Konponbideari begira

Analisiak

HIZPIDEAK

Gizarte zibila protagonista

 
Bi emakume elkar besarkatzen, atzo, Baionan.
Bi emakume elkar besarkatzen, atzo, Baionan. I. URIZ / ARP
Amaitu da aro bat. Amaitu da erakunde armatu bat zeukan azken urteotako Euskal Herria. ETAk gizarte zibilari bere armategiak non zeuden aitortu ostean, gizarte zibilaren ordezkari horiek eman baitiete horren berri instituzioei eta gizarteari. Prozesu gardena izan da erabat, eta publikoa horrenbestez.

Gazteak, helduak, gizarte mugimenduetako aurpegi ezagunak, politikariak... armategietan lekuko gisa jardun duten bakearen 172 artisauek hartu dute aro armatu bati behin betiko amaiera emateko ardura. Errezelo nahiz gutxiespen guztiei izkin egin, eta lortu dute beren helburua: ETA armagabetzea. Erantzukizun, seriotasun eta ausardia handiz jokatu dute hainbatek eta hainbatek.

Gaurtik armarik gabeko lurraldea garela esatea ez da zuzena, baina gaurtik esan dezakegu arazo kolektibo bat gutxiago dugula. Gatazkarekin lotutako konpondu gabeko askok bere horretan segitzen dute, eta berriak ere badatoz. Kontakizunarena, besteak beste. «Oraingo fasean, oinarrizkoa da hitzak eta jarrerak desarmatzea, aurrera egin ahal izateko», zioen duela egun batzuk kazeta honetan Kristian Herbolzheimer Conciliation Resourceseko kideak. Bakearen artisauen adibideari jarraikiz, komenigarria litzateke datozen urratsetan ere gizarte zibilak hartzea protagonismoa. Atzoko egunak erakusten du posible dela, eta, gainera, egokiena. dela.

Publizitatea