Konponbideari begira

Analisiak

HIZPIDEAK

Armagabetzera emana

 
Luhuson erabiltzekoa zen gailu bat armak indargabetzeko.
Luhuson erabiltzekoa zen gailu bat armak indargabetzeko. BERRIA / BERRIA

2017-03-18 / Jon Ordoñez Garmendia

Bost urte eta erdi iragan dira ETAk ekintza armatuak uztea erabaki zuenetik, eta behin betiko erabateko armagabetzeari eguna jarri dio. Armak uztea errealitate bat izan da denbora tarte horretan, baina apirilaren 8tik armarik gabeko erakunde bat izango da, eta horrek jokaleku berri bat ekarriko du, halabeharrez.

Ez dira faltako, euren ardura ezkutatzeko, armarik gabeko terroristak badirela esango dutenak, edo, Espainiako Barne ministroak dioen bezala, benetako desarmeak «ideologikoa» izan behar duela diotenak. Izan dira atzoko iragarpenaren berri izan ondoren ETAri bermea eskatu diotenak, nahiz eta beste batzuk izan diren bost urte eta erdi hauetan armagabetzea bermatzeari uko egin diotenak. Baina ETAk armak entregatzearekin batera, gizarte zibilak ekingo dio armagabetzeari, eta hori baino berme handiagorik ez dute Euskal Herriko erakundeek konponbidearen bidean gehiago engaiatu eta azken urteetako blokeoa apurtzen saiatzeko.

Txetx Etxeberrik atzo iragarri zuena ezinbesteko pauso bat da, baina ezin da azkena izan gatazka bat konpontzeko irtenbidean. Orain arte Espainiako Gobernuak nola jokatu duen ikusita eta lurraldetasunarekin dituen arazoak aintzat hartuta, ezin da pentsatu apirilaren 8tik aurrera beste modu batera jokatuko duenik. Horren aurka, bermea behar du konponbideak, hari ekin diezaioten.

Publizitatea