Konponbideari begira

Elkarrizketak

Olivier Besancenot. NPAko zuzendaritzako kidea

«Gatazka gainditzeko bidea ez da errepresioa, elkarrizketa baizik»

Europa mailan euroagindua disidentzia politikoa zigortzeko tresna bihurtu dela dio Olivier Besancenot NPAko buruak. Nabarmendu du Aurore Martinen kasua aurrekari larria dela, eta dei egin die Frantzia eta Espainiako estatuei Euskal Herriko gatazka politikoan engaiatzera.

2012-12-07 / Aitor Renteria

Olivier Besancenot 1974an sortu zen, Frantziako Levallois-Perret herrian. 2002an eta 2007an Frantziako presidentetzarako hautagai izan zen, abantzu bozen %5 lortuta. Aurore Martin Batasuneko militantea berehala libre uzteko eskatu du NPA alderdiko buruzagiak —kapitalismoaren kontrako alderdi berria, troskista—. Euroagindua pertsonen eskubide urraketa nabarmena dela salatu du, eta militante politikoei jazarpena egiteko tresna bihurtu dutela. Euskal Herriko bake prozesuari begira, Baionako Foroaren garrantzia azpimarratu du. Frantziari eta Espainiari eskatu die errepresioa baztertu eta bake prozesuan engaiatzeko. Ikuspegi horretan Baionako Foroa urrats garrantzitsua dela dio.

NPA alderdiak euroaginduaren aurkako kolektiboan parte hartu du lehen unetik. Parisen ere, Aurore Martinen atxiloketa salatu duzue. Zer esan nahi du atxiloketa horrek, Frantziatik ikusita?

Aurore Martin berehala libre uztea eskatzen dugu, eta salatu nahi dugu Frantziaren jukutria eta traizioa. Martin militante politikoa da, eta lan militante hori garatzeko ekimen politikoak bultzatu eta egin ditu. Euroagindua baliatu du Frantzian lan politiko hori zigortzeko eta kriminalizatzeko. Horren jakinean utzi du Frantziak Espainiaren eskuetan. Martin berehala libro uzteko eskatzeaz gain, ezkerreko militante gisa, preso dauden euskal militante politiko guztiak aske jartzeko eskatzen dut. Errepresioa ez da gatazka gainditzeko bidea, elkarrizketa eta errespetua baizik. Errespetu horretan oinarrituta konpon daiteke Euskal Herriako gatazka politikoa, nazioartean ere gatazkak gainditzeko bidea delako hori.

Martinen kasuan hainbat kontraesan metatu dira. Batetik, iritziak eman eta ekimen politikoa burutzeagatik kanporatu dute. Bertze aldetik, Frantzian onartu ez diren delituengatik epaituko dute.

Martinen kasua kontraesanez gainezka dago. Frantziako Estatuaren jukutria begi bistakoa da, zikin jokatu du. Funtsik gabeko arrazoiak aintzat hartu ditu militante bat kanporatzeko. Lehen aldiz, hiritartasun frantsesa duen militante bat kanporatu du Frantziak, militantzia politikoa egitea egotzita. Jokabide horrek jurisprudentzia eragin dezake, eta oso larria da. Erabaki hori azaltzeko, oraingo gobernuaren eta bereziki Manuel Valls Barne ministroaren itsukeria baino ezin daiteke aipa. «Errepublikaren irmotasuna» baliarazi nahi du; karta hori jokatu nahi du oinarrizko eskubideen alde borrokan ari diren militante politikoak kriminalizatzeko. Martin autodeterminazioaren aldeko borrokan dago murgildurik, eta agintean den gobernua ez da autodeterminazioaren aldekoa. Martinekin gertatu dena sinesgaitza da, eta aipatu dudan hori, itsukeria, izan daiteke argibide bakarra.

Bake prozesuaren testuinguruan atxilotu du Frantziako justiziak Martin, eta berehala Espainiaratu. Nola uler daiteke hori?

Dena dela, prozesua egon ala ez, Martini egindakoa onartezina da. Testuingurua Martin libre uztea eskatzeko bertze elementu bat da. Azken asteotan Frantzia eta Espainiako ministroek adierazpen bateratuak egin dituzte. Adierazpen horiek ez doaz konponbidearen ildotik. Baina Martinen kasua bera sinesgaitza da. Vallsen bertsioa ez da sinesgarria. Nehork ez du sinesten Martin errepide kontrol arrunt batean atxilotu dutenik. Atxilotzeko eta Espainiaratzeko hautua politikoa da.

Aurrekari larria izan daitekeela erran duzu. Alta, euskal militanteen aurkako euroagindu ugari egon dira orain artean, eta deus gutxi mugitu da Frantzian.

Espainiako hiritartasuna zeukaten militante politikoen kontrako euroaginduak onartu ditu Frantziak. Frantziar hiritartasuna zeukaten pertsonen aurka ezarritakoak, berriz, ez. Lehen kasua da Martinena. Ezkerreko militante baten ikuspegitik, biziki arriskutsua da, larria. Martinen kontra erabili duten bezala, edozein militante politikoren aurka balia dezakete tresna hori, sindikalisten aurka langile mugimenduak desegiteko, militante politikoen aurka gobernu bati traba egiten dion zerbait gertatzen delarik... Euroagindua estatuen esku dagoen arma arriskutsua da. Baliatu dute, eta baliatuko dute desegiten ez badugu. Urrats hori eginik, euroaginduak Martin bihurtzen gaitu militante guztiak. Hari egin badiote, militante politiko garen guztioi egin diezagukete.

Behin Espainiaren esku, nola lor daiteke libre uztea edo euroagindu gehiago ez onartzea?

Martinen kasua bat da hainbat eta hainbaten artean. Martinen egoera konpontzeko, Euskal Herriak duen gatazka politikoa gainditu eta konpondu behar da. Hori lortzeko, Euskal Herriaren alde borrokan ari direnen eskakizunak entzun behar dira, bai Hegoaldean bai Iparraldean. Martinen kasuan, informazio bilkurak antolatu eta indarrak metatzea da aukera. Berriz diot, euroagindua disidentzia ororen aurka borrokatzeko tresna arriskutsua da. Egun Martinen aurka baliatu izan dute, baina estatuari men egiten ez dion oro mehatxu horren parean dago. Ezkerreko indarrek ezin dugu horrelakorik onartu, eta mobilizatu behar dugu.

ETAk armak utzi zituen duela urtebete Aieteko Adierazpenari ihardetsiz. Elkarrizketari ekiteko deia egin zien Frantzia eta Espainiari. Ezetzaren aitzinean, nola egin dezake aitzina bake prozesuak?

Berriz ere ikusten ari gara horrelako gatazketan estatuek erantzukizun handia daukatela. Tentsioa apaltzea haien esku dago. Blokeo egoerak kontrako jarrerak suspertzen ditu. Autodeterminazioaren aldeko indarrek ez dituzte usu kontuan hartzen estatuen jokabide horiek. Espainia eta Frantzia prozesuaren aurka doaz, denboraz kanpo. Bake prozesuari ekiteko borondatea dago Euskal Herrian, baina definizioz, bake prozesua baldin bada, bik alde egon behar dute. Bi aldeek parte hartu behar dute gatazka horren konponketan. Alde batek ez badu nahi, kasu honetan estatuek, nekez gainditu daiteke gatazka. Estatuek onartu beharko dute prozesu horretan murgiltzea eta dagozkien ardurak hartzea.

Publizitatea