Konponbideari begira

Analisiak

HIZPIDEAK

Agenda eta lehentasunak

 
Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos.
Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2017-04-08 / Jakes Goikoetxea

Zeren arabera erabakitzen dute agintari politikoek ekitaldi batzuetara joatea eta beste batzuetara ez? Protagonista izatea edo taldeko aktoreak bidaltzea, egon gabe han daudela erakusteko? Egunotan badira bi gertaera, elkarrekin zerikusirik ez dutenak, baina lehentasunak agerian uzten dituztenak: armagabetzea eta Korrika. Biak gizarte zibilak, herritarrek zuzenduak eta bultzatuak.

Lerro hauek idazteko orduan jakina denagatik, ez dira ez batean eta ez bestean egongo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea. Okerra litzateke armagabetzeko ekitaldietara ez joatea, gertaera historikoa baita, ziklo bat amaitzeko urratsa eta gizarteak eta gehiengo politiko eta sindikalak babestua —Urkulluren eta Barkosen alderdiek barne—. Korrikan metrorik ez egitea ere ulertezina litzateke. Korrika babestu dute, eta antolatzaileekin bildu dira, bai, baina Korrikaren funtsa kalean dago: elkarrekin, parez pare, orpoz orpo, euskararen alde korrika egitea da.

Edozein inauguraziotara, enpresaren urteurrenera, Espainiako errege-erreginen bisitara, elizkizunetara eta abarretara joateko erreparorik ez duten horiexek ez al dira joango, printzipioz, ez gertakari historiko bat babestera, ez eta euskararen aldarrikapena eta euskaldun izatearen ilusioa eta harrotasuna zabaltzen dituen ekinaldi nagusietako batera ere? Ez direlako protagonista nagusiak? Argazki eta titulu deserosoen beldur? Diskrezioaren izenean? Baionakoak eta Korrikak hori guztia gainditzen dute. Agintari politikoak ez dira ezinbestekoak horietan, baina lagunduko lukete.

Publizitatea