Konponbideari begira

Elkarrizketak

Gabi Mouesca. Herrira-ko kidea

«Prozesuan eragile izateko aukera dute herritarrek larunbatean»

Larunbatean euskal presoen alde egingo den manifestazioak bildu duen sostengu anizkuna «jada garaipen bat» dela dio Herrira-ko kide Gabi Mouescak.

2012-11-07 / Jenofa Berhokoirigoin

Euskal presoen eskubideak errespeta ditzaten ozen exijituko diete Frantziako eta Espainiako estatuei larunbatean. Garrantzi handikoa izanen da hitzordua, Gabi Mouescaren ustez (1961, Baiona). Batetik, Parisen diren Euskal Herriko hautetsiak gehiago entzunak izango direlako, «gibelean, benetako herri sostengua baldin badute». Preso, iheslari eta haien senideei begira ere, «elkartasun aktiboa» erakusteko aukera dela dio.

Hasi aitzin, Aurore Martinen espainiaratzeari buruz zer dio Herrira-k?

Dudarik gabe, Herrira-k Aurore Martini gertatu zaiona gogorki salatzen du. Manuel Valls Barne ministroak egindako adierazpen oso argiak entzun genituen egun batzuk lehenago, iritzi publikoa horri begira prestatzen ari zen. Aurorek larrutik ordaindu du. Adierazpen askatasuna urratuz, Nicolas Sarkozyren eskuina egiten ausartu ez zena sozialistek egin dutela diote anitzek Frantziako Estatuan.

Nola analizatzen duzu Barne ministroaren joera?

Bake prozesuaren aitzinamenduaren aurka direnetakoa da Manuel Valls. Barne ministro gisa dituen ahalak erabiltzen ditu euskal herritarrak probokatzeko .

Larunbateko manifestazioari begira sostengu zabala bildu duzue. Zer diozu osatu den elkartasunaz?

Erran dezakegu, guretzat, Ipar Euskal Herrikoentzat, lehen aldia dela hain sostengu handia lortzen dugula. Elkartasun andana eta zabala biltzeko baldintzak sortzen lortu dugu, eta sostengu handi hori bildu izana jada garaipen bat da. Bake prozesuari doakionez, zinez sustatzailea den testuinguru baikorra dugu Ipar Euskal Herrian. Alderdi politiko guztiak edo kasik guztiak bake prozesuaren alde kokatzen dira, eta guztientzat argi da bake prozesuak pasatu behar duela preso eta iheslarien egoeraren konponketatik. Badakigu Frantziako Estatuan izan direla presoen askatzeak, amnistia gisako batzuk kanakentzat, martinikarrentzat, korsikarrentzat edo guadalupearrentzat. Beraz, Frantziako Estatuaren kulturan da gatazken konponketaren barruan presoen askatzeko baldintzak sortzea. Ez da pauso izugarri bat.

150 bat hautetsik bat egin dute larunbateko manifestazioarekin. Tartean, Frantziako Gobernuaren kolore berdina dutenak ere badira. Zer diozu horretaz?

Oroitarazi behar da iragan hurbil batean, alderdi sozialistako ordezkariek jarrera izugarria eta kaltegarria erakutsi zutela. GAL edota estradizioak ditut gogoan. Aitortu eta goraipatu behar dugu joera kuraiosa eta arduratsua dutela gaur egungo tokiko hautetsi sozialistek. Printzipio eta balio batzuetan oinarrituz, gatazka bukatu behar dela diote, eta bake prozesuan engaiatzen dira, besteak beste preso eta iheslarien itzultzearen alde kokatuz.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ere deitzen du manifestaziora. Presoen gisara, iheslari politikoak ere badaude Euskal Herritik urrun. Gutxiago aipatuak dira, haatik.

