Konponbideari begira

Elkarrizketak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Elkarrizketa. Carlos Garaikoetxea. Jaurlaritzako lehendakari ohia

«Nazioarteko iritzia oso erabakigarria da; ETAk ezin zion uko egin»

«Zirrara berezia» sentitu du Garaikoetxeak azken 30 urtean lortu nahi zen helburua azkenik albiste delako. Haren ustez, eskuineko sektore batzuek beldur handiago diote aro politiko berriari.

2011-10-22 / Joxerra Senar

Nire barruan zirrara sakona sentitu nuen». Azken 30 urteetan egindako eginahal guztiak gogoan, halaxe hartu zuen ETAren erabakiaren inguruko albistea Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak (Iruñea, 1938). Garaikoetxeak azaldu duenez, herenegun etorri zen albistea helburu izan du azken 30 urteetan. Lehendakari ohiak oso garrantzitsutzat jo du asteleheneko bake konferentzia, bermatu egin duelako prozesu guztia. Haren ustez, Espainiako eskuineko sektoreek beldur handiagoa diote orain irekitzen ari den aro politiko berriari.

Konferentziaren ondoren ikusten zen ETAren agiria laster etor zitekeela. Harritu al zaitu agiriaren edukiaren irmotasunak?

Ez. Argi esango dut. Gauza hauek bere sukaldea behar dute, eta auskalo noraino heltzen den sukalde hori! Ziurrenik, Madrilgo gobernua saltsa honetan dago, beharbada bitartekarien bitartez, eta, horregatik, nahiko baikorra naiz. Ez da bakarrik agiri hau edo [Aieteko] adierazpen hori esku artean dugula, baizik eta beharrezkoak diren urratsak jadanik landuak izan direla.

Aieteko Adierazpenak bide orria adierazten du. Zer garrantzia izan du bake konferentzia honek eta aurretik egin den ezkutuko lan horrek?

Konferentzia horren garrantzia azpimarratu beharra dago. Batez ere, kontuan hartzen badugu nortzuk zeuden eta gerora Tony Blairrek, Jimmy Carterrek eta George Mitchellek ere sostengua eman diotela. Entzun ditugun mespretxuek eta irainek benetan merezi dute auzitara eramatea. Lotsagarria izan da. Nire ustez, pertsona ospetsu horien parte hartzea prozesu baten azken atala da, baina atal garrantzitsua, zeren eta nazioarteko iritzia ETArentzat oso erabakigarria izan da, zalantzarik gabe. Ezin zion uko egin horrelako berme bati. Konferentzia horretan bermatu egin da prozesu guztia.

Espainiako eskuineko komunikabideak zein PPko hainbat ordezkarik begi txarrez hartu dute konferentzia zein ETAren agiria. Jokoz kanpo hartu ditu?

Bereizi egin behar ditugu bakoitzaren jarrerak. Adibidez, ulertzen dut biktimek gauza gogorrak esatea. Asko sufritu dute, eta beraien sentimenduak kontuan hartu behar ditugu. Min horren ordaina zor zaie. Baina beste batzuk orain arte ETAren arazoari fruitu politikoa ateratzen egon dira, eta badirudi ez direla etsitzen iturri horri uko egitera. Espainiako komunikabide batzuek giro politikoa nahastu egin nahi izan dute, Esperanza Agirreren eta sektore gogorrenen jokoa indartzeko. Ez zaie hainbeste axola nolabaiteko indarkeria jasan behar izatea. Askoz beldur handiagoa diote indar politiko demokratiko baketsu eta zibiko bat ondo ateratzeari. Abertzale guztiok gure indarrak elkartu eta gure askatasun nazionala lortu ahal izateko munduaren aurrean gure borondate demokratikoa erakusteak kezkatzen ditu.

PPren barruan, Mariano Raxoi Espainiako presidentegaiak zuhurtzia erakutsi du. Gobernura iritsiz gero uste duzu egoerak eskatzen duen neurrian erantzungo duela?

Estatu gizon batek ezin dezake mespretxatu bakea lortzeko aukera.

ETAren agiria Zapateroren legealdiaren hondarrean dator. Hilabete bat falta da hauteskundeetarako, eta bitarte horretan egin beharko al luke keinuren bat Zapaterok?

Nire ustez, Zapatero eta Raxoi ados jarri dira gai hau jorratzeko orduan. Ziurrenik, badute itun bat hauteskundeetan gai honi etekinik ez ateratzeko. Bestalde, dagoeneko zaila da Zapaterorentzat ezer egitea. Beharbada, keinu erlatibo bat egin dezake, edo mugimenduren bat espetxe politikan, eta bidea ireki Raxoik jarrai dezan. Baina, bere zoritxarrerako, berandu heldu zaio Zapaterori, edo goizegi aurreratu ditu bozak.

Aro politiko berri bat ireki da. Zeintzuk izango dira gakoak?

Batetik, Euskal Herrian abertzaleen elkar ulertzea indartu behar dugu. Penagarria da, adibidez, Nafarroan gertatzen ari dena. Espero dut EAJ kontsekuenteagoa izatea eskubide nazionalen defentsan. Bestetik, Frantziako eta Espainiako jakobinismoa ez da desagertuko, baina erakusten badugu hemen ez dagoela indarkeriaren arazo bat bakarrik eta eskari demokratiko bat eta gehiengo demokratiko bat ere badagoela, gauzek aurrera egingo dute.

Publizitatea