Konponbideari begira

Analisiak

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Ebazpena. Analisia

Konponbidearen leihoa zabal-zabalik

 

2011-10-18 / Pello Urzelai

Bake eta konponbidearen leihoa zabal-zabalik dago. Horixe izan da nazioarteko sei pertsona ezagunek Donostiako Aieteko jauregira ekarri duten mezua. «Euskal Herrira etorri gara Europako azken konfrontazio armatua behin betiko gainditzeko garaia iritsi dela eta posible dela pentsatzen dugulako», adierazi dute ebazpenaren lehen esaldian. Helburu hori «lortzeko modukoa» dela nabarmendu dute. Beraz, konferentziak ekarri duen lehen ondorioa konponbide iraunkorrari heltzeko nahiko heldutasuna dagoela ohartaraztea izan da. Baina adierazpena ongi ulertu behar da. Kofi Annan, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powellen mezua ez da aditu batzuen iritzi huts bat, baizik eta denbora luzez landutako egoera baten baieztapena. Aieteko jauregiko agerraldia egitera etorri badira benetako aukera dagoela esateko nahiko bermeak dituztelako da. Nazioarteko seikoteak jakin badaki ebazpenaren bost puntuetan marraztu dituzten urratsak gauzatu daitezkeela edo gauzatzeko bidean egon daitezkeela. Denak ez dira berehala iritsiko, baina benetako bide orrian daude markatuta.

Adierazpenaren egileek irizpide kronologiko bat ezarri dute. Lehen puntuak —[ETAren] jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa»— lehendabizikoa izan behar du, eta, hori gertatuz gero, ondorengoak. ETAren iragarpena ez da etorriko konferentziaren ondorioz, nazioarteko sei pertsona ezagunek eskatu diotelako, baizik gogoeta egin eta konfrontazio armatuaren zikloa itxi behar delako ondoriora iritsi delako, ezker abertzalearen apustu estrategikoarekin bat eginez.

Urrats horren atzetik kokatu ditu Aieteko adierazpenak ondorengoak, baina osotasun baten barruan, konponbidearen ikuspegi integrala bere eginez. Hor dago nazioarteko sei pertsona ezagun hauen ekarpen nagusia. ETAren borrokaren amaieraz gain, Espainia eta Frantziako gobernuek ETArekin hitz egitea ere beharrezkoa da —«gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko»—, baita «biktima guztien aitortza» eta «gai politikoak» eztabaidatzeko ordezkari politikoak biltzen duen foro bat ere. Horrez gain, euren burua eskaini dute Jarraipen Batzordea osatzeko.

Bake eta konponbide iraunkorra lortze aldera, Aieteko adierazpenaren ikusmoldea zentzuzkoa bada ere, hainbat eragilek ez dute oraindik bereganatu ikuspegi integrala euren diskurtso politikoan. Baina horrek ez du esan nahi eskema horren araberako urratsak egiteko ardurarik ez daukatenik. Espainiako Gobernuak eta Frantziako Gobernuak erantzukizun handia dute salbuespeneko neurriak indargabetzeko orduan. Halaber, alderdi politikoek erronka handia dute gatazka politikoari elkarrizketa bidezko irtenbideak bilatzeko orduan. Herritarren ardura da eragileak sustatu eta urratsetan parte hartzea.

Publizitatea