Konponbideari begira

Analisiak

Hizpideak

Arrakalatuko da

 

2012-11-11 / Iñaki Petxarroman

Espainia eta Frantzia kontrako norabidean doaz. Ez dute elkarrizketarako borondaterik agertu. Bizkar eman diete Euskal Herritik irtenbide bat bilatzeko egin zaizkien eskari guztiei. Eta, oraingoz, ez da ezer gertatu. Baina Ipar Euskal Herrian zerbait berezia gertatzen ari da. Atzo inoizko manifestaziorik jendetsuena eta askotarikoena egin zen Baionan euskal preso eta iheslarien eskubideen alde.

Gaizki egingo luke Parisek Madrilen jarrera itxiari itsu-itsuan jarraituko balio. Gauzak aldatzen ari baitira. Eta, herrien borondateari mespretxu eginez, eta Aurore Martinen auzian gertatu bezala, probokazioz erantzuten duten agintariek euren interesen aurkako egoerak sortzen dituzte luzera begira. Herrialde Katalanak dira adibiderik garbiena.

Herritarrek berriro ere erakutsi dute euskal presoen egoera ez dutela ahaztu. Gogorarazi dute gatazkaren irtenbide orokor baten barruan ezinbestekoa dela presoen egoera konpontzea. Eta ezezkoaren frontearen gotorlekuak itxura sendoa badu ere, arrakalatuko da. Segur aski, arrakalatzen ari da jada.

Publizitatea