Konponbideari begira

Elkarrizketak

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak. Catherine Greze. Europe Ecologieko diputatua

«Espainiako Gobernua mugiarazteko funtsezkoa da nazioarteko presioa»

Europako Parlamentutik segitu du Grezek Donostiako konferentzia, eta, egun batzuk arinago, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean engaiatzeko eskatu zion Europako Parlamentuari.

2011-10-19 / Aitor Renteria

Pozik hartu du Grezek Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia. Ebazpena bezainbat konferentzia bera burutzea. Konponbidea lortzeko aukerak indartu nahi badira nazioarteko esku hartzea funtsezkoa dela dio. Horregatik, joan den astean gatazkaren konponbidean engaiatzeko eskatu zion Europako Batzordeari. Eta idatziz eskatu, ahoz egindako galderek ez dutelako ihardespenik ukan orain artean.

Nolako inpresioa eragin dizu konferentziak eta nolako balorazioa egiten duzu?

Oso pozik nago. Euskal Herriko gatazka gainditzeko aukerak gero eta handiagoak dira. Konferentzia norabide horretan kokatzen da, urrats bat gehiago da. Duela aste batzuk ETAren menia egiaztatzeko batzordea sortu zen; orain, hau. Bake prozesuaren orria gero eta zabalago ageri da, inflexio puntu batera heltzen ari gara. Nazioarteko eragileen pisu politikoa begi bistakoa da. Nehork ezin du ukatu orain gatazka politiko bat dagoela oinarrian. Gatazka politikoa bada, konponbideak ere politikoa behar du. Horregatik joan den astean idatziz egin nion eskaria Europako Batzordeari. Gatazka gainditzeko prozesuan engaiatzeko eskatu nion Europari. Oraingoan idatziz egin dut galdera, ahozko galderek ez dutelako erantzunik ukan.

Zure iritziz, funtsezkoa da Europaren esku hartzea gatazkaren konponbidea bermatzeko?

Ni Europe Ecologie taldeko diputatua naiz, ez naiz euskalduna. Ezin dut erran egoera sakon-sakonetik ezagutzen dudanik. Baina, aldiz, erran dezaket Europaren eraikuntza bakearen ideian oinarritu dela. Euskal Herrian gertatzen dena ez dator bat Europaren ideia horrekin. Euskaldunek ez dute atzematen nahi edo behar duten bidea. Arazoa ez da Frantzia eta Espainiarena. Europa osoari dagokio konponbidea atzematea Euskal Herriko egoerari. Nazioarteko presioa handitzen bada, prozesu hori geldiezina izanen da. Euskaldunek haien ahotsa entzunarazi behar dute Europan, nazioartean. Pentsarazi nahi ziguten tokiko gatazka txiki bat zela. Ez. Europan dagoen azken gatazka armatua da. Espainiako Gobernua mugiarazteko funtsezkoa da nazioarteko presioa.

Espainiako Parlamenturako hauteskundeak hurbil daudelako diozu hori?

Argi dago hurrengo hauteskundeetan PP nagusituko dela Espainian. Orain egin behar dira urrats sendoak, prozesuak gibelera egiterik ez duela erakusteko. Horregatik egin behar dira arin urratsak. Azken hauteskundeetan Bilduk emaitza ikusgarriak lortu zituen. Hego Euskal Herriko bigarren indarra izan zen, eta horrek frogatzen du bide politikoa dela ona. Orain, nahi duten herritarrek Amaiur taldeari eman diezaiokete boza. Sortu legeztatu beharra dago. Ezin da politika egiteko bidea moztu. Gero bakoitzak jakinen du nori ematen dion boza.

Pierre Joxe Frantziako Barne eta Defentsa ministro ohia konferentzian egoteak adieraz dezake Frantziak keinu bat egin dezakeela? Aitortzen duela gatazka berea dela ere bai?

Argi dago Joxen presentzia keinu politikoa dela. Eta baikorra dela erranen nuke. Behingoz, badirudi Frantzia iratzartzen dela eta aitortzen duela parte hartze zuzena duela gatazka horretan. Berriz nabarmendu nahi dut konferentzian parte hartu duten nazioarteko eragileen garrantzia. Deialdi bateratua egin dute, ez ETAri bakarrik. Bi estatuei ere bai. Orrialdea pasatu behar da, eta, horretarako, euskal herritarrek haien iritzia eman behar dute. Galdetu behar zaie, eta guztiek ukan behar dute erantzuteko eskubidea. Ezin da traba gehiago jarri bide honetan. Aitzinatu beharra dago, eta laster, gainera.

Bertze anitzen artean, ez ote zen nabarmena Arnaldo Otegiren falta konferentzia horretan?

Ezin naiz horretan sartu, baina berriz diot guztiek hartu behar dutela parte. Orain arte bezala, sostengatuko ditut euskal herritarren aldarrikapenak.

Publizitatea