Konponbideari begira

Analisiak

ENBAXADA BILA

Garrantzitsua izango zen

 

2017-04-09 / Martxelo Otamendi Egiguren - BERRIAko zuzendaria

Oso gauza garrantzitsua gertatu zen atzo Baionan: David Fernandezek alkandora jantzita hartu zuen parte egunean zehar egin ziren ekitaldietan. Edo urruti ikusten du Kataluniako independentzia, edo atzokoa garrantzitsua zen.

Frantziako Barne ministro izendatu berri Matthias Feklek ere garrantzitsutzat jo zuen atzo gertatutakoa: ETAren armagabetzea. Nafarroako parlamentuburu Ainhoa Aznarezek ere bai, eta Baionako kaleak bete zituzten milaka eta milaka herritarrek —20.000 Sud Oest egunkariaren zenbaketaren arabera—.

ETAk «erakunde armagabetua» zela jakinarazi zuen ostegun gauean, eta, bakegileek (Aritsans de la paix) hilabeteotan egindako lan eskerga eta irudimentsuaren ondorioz, Frantziako Poliziaren esku daude ETAren armak. Behartuta zeuden Frantziako Gobernua eta Polizia armategietako materiala biltzera.

Ipar Euskal Herriko eragile instituzional, politiko eta sozialek ikasgai ederra eta eredugarria erakutsi digute azken urteotan, besteak beste, Aurore Martin kasuan, eta berrikiago ETAren armagabetzean. Eragile horiek, behin eta berriro, ari dira esaten armagabetzea ezin dela ekinaldi isolatu bat izan, integrala izan behar duela; aurrenekoa dela urrats sorta batean, eta segida eduki behar duela biktimekin, presoekin...

Espetxeratuen alorrean, Frantziako eta Espainiako gobernuen jarrera ikusita, beste irudimen ariketa bat egin beharko dute bakegileek, armen kasuan bezala, bi gobernu horien politikak aldarazteko.

ETA oraindik erakunde armatua izatea oztopoa izan da Euskal Herritik kanpoko elkartasuna lortzeko, Espainiako sektore aurrerazale batzuetan bereziki.

Behaztopa harri bat gutxiago dauka sektore horrek, eta desagertuko dira gehiago...