Konponbideari begira

Analisiak

Larrepetit

Aietetik Baionara

 

2012-12-14 / Hur Gorostiaga

Kofi Annan, Berthie Ahern, Pierre Joxe, Jonhatan Powel eta Gerry Adams ez dira Baionan izanen bihar. Baina ez ditu nehork faltan botako. Nazioarteko eragileek bake bidea markatu ondoren, beren lana bete dute, Ipar Euskal Herrian bakerako lehen urratsa egina baita jadanik: Euskal Herrian gatazka politikoa egon badagoelako aitortza. Ondorioz Ipar Euskal Herriko hautetsiak eta jendarteko eragile nagusiak, denak, Bakerako Forumean izanen dira, begi bistakoa dena ukatzen denbora galdu gabe.

Bigarren urratsa prestatzen hasiko dira, beraz, Baionako unibertsitatean: Aietetik Baionara heldu den trena Pariserat hel dadin nola egin aztertuko dute, Frantzia eta nazioarteko hainbat adituren laguntzaz. Eta Parisek trenbidea desbideratzen badu, orduan bai berriz ere agertu beharko dutela Aieten izan ziren nazioarteko gidariek.

Eta bidaia horrek izanen dituen beste geltokiak jadanik definitzen hasteko aitzin-lana eginen dute ere bihar, bakebidearen ondoko urratsak finkatzeko: presoen eta amnistiaren gaia, iheslarien geroa, armen uztea batetik, etorkizuneko elkarbizitzaren kezkak bestetik, lurraldetasuna eta autodeterminazioaren eztabaida nola sesitu, memoria, egia eta justiziaren gailentzea nola segurtatu.

Tabuak alde batera utziz, beste edozein gatazkari konponbidea emateko jorratu diren puntuak izanen dira mahai gainean; ez gehiago, ez gutxiago.

Baionatik, berriz, Aietera joanen da noizbait trena, Hegoaldeko eragile politiko eta jendarte ordezkariak geltokian zain egonen direlakoan, trena bete eta Madrilera bideratzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari berriak tarteko izan beharko du, eta ez Estatu Batuetako etxe orratz eta trenetan galdu zen beste hura bezala...

Publizitatea