Konponbideari begira

Elkarrizketak

Teresa Whitfield. Idazle eta ikertzailea

«Ez zen ohiko bake prozesu bat, baina bai berritzailea eragile batzuen partetik»

Atzerritik iritsi izanaren abantaila da leku horretako korronte politikoekin ez identifikatzea, Whitfielden esanetan. Horrek ate ugari ireki dizkio ikerlariari ETAren amaiera lantzeko.

2023-06-18 / Iosu Alberdi

Teresa Whitfield (Cambridge, Ingalaterra, 1963) Nazio Batuen Erakundeko Politika Gaietako eta Bakea Finkatzeko Departamentuko Politika eta Bitartekaritza Saileko zuzendaria izan da azken urteetan. Lan horri heldu aurretik, ordea, Endgame for ETA: Elusive Peace in the Basque Country (ETAren jokoaren amaiera: Euskal Herriko bake saiheskorra) liburua argitaratu zuen, 2014an, erakunde armatuaren behin betiko su etenaren nondik norakoak hizpidetzat hartuta. Andres Krakenberger ekintzaileak gaztelerara itzuli du hura —ETA: el desenlace. La paz esquiva en el País Vasco—, eta Whitfieldek edizio berria baliatu du orduko lana eguneratzeko eta 2014tik aurrera gertatutakoak ere aztertzeko.

Liburuaren lehen edizioa 2014an argitaratu zenuen. Oraindik ere aktualitateko gai bat da lantzen dena?

Uste dut baietz. Ingelesezko bertsioa atera nuenean, ETAk amaiera emana zion indarkeriari, eta nik uste osoa nuen egia zela. Ondorio batzuetara iritsi nintzen garai hartan, baina kontziente nintzen ez zela amaitu. 2014an, [Espainiako gobernuburu ohi Mariano] Rajoyren agintaldian, afera geldirik zegoen, eta ikusten zen ez zuela ebazpen azkar bat izango. Kontua ez zen sei hilabete itxarotea, egingo zelakoan. Beraz, liburua argitaratzea erabaki zen. Gazteleraz ere argitaratu nahi izan nuen, baina ez zen posible izan.

Gero, Nazio Batuen Erakundean sartu nintzen, eta han ez zen posible gai honen inguruan lan egitea. Baina urrunetik jarraitu nien armagabetzeko eta desegiteko emandako pausoei. Iaz, NBEtik atera nintzenean, pentsatu nuen merezi zuela lana amaitzeak; baita elkarbizitzarako bide luzea aztertzeak ere. Gai konplikatua da oraindik ere, eta izango da hamarkada batzuetan.

2014tik 2018ra bitarte, espero zenuena gertatu zen?

Gutxi gorabehera, baina, egia esan, 2014an ez nekien nola egingo zuen aurrera. Bi arrazoirengatik. Batetik, PPren gobernuaren erabateko ukapena ezer mugitzeko. Aieteko Konferentzia 2011ko urrian izan zen, eta bide orri bat ezarri zen orduan; gero jakin genuen ETAko hiru buru Oslon egon zirela ere. Esperantza zegoen elkarrizketa prozesu bat irekiko zela, ez ezer politikoa eztabaidatzeko, baina bai armagabetze prozesu ordenatu bat egiteko. 2014an, baina, blokeatuta geratu zen. Bestetik, ETAk eta ezker abertzaleak modu adostu batean aurrera egiteko beharra zuten. Zaila izan zen hori ere, ez baitzegoen aurrerapenik beste aldean.

Zergatik uste duzu egin ziola uko Espainiako Gobernuak ETAren armagabetzeari?

Harrigarria izan zen. Ezin izan nuen beste adibiderik topatu zeinean indarkeria utzi duen talde terrorista bat armak entregatzeko prest egon eta gobernuak ezetz esan duen. Nire ustez, gobernuak prozesu bat egotea onartu nahi ez izateari erantzuten dio. Halako zerbaitetan sartzeak, nahiz eta zuzeneko bilerarik ez egin, politikoki ezinezkotzat jotzen zuten aitortza bat ekarriko zuen haientzat. Bide posible bakarra terrorismoaren porrot osoa zela zioen ildoa mantendu nahi zuten.

Horiek hala, nazioarteko eragileek hartu behar izan zuten gobernuak jorratu beharreko rola?

Ez zen ohiko bake prozesu bat, baina bai berritzailea eragile batzuen partetik. Liburuan adierazten dut ez zela inoiz nazioarteko komunitatea izan. Baina rol ezberdinak izan zituzten eragileak aritu ziren. Kritikoentzat erraza zen esatea ez zekitela zertan ari ziren, ezker abertzalearen narratiba hartzen ari zirela... Baina horien lana garrantzitsua izan zen.

[Espainiako gobernuburu ohi Jose Luis Rodriguez] Zapateroren gobernuetan, komunikazio kanal bat egon zen, nahiz eta 2007tik ez ziren izan zuzeneko bilerak. Horrek Aieteko Konferentziako sukalde lanak egiteko bidea eman zuen. ETAren eta gobernuaren arteko kanal horrek funtzionatzea oso garrantzitsua izan zen.

Egoera horrek erraztu zion ETAri urratsak egitea?

Bruselako Adierazpena oso agerikoa izan zen. Aukera ematen zuen ETAk kanpotik zetorren eskaera bati erantzuteko, eta ez gobernuaren aurrean egindako errendizio bati. Egiturazko ukitu bat behar zuen, eta hori zegoen Aieteko Konferentziaren atzean ere. [NBEko idazkari nagusi ohi] Kofi Annan eta gainerakoak Aietera etorri zirenean, kritikak zeuden, teatroa zela esanez. Eta teatroa izan zen, baina helburu oso garrantzitsu batekin egindakoa.

