Konponbideari begira

Analisiak

HIZPIDEAK

Euskal eredua

 
Baionako atzoko agerraldia.
Baionako atzoko agerraldia. ISABELLE MIQUELESTORENA

2017-03-24 / Jon Ordoñez Garmendia

Bakea ez da irabazten, egin egiten da. Eta orain arte bakearen artisau izan direnek egite horretan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. ETAren armagabetzea ez da izango ziurrenik eredu bat, antzeko beste prozesu batzuekin alderatuta (IRA, FARC...). Nolabait, ordea, hainbestetan beharrezkotzat jo izan den euskal eredua izango da, onerako eta txarrerako: uko egin diote gobernuek armagabetzea egiaztatzeari, nazioarteko bitartekariei jazarri zaizkie, eta armak emateko ekinbideei oztopoak jarri dizkiete; baina, azkenean, nazioarteko bitartekariak baino gehiago, Euskal Herriko eragileak izango dira protagonista ETAren armagabetze egunean, eta herritarrak eragile izatera deitu dituzte.

Oztopoak oztopo, Luhusoko polizia operazioaren ondoren Ipar Euskal Herrian izan zen erantzunak armagabetzea sendotu du, eta lau hilabete geroago posible izango dela dirudi. Adierazgarria da Frederic Espagnacek atzo adierazi zuena: Luhusoko gertakarien ondotik Parisi jarrera aldaketa bat sumatzen diola, atxilotuak izan ziren bosten lekukotasunek eraginda. «Bake zuzen eta iraunkorraren arrangura dutenak» artisau izatera deitu dituzten horiek dira Paris zulotik atera dutenak. Eta Parisek balioetsi dituen horien jokabidea da orain eredu herri oso batentzat. Jada ez dira bost, eta direnak baino gehiago izan nahi dute. ETAren armagabetzea ez da izango orain arte ezagutu ditugun beste armagabetze eredugarri batzuk bezalakoa, baina oztopoen aurrean bakea egin nahi duenak eredu berri bat du orain gizarte zibilean oinarriturikoa.

Publizitatea