Konponbideari begira

Elkarrizketak

Jerome Gleizes. Europe Ecologie taldearen exekutiboko kidea

«Europan bezala, Euskal Herrian ere egin ahal da bake prozesua»

Europan gatazken konponbidea posible izan bada Euskal Herrian ere posible izan behar dela dio, Baionako Foroari garrantzia emanik.

2012-11-29 / Aitor Renteria

Aurore Martin Batasunako kidearen atxiloketa eta Espainiaratzea bake prozesuari ezarritako traba dela dio Gleizesek. Euroagindua tresna juridiko gisa beharko lukeen funtzioaz hustu eta jazarpen politikoa egiteko tresna gisa baliatu izana deitoratu du. Euskal Herrian dagoen gatazka politikoa gainditzeko bidean Frantziak eta Espainiak urratsak egin behar dituztela dio, bake iraunkorra egin ahal izateko iraganeko ardura guztiak argitu behar direlako. Baionako Foroan nazioarteko eragileak parte hartzea lagungarri izan daiteke, estatuen jarrerak aldatzeko.

Bake Bideak eta Frantziako Giza Eskubideen Ligak bultzatu egitasmoarekin bat egin duzue, eta Aurore Martin aske uztea eskatu. Zertan oinarritzen duzue eskaria?

Aurore Martin euskal militanteari egindakoa eskandalagarria da, eta zangopilatzearen aitzinean, gure elkartasuna adierazi nahi diogu. Frantziak euroagindua baliatu izan du bertako nortasuna duen herritar bat Espainiara kanporatzeko. Harrigarria bada ere, leporatzen zaizkionak ez dira delitu Frantzian, eta, dirudienez, bai Espainian. Kontraesan hori kontuan hartu gabe, Espainiaren eskaria betetzea onartu du Frantziak, bere legeen aurka eginez. Herritarrak defenditzea da estatuaren lehen eginkizuna.

Estatu batean delitua dena bertzean ez da. Egoera horretan, nola berma daiteke askatasun politikoa eta adierazpen askatasuna?

Euskal gatazkari dagokionez, badirudi bi estrategia judizial dituztela Frantziak eta Espainiak. Espainiak Euskal Herriaren burujabetza helburu duten egitasmo eta egiturak kriminalizatzen ditu, legez kanpo uzten ditu alderdi politikoak, kultur elkarteak susmopean ezartzen ditu, gazteria Poliziaren jomugan dago. Den-dena «terrorismoaren aurkako» borrokaren aitzakian. Frantzia, berriz, ez ditu egitasmo horiek zigortu edo kriminalizatu. Aurore Martinen kasuan kontrakoa egin du Frantziak. Espainiari men egin, eta Frantziako herritartasuna duen herritar bat hango justiziaren esku utzi. Alta, Frantziak jakin badaki Espainiak ez dituela bermatzen defentsa eskubideak. Giza eskubideek Europa eraikitzeko oinarri izan behar dute.

Hamar mila pertsonatik gora bildu ziren azaroaren 10ean Baionan, presoen eskubideen alde. Bakearen aldeko foroa eginen da Baionan, abenduaren 15ean. Egoeraren larria erakusten du mobilizazioak?

Larrialdia begi bistakoa da, eta aspaldikoa. Europako Parlamentuko azken agintaldian gure ordezkari eta parlamentuko presidenteorde zen Gerard Onestak babesa eman zion bake prozesuari; bakebidean engaiatzeko eskatu zion Espainiari, eta elkarrizketa politikoa hobetsi zuen. ETAk menia iragarri zuen orduan. Gaur egun, Aieteko Adierazpenari ihardetsi eta borroka armatua betiko utzi duela jakinarazi du ETAk. Gatazka politikoa den herrietan, garrantzitsua da eskuzabal jokatzea eta konponbide justu eta iraunkorrak bilatzea. Garrantzitsua da geroari begira, gaurko jokabideak irudikatuko baitu bilakaera politikoa. Bide hori hautatu dute Irlandan. Bake prozesuak egin daitezke Europan eta, ondorioz, Euskal Herrian ere bai.

Nazioarteko eragileak presente izanen dira Baionako Foroan. Frantziaren erantzukizuna erakusten du?

Zalantzarik gabe. Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia egon zen Aieten. Bide orria zehazteko lanetan parte hartu zuen. Bertze Barne ministro batek, Manuel Vallsek, kontrako bidea hartu du. Frantziak aldi berean bi jokabide dituela pentsa daiteke. Arazo bat da. Jakin badakigu justizia arloan gauzak argitu nahi direlarik goi mailetatik hasi behar dela. Prozesu horietan biziki garrantzitsuak dira kanpoko eragileak, haiek dutelako begirada neutroa, edo, bederen, lagungarriak izan daitezkeelako. Urratsak egin beharko dira alde guztietatik, eta, horien artean, presoen egoera argitu beharko da. Traba hori gainditzeko, garrantzitsua da egia osoa egitea. Ez nabil amnistiaren aukera aipatzen edo denak zuritu behar direla erraten. Bake iraunkorra eraiki nahi bada, iraganaren interpretazioa partekatu behar da, eta gertakariak argitu, alde guztietatik.

ETAren eta estatuen erantzukizunak argitu behar direla diozu?

Gatazka armatu guztietan erantzukizunak daude. ETAk argitu beharko du egindakoa. Bertze alde batetik, gauza bera egin beharko dute estatuek. Espainiako agintariek hainbat hilketa egiteko agindua eman zuten omen. GALek Frantzian egin zituen hilketa gehienak. Argitu beharko dira Espainiako agintarien ardurak eta, bertze alde batetik, Frantziak ere azalpen ugari eman beharko ditu. Helburua ez da arduradun politikoak zigortzea edo preso ezartzea. Konponbidea egonkortu nahi bada, gertatutakoa argitu behar da, alde guztietatik. Zigorgabetu daitezke ardurak, baina ezin dira ahanzturan utzi. Ez ahanzteko gertatu dena, hobendunak finkatu beharko dira, nahiz eta geroan zigorrik ez egon. Hori litzateke arduraz aritzea. Horretara heltzeko, bake prozesuak ibilbide osoa egin behar du, eta ezinezkoa da Frantziak dagozkion erantzukizunak hartu ezean. Baionako Foroa lagungarri da, nazioarteko ekarpenaz gain, gizarte eragileei irekia delako. Agintariek ulertu behar dute gizarteak gainditu nahi duela bortizkeriaren zikloa, eta konponbide politikoa hobesten duela. Bide bakarra dago, elkarrizketa. Bake prozesuari ezarritako trabak kendu eta etorkizuneko bizikidetza definitzeko solasak abiatu behar dira. Bi aldeek, eta horietan estatuek eginkizuna dute, baina egiazko protagonistak herritarrak dira.

Publizitatea