Konponbideari begira

Analisiak

DDRaren euskal ADB bertsioarekin bagoaz

 

2017-11-08 / Rufi Etxeberria - Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea eta Gatazkaren Ondorioen Batzordearen arduraduna

Urriaren 19an Parisen Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Gobernuaren Justizia Ministerioaren ordezkaritzen artean egindako bilkurak emandako emaitzak egoera berri batean jarri du gatazkaren ondorioen konponbiderako eszenatoki politikoa. Emmanuel Macron maiatzaren 14an lehendakaritzara iritsi zenetik gobernu berriaren jokabidea ezagutzea zen lehen egitekoa eta joan den uztailaren 10eko harremanak itxaropenerako leihatila ireki bazuen oraingoan soluziobideak urratzeko aukerari ireki zaizkio ateak.



Urrats oso positiboa da bi aldeen arteko lan esparrua abian jarri izana eta are esanguratsuagoa apirilaren 8an armagabetze prozesua arrakastaz itxi ondoren datorrelako. Orduan, armagabetze prozesuaren azken hondarrean izan bazen ere, Francoise Hollande lehendakari zuen Frantziako Gobernuak irtenbide ordenatuaren aldeko hautua egin zuen eta jokabide hark, nola ez, asko lagundu zuen nazioartean «DDR» gisara ezagutzen diren Arau Integratuak betez lehen «D»-a edo Armagabetzea bururaino eraman ahal izateko. Orain, lehen «D»-a itxi ondoren, ETAren desmobilizazioari lotuta dagoen bigarren «D»-a eztabaida prozesu baten baitan dagoen unean, Frantziako Justizia Ministerio berriak «R»-aren edo Berrintegrazioaren garapenari ekiteko borondatea erakutsi du.



Armagabetze prozesuak alde guztientzat utzitako ondorio baikorrak kontuan izanez, Ipar Euskal Herrian eratutako ordezkaritzak duela hiru hilabete Parisen elkarrizketaren eskutik euskal preso politikoen aferari aurre egiteko eskaintza egin zuen. Gobernu berriaren eskutik Justizia Ministerioak, Jean Rene Etxegarai buru duen mintzaide batzordeari zilegitasuna emanez, egindako deiari eutsi dio Aieteko Konferentziako Adierazpenari erantzun gabe geratu zenetik justu sei urte beranduago.



Gatazkaren ondorioentzat perspektiba berria eskaintzen duen lan esparruak aurrera begira jarri behar bagaitu ere ezin utzi azpimarra egin gabe azken sei urtetan egindako ibilbidea. Aieteko Konferentziaren Adierazpenean bi estatuetako gobernuei egindako deiari muzin egin ondoren Euskal Herrian konponbiderako marko propioa eraikitzeari ekin zitzaion. Lan konplexua, oztopo eta zailtasun askorekin egiten ari dena baina hainbat eragileren konpromisoari esker Euskal Herrian gatazkaren ondorioen konponbiderako arkitektura berria ireki da.



Eragiletza soziala oinarri duen markoa eta parte-hartze politiko eta instituzionala ezinbestekoa duena. Lan emankorra, benetan, Bake Bidea eta Foro Sozial Iraunkorraren eskutik egiten ari dena. Azpimarratzeko, nola ez, ibilbide honetan Luhusok izan duen eragina eta Bake Artisauen ekarpena jendarte zibilaren inplikazioa lorpenen ardatz bilakatze bidean. Gauzak ez doaz martxa berean Ipar eta Hego Euskal Herrian, baina bi abiaduretan garatzen ari den bake eta normalizazio politikoaren aldeko estrategia honek aurrera darrai, eta ekinaren ekinez egindako bidearen emaitza da bi ordezkaritzek Parisen ireki duten lan esparrua.



Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Justizia Ministerioarenak abian jarri duten lan esparrua Euskal Herrian 2010az geroztik irekitako egoera politiko berriaren eraginez eman izanak biziki pozten du Ezker Abertzalea. Zentzu horretan, Ezker Abertzalearen aldebakarreko ekimenek eragile askoren arteko borondateak biltzea eta alde anitzeko akordioak erdiestea ahalbideratu du eta Ipar Euskal Herrian bertako eragile sozial, politiko eta instituzionalen artean lortutako adostasunen eraginez konponbidearen alde gorpuztu den indar harreman berriak bultzatu ditu Parisko autoritateak elkarrizketari ateak irekitzera eta bi ordezkaritzen arteko aldebiko esparrua abian jarriaz euskal preso politikoen afera jorratzeko aukera irekitzera.



Parisen eratu den lan esparruak izaera ofiziala duen zalantzarik ez du uzten bera publiko egin den une beretik eta horrek berak agerian jarri du gobernu frantziarrak espainiarra jakitun egin duela armagabetze prozesuaren ondoren hartu duen bigarren erabakiaz. Hori egin izan ez balu ez zion publikotasunik eman nahi izango lan esparruari. Gauzak honela, Justizia Ministerio frantziarrak euskal preso politikoen aferari aterabideak emateko borondatea adieraziz eta are gehiago, urratsak emanez espainiar gobernuaren itxikeria leku txarrean utz lezake.



Parisen eratu den lan esparruak baditu partaideak, badu lanerako agenda eta badu ezaugarri nagusia; izan ere, martxan dena erabakirako esparrua baita. Ez da presoen aferari irteera globala emateko edo guztien kaleratzea negoziatzeko mahaia. Hori horrela, Ipar Euskal Herriko eta Justizia Ministerioko ordezkaritzen misioa euskal preso politikoen aferari frantziar legediak ahalbidetzen dituen neurriak aplikatuz irteerak ematea izango da. Hau da, euskal preso politikoei aparteko neurrien eraginik gabeko legediaren aplikazioa ezarriz orain artean egin ez diren urratsekin errealitate berri bati ateak irekitzea eta konponbide globalaren norabidean presoen baldintzen hobetzea eta kaleratzeak uztartzea.



Ipar Euskal Herriko eta Justizia Ministerioaren artean abian jarri den lan esparruak emaitza zehatzak baldin badakartza ondorioen konponbideari begira itxaropen berria sor daiteke euskal jendartean bezala eragileen artean ere, eta une berean espainiar gobernuaren itxikeria behingoz zartatu dadin presioa egiteko konpromisoak eta gogo-aldartea ere indartu. Gauzak ez lirateke berdinak izango esparru horrek emaitzak emango balitu. Eszenatoki berriaren aurrean kokatuko ginateke.



Ireki den aukerak izan dezakeen garapenean eragin zuzena izango du presoen aferaren konponbidearen alde gorpuzten den indar harremanak. Etengabe sendotu behar den indar harreman horretarako fluxua aktibazio sozialetik, eremu politiko eta instituzionaleko ekimenetatik eta harreman gehi diplomazia sarearen eraginetik etorriko da. Norabide horretan kokatzen dira azaroaren 16tik aurrera espetxez espetxe Estatu frantziarrean egingo den bira eta, batez ere, abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizazioa.



Helburua ireki den aukera urrats zehatzetan gauzatzea da, eta, hori eman dadin, estrategia eraginkorraren ardatzak aipatutako hiru eremu horiek (aktibazio soziala, interbentzio politiko-instituzionala eta diplomazia) era iraunkorrean jorratzea eta indartzea izan behar du. Armagabetze prozesuak agerian utzi zuen konponbidearen aldeko borondateen metaketa garaitu ezina dirudien Estatuen itxikeria gainditzeko gai dela eta behin hori frogatuta «Orain presoak».