Santoñako errendizioa

Bilbo erori ondoren, Enkarterrietara bildu ziren euskal armadaren hondakinak, eta Bizkaiko mugan osatu zen berriro frontea. Turtzioz izan zen azken lur eremu librea, eta han idatzi zuen bere agurra Agirre lehendakariak, erbestera abiatu aurretik. Turtzioztik Santanderrera jo zuen Agirrek, eta Kantabrian desegin zen euskal erresistentzia antolatua. Santoñan milaka soldadu kontzentratu ziren. Euskal agintariak italiarrekin negoziatzen ari ziren.

Bilbo hartu berritan frankistek pilatutako armak eta gerra materiala, hiriburuko kale batean. EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA.

15.000

gudari entregatu ziren Santoñan

1937ko abuztuaren 26an hasi eta lau egunez, beren armak entregatu zituzten batailoi abertzaleetako, Durruti, Bakunin eta Celta batailoi libertarioetako eta Meabe sozialistako gudariek. Bide bera hartu zuten 3.000 ofizial ere gehitu behar zaizkie. Soldaduetako 4.000 zaurituta zeuden. Guztiak egon ziren ebakuatuko zituzten ontzien zain, buruzagi politikoekin batera. Bi ontzi besterik ez zen heldu. Ez zen ebakuaziorik egon. Ataka horretan, beren buruaz beste egin zuten batzuek. Ametsa gauzatu ezina zela ikustean, Duesoko kartzelara joan ziren milaka gudari. Irailaren 4an, frankistek ordezkatu zituzten hango zaindari italiarrak. Askoren ustez euskal herritarren errepublikarekiko traizioa zena, italiarrek eurei egindako traizio gisa bizi izan zuten euskaldun askok.

Santoñako errendizioarekin, milaka gerra presoren aurkako jazarpen fisikoa hasi zen. Ez ziren guztiak errenditu, baina. Asturiaseraino heldu ziren batzuk. Euskal armadako hainbat kide -eta 1938an preso frankistekin trukatuta aske geratu zirenak- Errepublikaren Ebroko eta Ekialdeko Armadetan sartu ziren. Euskal miliziano gutxi batzuk Levanten ere borrokatu ziren.Beste batzuk, 1936ko urritik aurrera, euskal miliziak Madrilgo frontean ari ziren. Errepublikaren Herri Armadaren 40. brigada mistoaren 2. batailoia osatu zuten. Madrilgo defentsa lerroan borrokatu ziren erori zen arte, 1939ko martxo bukaerara arte.

Santoñako portuan tropak zein zibilak egon ziren ihes egiten lagunduko zieten ontzien zain. Ez ziren inoiz heldu.

Milizianoak, Madrilgo defentsa lerroko lubakietan, atsedenerako tarte batean.