Konponbideari begira

Elkarrizketak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Jean-Pierre Massias. Gatazken konponbidean aditua

«Arazo batzuk ez badira aipatzen, traumatismoak gelditzen dira»

'Faire la paix au Pays Basque' liburua kaleratu berri du Jean Pierre Massias zuzenbide konstituzionaleko irakasleak.

2011-10-26 / Jenofa Berhokoirigoin

Nazioarteko hainbat gatazka politikoren konponbide prozesuak hurbiletik aztertu ditu Jean Pierre Massiasek (Chamalieres, 1961). Urtez urte ikusi eta ikasitakoak azalpen gisa harturik, Euskal Herrikoaren konponketa du solasgai Faire la paix au Pays Basque (Bakea egin Euskal Herrian) liburuan.

Euskal Herriko gatazka aztertzen duzu liburuan, nazioarteko beste hainbat gatazkaren konponketak aipatuz baita ere.

Kanpora begiratuz uler daiteke nola begiratu behar dugun gure etxe barnera. Euskal Herriko gaur egungo gaiak aipatzen ditut bai, baina ber momentuan hortaz aldenduz; batetik, zaila delako erabat hurbil-hurbiletik aztertzea, eta, bestetik, gauzak aldatzen ahal direlako ere. Gainera, uste dut unibertsitate ikasle baten egitekoa dela gauzen argitzea, kanpoko adibideak aipatuz. Ekialdeko Europan lan egin dut anitz, Afrikan ere egon naiz; beraz, adibide horietan ditut ziurtasun batzuk forjatu. Ez dut erraten adibide horiek gureraaldatu behar direla, baina gauzak beste tokietan nola iragan diren ulertzen laguntzen dute. Erlatibizatzen ere laguntzen du. Hau da, bortizkeriaz eta biktimen sufrimenduez mintzo gara anitz; erreala da, bai, baina beste gatazka batzuetan, beste modu batez jorratua izan da biktimen gaia. Biktimei errana izan zaie bizitzen dutena zaila dela, bai, baina bakezkoak egin behar dituztela.

Denborari begiratzen badiogu, hori laster eginen da? Luze izanen da?

Dimentsio sinbolikoa eta dimentsio erreala txandakatu behar dira. Eragile batzuek bizikidetzarako anitz denbora beharko dute; ulertu eta onartu behar da, halaber, batzuek ez dutela sekula eginen. Bizikidetza kontzientzia kolektiboari ere lotua da. Adibidez, Hegoafrikan egin zenean, ez dut uste apartheid-aren aldeko errabiatuenak eta torturatzaile horien biktimak adiskidetu zirenik. Baina, jendarteari erakutsi zaio, batetik, ezin duela erran ez zekiela, eta, bestetik, orain jakinean izaki, hori gainditu behar duela ; hori ez dela berriz gertatu behar eta elkarrekin lanean aritu behar dutela nazio berri bat eraikitzeko. Garrantzitsua da, bizikidetza ez da bakarrik norberaren afera bat, afera kolektibo bat ere bada; pauso indibidual batzuen bidez eramana dena. Ez zaie biktimei inposatu behar adiskidetze artifizial bat. Gaztaka ondoko berreraikuntza gauzatzeko prozesu sozial bat da bakezkoak egitea. Horrez gain, biktima batzuei errespetua zor zaie. Torturatua izan den batek adibidez, kalte ordainak behar ditu. Jakinez, ukazioak mina handitzen duela.

Negoziazio fasea ere ezinbestekoa ikusten duzu.

Garrantzitsua da, mahai gainean ezartzen direlako gai oso zailak, denbora eta antolakuntza handia eskatzen duten gaiak. Sinbolikoki ere adierazgarria da, gatazkaren dinamika alderantzizko zentzura doala islatzen duelako: elkarren aurka borrokan zirenak orain mintzo dira. Munstro kontsideratu duzuna, pertsona gisa kontsideratzen duzula islatzen du, dimentsio etikoa ere badu. Ber momentuan, arazoak konpontzeko molde ona da, martxan da. Arazo batzuk ez badira aipatzen eta konpontzen, traumatismoak gelditzen dira, eta hori txarra izateaz gain lanjerosa ere da. Frankismo garaian izan tortura ez zen aipatu, eta gaur egun oraino torturatzen da.

Ikusiz beste gatazkak konpondu ahal izan direla, Euskal Herrikoa ere konpon daitekeela uste duzu.

Bai. Maiz erraten da Irlandako egoera eta hemengoa konparatu arren, erabat ezberdinak direla. Bai ezberdintasun objektiboak badira. Baina, gatazka oso bortitza, gogorra eta zaharra konpondu dute han; beraz, hemen ez lortzeko arrazoirik ez da. Bai posible da, beharrik.

Zure ustez, gaur egungo prozesuak zer du aitzinekoek ez zutena?

Aldi honetan, ETAren adierazpena eraikuntza sozial baten ondorioa da. Aitzinekoetan baino izugarri azkarragoa izan den eraikuntza sozial bat dugu. Zutik Euskal Herria-rekin hasi eta Gernikako akordioarekin aitzina segitu duena, jendarte zabalaren eta, besteak beste, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren sostengua ukan duen akordioa izaki. Eraikuntza ezberdina da, piramidea azpitik eraiki da kasu honetan, ez da gainetik inposatu nahi izan den prozesu bat.

Nazioarteko adituen tokia garrantzitsua da?

Biziki inportanta da, egoera landu eta prestatu dutelako. Prozesu bat ongi aitzinarazteko, ez du ez alde batek ez besteak galtzaile delako sentimendua ukan behar. Horrentzat bitartekariak zinez garrantzitsuak izan dira. Eragile zinez inportanta izan den beste bat Arnaldo Otegi da.

Otegik preso segitzen du. Aske behar luke egon, beraz...

Bai argi da. Preso atxikitzea zinez salagarria zen, eta gaur egun ezin ulertua da. Espainiak horrela segitzen badu eta hauteskundeetan Bilduk, Amaiurrek emaitza onak lortzen badituzte eta Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetara arte dena ongi badoa, zer? Preso den lehendakari bat ukanen dugu?! Hauteskundeei begiratuz, gainera, Espainiarentzat astakeria bat da.