Konponbideari begira

Analisiak

ETAren armagabetzea. ANALISIA

Zirt edo zirt

 
Gauza garrantzitsuak gertatzen diren egunetan eta asteetan aurregertatzen diren gauzak gertatu ziren atzo. Askotan esan dugun esaldia da iraganean zenbait mugimenduk agirik edota adierazpenek zerbait mamizkoa etor zitekeela aurreratzen zutenean.

Ipar Euskal Herriko gizarte zibil konprometitua ETAren armagabetzean laguntzen sartu zenetik, azkarragoa doa dena. Zorionez, kasu honetan behintzat horrela izan da, diplomaziaren uzkurkeria, errezelo eta denboren menpe ez dagoen talde horrek erabaki sendo eta arriskutsua hartu zuen; armagabetzea asko, eta era kaltegarrian, atzeratzen ari zela ohartuta. Duela urte batzuk aukera zena kaltegarria suertatzen ari zen beste urrats batzuk eman ahal izateko. Zirt edo zirt egin beharra zegoen.

Euskal Herritik kanpo eman diren antzeko prozesuetan erabili izan den metodologia estandarra aplikatu zain egotea alferrirakoa dela ikusita busti dira Ipar Euskal Herriko gizarte eragileak. Urruti daude, zoritxarrez, Ipar Irlandan funtzionatu zuten armagabetze batzordea ?John de Chastelain kanadiar jeneral erretiratuaren koordinaziopean? eta presoak kaleratzeko batzorde adostua. Alferrik horrelakoen zain egotea.

Imajinazio eta ausardia erakuspena eman ziguten duela aste batzuk Luhusoko saioaren parta-hartzaileek. Frantziako Poliziak, Espainiakoaren bat eginda, atxilotu egin zituen, eta, horrela, armagabetzean aurrera egiteko eman zituzten urratsak (partzialki) zapuztu. Baina amore eman eta etxera joan ordez, jakinarazi ziguten beste ahalegin bat egingo zutela erabateko armagabetzea lortzeko. Esan eta egin.

Ez dute edozelako ahalegina egin, eguna jartzera ere ausartu baitira: apirilaren 8a izango da ETAren behin betiko armagabetze osoa. Azkarki jokatu dute, eguna ematean publikoki enplazatu baitute, gorrarena egiteko aukera indargabetuz, Frantziako Gobernua. Egun horretan argituko da zuloak non dauden.

Ez dezagun ahaztu duela denbora bat Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ?Manikkalingam, Kasrils, Nambiar...? jakinarazi zuela ETAren zuloak zigilatzeko prozesua martxan zegoela. Ez da garrantzitsuena, baina apirilaren 8an jakingo dugu zulo guztiak zigilatuta dauden, eta armen egoera zein den; alegia, erabilera ezindua dauden edo ez.

Gauza garrantzitsuak gertatu ziren atzo, hurrengo asteetan etorriko direnen atari. Oso balorazio positiboa egin zioten albisteari Euskal Herriko hiru lehendakariek. Hori ere berria da; ez noski, kopuruagatik, gizarte eragileen ekimenari erakutsitako babes irmoagatik baizik.

Otegik enfasi handiagoa jarri zuen Urkulluri, Barkosi eta Etxegarairi egindako konpromiso eskaeran, Hollanderi eta Rajoyri egindakoan baino. Hau da, konfiantza handiagoa duela hiru euskal agintariengan, Paris eta Madrilekoengan baino. Hori ere berria da.

Eman dezagun Paris prest dagoela engaiatzeko ?zaila jarri diote ezezkoa ematea?; eta prest dela Madril oztopoak ez jartzeko. Baina, lehenagotik ere gertatu da: politikoen borondatearen gainetik, bi aldeetako segurtasun indarrek egin dezakete plana zapuzteko ahalegina. Bereziki, adituen hitzetan, «estatua estatuaren barruan» deritzotena.

Informazio osagarria

Publizitatea