asmoa. Egia da ezkerra indartu ezinik gabiltzala azken hogeita bost urteotan. Aldaketa sakonak ari dira gertatzen eta oso zaila da horiek dakartzaten indibidualismoari eta ilusio kolektikoen galerari aurre egitea. Ikusi beharko dugu zelan antolatu erantzuna, baina argi daukadana hau da: Gipuzkoako eskualde batzuk Nafarroan integratzeko eskaera ez da izango erantzun horren gakoa. Nazio eraikuntza prozesu luzea da eta trikimailuek ez dute aldatuko dagoen indar korrelazioa.

Emaitzen interpretazioari dagokionez, badago zuzena ez den kontu bat. Adibidez, 1991n Gipuzkoan HBk eta EAk lortutako botoak (145.512) aurten Bilduk lortutakoekin alderatzen ditu (119.084) eta jarraian dio jaitsiera nabarmena izan dela. Eta Aralarren 17.223 botoak? Ezagutzen ez ditugun arrazoiak direla eta, ez ditu zenbatzen, eta, argudio barik, jeltzaleen apendize direla aipatzen du. Gauza bera esan ahal da 1998 eta 2011ko emaitzen gainean ateratzen duen ondorioez, Aralarren botoak baztertuz jaitsiera benetan izan den baino handiagoa ematen baitu.

Laburbilduz, bistan da azken bi hamarkadotan ezkerreko abertzaleok ez dugula eman garai batean amestu genuen jauzia. Halere, baikortasun inozoak alde batera utzita, lanean jarraitu beharra dago ahalik eta indar gehien biltzen eta zauri zaharrak ixten, horretan laguntzen ez duten ekimenak baztertuz. Azken arlo honetan Urtasunen artikuluak ez baitu ezertxotan ere laguntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.