Konponbideari begira

Elkarrizketak

Pierre Tartakowsky. Frantziako Giza Eskubideen Ligako burua

«Frantziak argi eta garbi sostengatu behar luke bake prozesua»

Euskal gatazkaren konponbidean du begirada Tartakowskyk. Bide horretan, Baionako Bake Foroa urrats garrantzitsua da, haren ustez.

2012-12-02 / Aitor Renteria

Aurore Martinen atxiloketa, kanporaketa eta preso sartzea bake prozesuari eraso egiten diola dio Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidenteak. Horrelakoak baztertu eta bake prozesuan argi engaiatzeko eskatu dio gobernuari. Gisa berean, bake prozesuan laguntzeko parte hartuko du Baionako Bake Foroan.

Abenduaren 15ean Baionan eginen den Bake Foroan hartuko duzu parte. Zein da horren helburua?

Baionako Foroak argi erakutsi nahi ditu zein diren gatazkaren ondorioak eta iturburuak, eta, aldi berean, erakutsi nahi du posible dela konponbide politikoa eraikitzea. Horretarako, aukerak erabili behar dira, eta Aieteko Adierazpenari erantzunik ETAk egindako urratsa oinarri garrantzitsua izan daiteke helburu hori lortzeko. Bortizkeriaren eta borroka armatuaren zikloa bukatzeko lanabesa izan behar du erabakiak. Baionako Foroa gizarteari begira dago eginda, eta, alde horretatik, demokratizatzen da bakearen helburua. Urtebete igaro da ETAk armak uzten zituela iragarri zuenetik, eta argi ikusten dugu, prozesu horretan laguntza ekartzen ez badugu, bultzatzen ez badugu ez dela aitzinamendurik egonen. Frantziak eta Espainiak ez dute urratsik egin bake bidean, eta, horrela utzirik, bide itsuan itotzeko arriskua dago. Aurore Martin Batasuneko kidearen atxiloketa horren adierazpen mingarria da. Arrisku hori saihesteko dei egiten diogu iritzi publikoari, gizarte zibilari. Gizarte zibila bake xedearen jabe bihurtu behar da, bakea eraikitzeko protagonista nagusia.

Bake prozesua gizarteratzea da xede nagusia, baina nazioarteko eragile ospetsuen presentziak eta Baionan egiteak Frantziari begiratzen dio.

Aieteko bilkuraren elementu garrantzitsua izan zen Euskal Herriko bake prozesua nazioarteko eragileen argira jartzea. Bertan parte hartu dutenak ados dira nazioarteko eragile horien bermean aritzeko. Horien eginkizuna garrantzitsua da. Baina bigarren elementu garrantzitsua du Baionako Foroak. Nazioarteko eragileen presentziak erakusten du Euskal Herriak duen gatazka egoera ez dela salbuespen eta mundu zabaleko hainbat herritan gertatzen dela. Azkenean, kultur komunitate edo nazio ezberdinen bizikidetza nola antolatu da horren gakoa.

Munduko edozein gatazka bezala, Euskal Herrikoa ere elkarrizketaren bidez gaindi daitekeela diozu?

Mundu zabalean hainbat eta hainbat gatazka bideratu edo gainditu dira, eta pentsatzekoa da han posible izan bada Euskal Herrian ere egingarria dela. Ez dago fatalismorik eta, ez litzateke zuzena erratea Euskal Herriak salbuespen izan beharko duela beti, konponbiderik gabe bizitzera kondenatua. Hori lortzeko prozedurak ere badaude, demokratikoki, adibidez, justizia iragankorraren bidez. Erabili da Irlandan eta Hegoafrikan. Absurdoa litzateke pentsatzea Euskal Herria salbuespen dela, eta konponbide bakarra presondegien bidez edo lehergailuak jarriz lor daitekeela. Nazioarteko eragileek euskal gatazkaren konponbiderako engaiamendua hartu badute, zilegi da pentsatzea Frantziak bederen hori egin beharko duela. Alegia, Frantziak nazioarteko eragileek bertze egin behar du, bederen. Ekarri behar luke Frantzia gatazkaren konponbidean engaiatzea.

Nazioarteko eragileen garrantzia, batetik; gizartearen protagonismoa, bertze aldetik. Posible da jarrerak aldatu eta lortzea estatuen engaiamendua prozesuan?

Estatuaren borondatea mugiaraz daiteke. Historian horren adibide ugari daude. Mugitzeko arrazoiak, ordea, hainbat izan daitezke. Batzuetan beharturik egiten dute, bertze batzuetan sinesten dutelako onuragarria dela edo etekina ukanen dutela. Bertze batzuetan behartu behar dira, estatuaren ustea sustatzearekin batera. Gatazkak diren toki edo egoeretan, psikoanalistek erraten digute hirugarren pertsona sartu behar dela, begirada neutroa duen norbait. Kanpoko eragileen ekarpenak ahalbidetu ditu zibilizazioaren aitzinamenduak. Justizia arloan ere bai. Pertsonen arteko gatazkak konpontzeko epailea dago, kanpoko eragile bat. Bitartekaritza onartzea da zibilizazioa. Testuinguru horretan, legea eta bakea gatazka gainditzeko elementuak izan daitezke. Errealitate hori abantzu egia antropologikoa baldin bada, ez dut ikusten zergatik ez den gauza bera gertatu behar Euskal Herriaren kasuan.

Horretarako urratsak egitea onartu behar dute estatuek?

Funtsezkoa da. Estatuek onartu beharko dute urratsak egitea eta bide horretan engaiatzea.

Euroagindua tresna arriskutsua dela erran zenuen Martini elkartasuna adieraztean. Zer eragin ukan dezake bake prozesuan?

Martinen atxiloketak euroaginduaren alde toxikoena utzi du agerian. Erakutsi ditu agindu horren mugak eta baita nola desbidera daitekeen hastapeneko xedea ere, tresna politiko gisa baliatzeko. Espainiako Justiziak ez du errespetatzen Frantziako Justizia, eta, hala ere, Frantziak ez du trabarik ikusi bere herritartasuna duen pertsona bat kanporatzeko, auzipetua izan dadin. Atxiloketa bera zentzugabea da. Testuinguru politikoa aldatu da, eta ETAk nabarmen erakutsi du konponbide politikorako borondatea. Borroka armatua bukatutzat eman du, eta hainbat proposamen plazaratu ditu elkarrizketari ekiteko. Berez, negoziazio politikoari ekiteko aukera errealak daude. Martinen atxilotze eta auzipetzeak bake prozesuaren aurka jotzen du zuzenean. Horren aitzinean Giza Eskubideen Ligak bere etsipenik sakonena adierazi nahi du. Frantziako Justizia ministroak ez du hartu zegokion ardura, Espainiari konfiantza egiten diola adieraziz. Egoera hau gainditzeko, Frantziako Gobernuak argi eta garbi sostengatu beharko luke bake prozesua. Giza Eskubideen Aldeko Ligak bide hori sostengatuko du.

Publizitatea