2012ko otsailean elkarrizketatu nuen Alfredo Perez Rubalcaba [Barne ministro ohia], eta galdetu nion eragile horien inguruan. Erantzun zidan ETAk indarkeria uzteko prezioa bazen Annan Donostiara iristea, bera prest zegoela bidaia txartela ordaintzeko. Esan nahi zuen jakitun zirela zer ari zen gertatzen. Annan ez litzateke inoiz Donostiara iritsiko gobernuaren isilpeko bermerik gabe.

Gizarte zibileko eragileak ere garrantzitsuak izan dira.

Enfasia eman nahiko nioke euskal gizarte zibilak izandako rolari. Indarkeriaren kontra presio egiteko mobilizazioak —Gesto eta halakoak—, Elkarrik eta beste batzuek elkarrizketaren bidea sustatzeko egindako lanak, biktimen mobilizazioak eta armagabetzearen inguruan gizarte zibilak egindako lana. Lokarri, Foro Soziala, Bake Bidea, Bakearen Artisauak... Nahiko kaotikoa eta arriskutsua izan zen azken horiena. Uste dut artisau hitza aproposa dela. Ez zen eredugarria izan, baina garrantzitsua da [armagabetzea] egin ahal izan zela.

Aipatu duzun beste arrazoia da ezker abertzaleak estrategia bat garatzeko beharra zuela. Nola ikusi duzu espazio politiko horren ibilbidea?

Oso interesgarria izan da. Liburuaren parte handi bat da ezker abertzale barruko estrategia aldaketaren ingurukoa. Gertutik ikusteko aukera izan nuen. Garai iluna zen, eta haiekin egindako elkarrizketetan ez zen argi ikusten funtzionatuko ote zuen.

Une batean, esan zidaten ETAk hiru gauza behar zituela: nazioarteko babesa; kontsulta oso zabalak egitea ETAren eta ezker abertzalearen barruan; eta independentismoaren aldeko indarren aliantza bat, EH Bildurekin ikusi duguna. Lan eraginkorra egin zuten oinarri hori eraikitzeko, eta Bilduren indar politikoa ezker abertzaleak egindako lan zailaren fruitua da.

Liburuan ageri da erreferentzia bat 2021eko Urriaren 18ko Adierazpenari. Zer iruditu zitzaizun?

Urrats oso garrantzitsua izan zen. Biktima guztiei egindako aitortza eta ETAren biktimei emandako enfasia, ETAren 2018ko apirileko adierazpenean egin ez zena. Elkarbizitza eraikitzeko bide bat markatzen du.

Espainiako eskuinak egindako biktimen erabilera kritikatu duzu. Ez dakit kasu egin diozun azken bozen kanpainari: ETA agenda politikoan dago oraindik.

Fenomeno kuriosoa da, baina, hainbeste urtetan gaia jorratu ostean, ez nau harritzen. Alde batetik, tentsioa dagoelako. Bilduk politikaren normalizaziorako hartutako bidea oso positiboa da, baina egindako elkarrizketetan ikusi dut batzuentzat deserosoa dela: badirudi azkarregi urrunegi iritsi direla, oraindik ere autokritika nahiko egin gabe. Bildu indar politiko bezala hain indartsu izateak ere zaildu egiten ditu gauzak; botoen %10 inguru bereganatuko balitu, agian ez litzateke egongo hainbeste sumin gai horiekin.

Badira beste faktore batzuk. Katalunian gertatutakoa da bat. Indarra eman die independentisten kontrakoei. Bizirik dagoen gaia da, eta Voxek gora egitea eragin du. Halere, eskuin muturreko alderdi bat izatea ez da salbuespena.

Foro Sozialak adierazi du beharrezkoa dela biktimen arteko tratamendu asimetrikoa amaitzea. Euskal Herrian egin dira urratsak, baina estatu mailan zailagoa dirudi.

Jon Mirena Landaren Víctimas invisibles [Biktima ikusezinak] liburua irakurri dut oraintsu. ETAren biktima normatiboak eta biktima ikusezinak bereizten ditu. Nire ustez, nazioarteko giza eskubideen araudien kontrako asimetria bat egin da. Gertaeretan oinarritutako tratamenduetan oinarritu behar da, baina hemen egileen arabera jokatu da. Oraindik erresistentzia dago sektore askotan torturarekin jazotakoa aitortzeko, eta inpunitatea estatuari lotutako kasuekin.

Egin diren urratsetako bat da euskal presoei aplikatutako urruntze politikaren amaiera.

Harritu ninduen denboran irauteak. Aurrera eraman ahal izateko afera sinplea zen. Legearen pean erraza zen presoak mugitzea Aieteren ostean, edo nahi zenean. [Urruntzea mantentzea] zerbait kaltegarria bezala ikusten nuen ikuspuntu taktiko batetik.

Memoriarena da beste afera bat. Kontakizunaz edo kontakizunez hitz egin behar dugu?

Hemen kontakizunez egin den erabilerarekin eta kontakizunaren bataila deritzonarekin, uste dut zaila dela ados jartzea kontakizun bakarrean. Baina uste dut giza eskubideetan oinarritutako oinarri sendo batekin onartu daitekeela kontakizun ezberdinak egongo direla esperientziari eta pertzepzioari dagokionez.

Publizitatea