Preso eta iheslarien arteko konparaketa eginez gero, erran daiteke iheslariak falta diren ikusezinak direla; presoak, aldiz, falta izan arren ikusgai dira. Ehunka emazte, gizon eta familia dira erbestean bizi. Hego Amerikan, Afrikan... batzuk oso urrun dira. Haien herriratzea lortzea eta antolatzea, presoena antolatzea eta lortzea bezain garrantzitsua da. Gatazkaren ondorioak dira, argi eta garbi.

Larunbatekoaz zer espero duzue?

Bi gauza. Batetik, azkenean Parisek herri honen ahotsa entzun eta kontuan har dezan. Ozen eta determinaturik entzunaraziko diogu aldarri hori. Espero dudan lehen gauza da hori. Bestetik, Parisen ditugun hautetsiak gehiago entzunak izanen dira, gibelean benetako herri sostengua baldin badute. Bake prozesuan eragile izateko aukera emanen die herritarrei manifestazio honek. Larunbatean Baionako karriketan geroz eta gehiago izan, gehiago entzunak izango dira Parisen ditugun hautetsiak. Preso, iheslariei eta haien senideei begira ere ukanen du eragina manifestazioak. Badu urte bat bake prozesuaz hitz egiten entzuten dutela, baina egunerokoan ez dute aldaketarik ikusten; herstura handian dira batzuk, eta guztiek dute min eta injustizia handia bizi. Horiekiko elkartasun aktiboaren seinale izan behar du larunbatekoak. Bake prozesua dela eta, preso eta iheslarien etxeratzea galdegiten dugula entzunarazi beharko dugu.

Apirilean aurkeztu zenuten Herrira Ipar Euskal Herrian. Egindako bidea nola baloratzen duzu?

ETAren jarduera armatuaren bukaerarekin eta Aieteko adierazpenarekin sortu testuingurura egokitu nahi izan dugun tresna berria da Herrira. Kultural aldaketa sakona da, eta irekidura eta pedagogia handia eskatzen digu, preso eta iheslariei begira ditugun aldarrikapenak jendarteratzeko. Mezu horretaz arras urrun ziren pertsona batzuk hurbildu dira Herrira mugimendura. Erran dezakegu Euskal Herri guztia biltzen duen mugimendu bat dela, eta ez Euskal Herriko biztanleriaren zati bakar baten tresna. Bake prozesuaren alde ari den tresna bat da, eta Herrira-ri hurbilduz, bakearen bideratzaile izateko aukera du herritar bakoitzak.

Baionatik Pariserantz zabalduko duzue mezua larunbatean. Gatazkaren barne dela ukatzen segitzen du Frantziako Gobernuak, eta bere kartzeletan euskal preso politikoak dituela ere ez du aitortzen...

Oroitarazi behar da manifestazio horretarik zabalduko ditugun eskakizunek legearen aplikazioa bakarrik eskatzen dutela. Ez diogu pribilegio edo neurri berririk eskatzen Frantziako Estatuari. Herritarren eta hautetsien gehiengo zabal batek ditu aldarrikapen horiek luzatzen. Zabaltzen dituen bere printzipio handien izenean, manifestazioaren biharamunean bertan, herritarren nahiari erantzungo dioten neurriak hartzeko betebeharra du Parisek.

Manifestazioaren antolaketari buruz, 15:30ean tanko hasiko dela zehaztu duzue.

Bai, 15:30ean zuzen abiatuko da manifestazioa, 17:00etan bukatua izateko gisan. Horrela, Xilaba bertso finala ikusteko aukera ukan dezan nahi duenak. Hori kontuan hartzea eskatzen dugu guztiei. Espero dugu muga irekirik izatea, Aurore Martinen kasuarekin ezagutu dugun adierazpen askatasunaren urraketaren ondotik, espero dugu ez digutela mugitzeko eskubidea urratuko. Manifestazioa baldintza hoberenetan igarotzeko neurri guztiak hartu ditu Herrira-k; herritar engaiamendu gisa bizi dezan parte hartzaile orok, beti bake prozesuaren barruan kokatuz.