Konponbideari begira

Elkarrizketak

Pascal Pragnere. Ikerlaria

«Aldaketa lortzeko egiazko gakoa gizartea mobilizatzea da»

Konponbidearen ildoa gizarteratzea izanen da Baionako foroaren xedea. Parean, Frantziako eta Espainiako estatuak geldi ikusten ditu Pascal Pragnerek, «egoera berrira ezin egokituz».

2012-11-24 / Aitor Renteria

Pascal Pragnere 1973ko otsailaren 3an sortu zen, Baionan. Ikerlaria da, gizarte gaietan goi mailako ikasketak egin zituen, Parisen, eta doktoretza, Dublingo unibertsitatean (Irlanda). Euskal Herriko eta Irlandako prozesuak, Ipar Euskal Herriaren aitorpen instituzionala, Baionako Foroa eta Aieteko Adierazpenak aztertu ditu, eta Espainia eta Frantziaren jarrera hertsia nabarmendu du.

Hamahiru hilabete pasa dira Aieteko Adierazpena egin zenetik. Nolako interpretazioa egiten duzu Paristik?

Nazioarteko eragileen sonarengatik ukaezina da Aieteko bake konferentziaren garrantzia. Powell, Joxe eta gisako eragileak bertan izateak urratsaren sinesgarritasuna nabarmentzen dute mundu osoaren begietara. Aieteko Adierazpenak zuzenean eskatzen die Frantziako eta Espainiako gobernuei urratsak egin ditzatela bake prozesuan. Zoritxarrez, bi gobernuek ez dute entzun dei hori, eta bake prozesua aitzinera doa, haiek gabe. Alde bakarreko urratsa da. Garrantzitsua da ETAk eta ezker abertzaleak hartu duten erabakia. Gobernuek aukera paregabea dute gatazka luzeari bukaera eman eta bake prozesuari bide egiteko. Duela urtebete huts egin zuten, eta, oraindik ere, erakusten dute ez dutela borondaterik bake prozesuan engaiatzeko. Aurore Martinen atxiloketa froga nabaria da.

Prozesua garatzea baino gehiago, hori lehertzea nahi dutela diozu?

Hainbat mailatako trabak daude. Pentsatzen nuen aldaketak egonen zirela Frantzian sozialistak boterera heltzean. Manuel Valls Barne ministroak argi erakutsi du uko egiten diola bake prozesuari. Instituzioaren gaiarekin adostasun zabala lortu da Ipar Euskal Herrian, baina eztabaidarik gabe itxi dio atea. Hauteskunde kanpainan, Hollande hautagaiak esperantza piztu zuen. Hiru astean, ordea, lurralde elkargoaren xedea baztertuz eta Martin atxilotuz, borondaterik eza adierazi du. Berriz ere Errepublika banaezinaren mitoa zabaldu du Parisek, Ipar Euskal Herria salbuespena dela erakutsiz. Korsikan eta Kaledonia Berrian urratsak egin ditu Frantziak. Errazagoa zaio nortasun nazionalen aitorpena uharteetan egitea.

Aieteko Adierazpenaren balorazioa egiteko jin da Powell. Gobernuen jarrera aldatzeko balioko ote du?

Sinbolikoki, Europaren begietara, biziki garrantzitsua da Powellen bidaia. Tony Blairrekin batera, Powellek bultzatu zuen bake prozesua Ipar Irlandan. Europako estatu zaharretan izan den barne aldaketarik garrantzitsuenetarikoa onartu zuten, autodeterminazio eskubidea barneratu baitzuen. Britainia Handiko legeetan ageri da herritarrek onartzen badute errespetatuko dutela erabakia. Aldatu da estatu-nazioaren ikuspegia, eta adibidea da Eskozian eginen den autodeterminazio erreferenduma. Powellen bidaiak argi erakusten du Europan ere aldatu behar dela estatu-nazioaren ikuspegi zaharkitua. Europan sartzeko zuhurtzia handia duen estatutik heldu da Powell. Frantziak eta Espainiak kontrako erabakia hartu zuten, baina, lurraldetasunari dagokionez, ez dute ikuspegia aldatu. Geldi daude, trabaturik.

Baionak konponbidearen aldeko foroa hartuko du abenduaren 15ean. Aieteko bide orria gizarteratzeko gakoa izan daiteke?

