Konponbideari begira

Analisiak

Aieteko Adierazpena. Eragileen bilera. Analisia

Lehena eta bosgarrena

 

2012-11-21 / Koldo Aldabe

Euskal Herriko hainbeste eragile «bilera pribatu» batera deituta, ezin oharkabean pasatu. Bilerara deitzen hasi eta bi ordura, hainbat hedabide hoska zituen hitzordua prestatzen ari zena. Pribatua behar zuena publiko izan zen, azkenean, Aietekoa; pribatu izateko harrabots handia, publiko bilakatuta adierazpen laburtxoa Powellena. Itxura batean bakarrik, ordea. Atrezzoa zuen eskas, bai; jauregiko atarian, eskaileren alboan, mikrofonoz inguratua. Eta mezua ere laburra izan zen, baina edukiz betea. Aieteko Adierazpena izenpetu zutenek, eta behar bada nazioarteko izen handiko besteren batzuek, jarraipen batzordea osatuko dute, Euskal Herriko eragileek abiatu beharreko bidean laguntzaile izateko.

Powellek ikusi ahal izan du Aieten bildutakoak itxaropentsu daudela, eta, Aieteko Konferentziaz geroztik, ETAren jardun armatuaren amaierarekin aukera berriak ireki direla adierazi diote. Zeintzuk diren aipatu ez dituen arren, eragileek ere azpimarratu diote urte honetan zenbait alorretan aurrerapausorik ez dela eman. Aipatu ez, baina Aieteko bide orrian aipatzen direnaz ari zitzaizkiola argi ikusten da.

Aieteko Adierazpeneko lehenbiziko eta bosgarren puntuak bete dira, beraz. Alderdi eta eragileen arteko elkarrizketei dagokienez, martxan dira Ipar Euskal Herrian, eta X. legegintzaldia hasi duen Eusko Legebiltzarrean martxan jarriko dira. Espainiako eta Frantziako gobernuek dute urratsa egin behar, askatu beharreko matazaren korapilo guztiak libratzeko.

Publizitatea