Konponbideari begira

Analisiak

ENBAXADA BILA

Gizarte zibila

 

2017-04-09 / Vicent Partal - VilaWebeko zuzendaria

Ekinaldi historikoa bezain garrantzitsua da ETAren desarmatzea gizarte zibilak egitea.

Asteburu honetako euskal ikasbidea, bada, eredu urratzaile izan diren beste hainbat ekinaldi korapilatsuri gehitu beharko zaio. Nire herrian, independentziaren aldeko herri kontsulten bidez egin zen. Arenys de Munten, mugimendu bat sortu zuten, zeina egun bakar batean gai izan baitzen herri hauteskunde-administrazioak eratzeko; hori, lehen, estatuaren monopolio esklusiboa zen. Ezin hobeto funtzionatu zuen, eta huraxe izan zen ezinbestean eman beharreko lehen pausoa, bai A-9ko prozesu parte hartzailearen eta bai datorren irailean egitekoak garen autodeterminazio erreferendum jada ofizialaren aurretikoa.

Ibilbide honetan, ez gaude bakarrik. Batik bat Mendebaldeko munduan, praktikan gero eta ekinaldi gehiagok jartzen dute auzitan estatuaren, estatuen monopolioa erabaki politiko handien gainean. Munduak hirurehun urtean baino gehiagoan dihardu estatu-nazio ideia biribiltzeko ahaleginean, eta oraindik bide handia dago ibiltzeko. Baina, halako antolakunde politiko baten ereduak epea oraindik amaitu gabe duelarik, hasia da bestelakorik ere sortzen, zeinean herritarren erabakiz eta praktikan aukera baitago estatuen okerrak zuzentzeko, edota haien eraginkortasunik eza konpontzeko. Alde horretatik, seguru nago eskuliburuetan jasoa geratuko dela ETAren armagabetzea.

Eta hori ez da eragozpen bat aurrerantzean ere estatuak estu hartzeko eta haiei beren erantzukizunak bete ditzatela eskatzeko. Estatuek hartu beharko lituzketen erabakiak herritarrek hartu izanak ez du esan nahi estatuek uko egin behar diotenik beren betebeharrak betetzeari. Ez, behinik behin, inork kritikatu gaberik haien eraginkortasunik eza, alderdikeria edo asmo txarra.

Publizitatea