Bake prozesua aitzinatzeko funtsezkoa da gizartearen parte hartzea. Ezin da instituzioa plantan ezarri edo bizikidetza bermatu bakarrik hautetsien erabakietan oinarrituz. Irlandakoa adibide da. Urratsak egin ahal izateko gizartetik abiatu behar da. Urrats bakoitzak indartzen du bizikidetzarako aukera. Gizartearen mobilizazioa funtsezkoa da bakea iraunkortzeko. ETAk armak utziko zituela iragarri eta gero, Hego Euskal Herrian frogatu da gizarteak begi onez ikusi duela urratsa. Hauteskundeetako emaitza horren froga da. Independentziaren aldeko jarrerak nagusitzen ari dira, eta orain indarrean dagoen estatusa zalantzan jarri da. Ipar Euskal Herrian abertzaleek ez dute emaitza hori lortu, baina gero eta onarpen handiagoa du haien diskurtsoak. Gizarteak naturaltasunez hartzen ditu abertzaleen proposamenak. Ipar Euskal Herriaren aitorpen instituzionala abertzaleen aldarria izan da. Alderdi guztietako ordezkariek bat egin dute. UMP eta PSko kide eta hautetsien artean ere, gero eta gehiagok sostengatzen dute. Etorkizunari buruzko gogoeta sakona egin dute, eta adostasunaren oinarriak finkatu. Parean, Parisek ateak ixten ditu. Gatazka gainditzeko prozedura da foroa, eta herritarren mobilizazioa handia izanen da. Etorkizuna eraiki eta bakea lortzeko gogoeta sakona da. Ipar Euskal Herriak ez badu aitorpenik, handiagoa izanen da Paris eta Euskal Herriaren arteko haustura.

Zein da horren arrazoia?

Parisko agintariek ez dute Euskal Herriko egoera ezagutzen. Nortasunaren definizioak erabat dira ezberdin. Ez dute entzun nahi Frantzian badaudela bertze nortasun batzuk. Alderdien barnean ere, desadostasunik ez dagoela pentsatu nahi dute. Hauteskunde mailako interesak badaude. Uste dute estatu-nazioaren batasuna atxikiz boz gehiago lortuko dituztela. Ikuspegi zaharkitua da. Tokiko hautetsiek ulertu dute, haien indarra eta ordezkaritza atxikitzeko, bat egin behar dutela gizartearen nahiarekin. Aldarria indartuz doa, eta bozetan azalduko da. Bozak atxikitzeko, tokiko hautetsiek bat egin behar dute aitorpen eskariarekin. Ez dakit non dagoen haustura puntua, baina gerta daiteke hautetsi batzuk, alderdia utzi, eta ikuspegi malguagoa duten alderdietara joatea, jarrera federalistagoen bila.

Irlanda eta Euskal Herriko kasuak aztertu zenituen unibertsitatean. Antzekotasunik bada bi prozesuen artean?

Badaude, eta bat oso garrantzitsua: estrategia armatua uztea, estrategia politikoa indartzeko. Irlandan, 1994an egin zuten hautua. Ezker abertzaleak ulertu du estrategia armatuak ez duela gerorik, eta, alderantziz, bide politikoak hobetsiz lor daitezkeela helburuak. Erabakiak izan duen erantzuna nabarmena da, bai Irlandan, bai Euskal Herrian. Sinn Fein bihurtu da Irlandako indar abertzale nagusia, eta gauza bera gerta daiteke Euskal Herrian ezker abertzalearekin. Hauteskundeetan babes handia lortzeaz gain, agenda politikoan tokia eta protagonismoa eman dio ezker abertzaleari. Legez kanpo zegoen, eta orain hauteskundeetan %25 gainditu du. Ikusgarria. Estrategia aldaketaren ondorioz, zabalagoak dira ezker abertzalearen sostenguak. Frantzia eta Espainiako gobernuak ezustean harrapatu ditu. Ez dakite nola kudeatu egoera berria. Estatuentzat errazagoa da lehengo egoera, estrategia armatua menderatzen dutelako. Bortizkeriarekin errazago dute metodoa gaitzestea eta ez hartzea kontuan aldarri nagusia, independentzia. Alta, gizarte demokratiko batean, ez dago ezinezkorik. Gehienek independentzia sostengatzen badute, ezin dira begiak itxi. Bake proposamenari uko eginez erantzun diote Frantziak eta Espainiak. Bortizkeria agertuko balitz, zerbitzua egingo lieke estatuei, erran dezaketelako prozesua faltsua zela.

Nazioarteko eragileen lanak estatuen jarrera alda lezake?

Ez dut uste hel daitekeenik estatuen jarrera aldatzera. Europan estatuek dute boterea, horien artean Frantzia eta Espainia. Ez dute zalantzan ezarriko estatu-nazioaren kontzeptua. Hala ere, Europako Parlamentuak egin zuen bezala, eska diezaieke bake prozesuan engaiatzeko. Hego Amerikako zenbait estatutan sostengua atzeman dezake bake prozesuak, euskal diasporaren indarra handia den tokietan. Konponbiderako urratsak eska ditzakete. Aldaketarako egiazko gakoa, egiazko tresna, gizartearen mobilizazioa da. Frantziak eta Espainiak ez dute ulertu nortasunaren arazoa. Irlandan bi komunitate daude, elkarrenganako jazarpenean. Euskal Herrian, berriz, anitz dira denbora berean euskaldun eta frantses edo euskaldun eta espainol sentitzen direnak. Batzuek nortasun bikoitz hori dute, eta bortizkeria gelditzean, ez dute arazorik une batean abertzaleen alde egiteko, estatuek ez badute prozesua sostengatzen. Estatuko alderdi nagusiek, jarrera aldatu ezean, sostengua galduko dute Euskal Herrian.

Publizitatea