Konponbideari begira

Analisiak

ENBAXADA BILA

Jokaldi bikaina

 

2017-03-26 / Martxelo Otamendi Egiguren - BERRIAko zuzendaria

Duela hiru urte, armagabetze prozesuaren lehen agerraldia egin zuen ETAk BBCk kaleratu bideo batean. Irudietan, ETAko kide pare bat ageri ziren, nazioarteko egiaztatzaile Manikkalingam eta Kasrilsi armak erakusten eta armen zerrenda bat ematen.

Aste honetan jakin dugu Kolonbiako FARCeko NBEko bitartekariei eman beharreko 10.000 armetatik, 140 eman dizkietela (bakarrik), eta armak jasotzeko paratu dituzten edukiontzi txuriak hutsik daudela, oraingoz.

«Erredikulua» izan zen gure herriko uribezale zenbaitek ETAk egindako saio hari deitzeko erabilitako adjektiborik finena. Egiaztatzaileek ETAk egindako urratsa garrantzitsutzat jo zuten arren, ez zen nahiko izan urrats hari seriotasuna emateko. Kolonbian, FARCek emandako arma gutxiez galdetuta, gobernuko ordezkariak esan berri du ondo dagoela, ez dagoela arazorik eta horrela hasten direla. Proportzioan, arma gehiago utzi zituen ETAk zoritxarreko mahai gain hartan, FARCek edukiontzietan utzi dituenak baino.

Bakearen artisauen jokaldiak aho bete hortz utzi ditu uribezaleak, jokaldi bikaina egin dutelako: irudimen alarde bat nazioarteko estandar guztiak hankaz gora jarrita. Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren kideek hartu dute ETAren armagabetzea aurrera eramateko ardura, eta aurreratu dute apirilaren 8an jakingo duela Frantziako gobernuak ETAren zulo armadunen kokapena.

Jokaldi bikaina da, zibilek egindakoa izanik, ezin dituztelako espetxeratu armak utzi nahi dituen erakunde armatu bat zeregin horretan laguntzeagatik; eta Frantziako Gobernua era aktiboan edo pasiboan parte hartzera behartzen dutelako, sutearen abisua jaso duen suhiltzailea behartuta dagoen bezala sua hiltzera joatera.

Arduragakeria penala litzateke Frantziako Gobernuak jakitea non dauden armak eta ez joatea haien jasotzera. Derrigortuta dago. Eta horrek egiten du bikaina planteamendua.

Informazio osagarria

Publizitatea