Konponbideari begira

Elkarrizketak

Paul Rios. Lokarriko koordinatzailea

«Baldintzak jarri dira prozesu bat egon dadin; orain, egin egin behar da»

Riosek uste du bakerako prozesua abiatzeko aukera eskura dagoela, baina prozesuan zailtasunak egongo direla badakiela dio; oztopoak gainditzen laguntzeko prestatu nahi ditu herritarrak.
Lanpetuta dabil egunotan Paul Rios (Getxo, 1974), gaur Donostiako Kursaalean egingo den Elkarrizketa eta bizikidetza nazioarteko mintegia eta bihar Baionan egingo den Bake Foroa antolatzeko lanetan. Gaurko mintegia eragileetako ordezkarientzat izango da, goizean, eta itxia izango da; herritarrei irekia izango da arratsaldekoa, 16:00etakoa, baina gonbidapenak bukatu egin dira. Biharko foroa Baionako Fakultateko Anfiteatroan egingo da, 09:00etatik 20:30era bitartean. Nazioarteko aditu ugari izango dira bi ekitaldietan, Brian Currin buru dela, eta saio publikoak Lokarriren webgunean ikusteko aukera dago. Bake prozesua abiatzeko lanean murgilduta, aurrez aurre geratzeko tarterik ez zuen atzo Riosek, eta telefonoz erantzun zien BERRIAren galderei.

Zein da Elkarrizketa eta bizikidetza leloarekin Kursaalean egingo duzuen mintegiaren helburua?

Herritarren parte hartzea eta elkarrizketa zein elkarbizitzari buruzko hausnarketa sustatu nahi dugu bake prozesua sendotzeko.

Goizeko atala itxia izango da, alderdi politikoei eta gizarte eragileentzat. Zer lortu nahian?

Alderdi politiko, gizarte eragile eta unibertsitate zein kultur munduko eragileetako ordezkarientzat eginda, mintegi pribatua egitea erabaki dugu, hausnarketa lasai eta sakonagoa egiteko gune bat sortu nahi dugulako. Konfiantza giro bat sortu nahi dugu ideiak trukatu eta aurrera begira egin dezakegunari buruzko proposamenak ateratzeko. Esperientziak esaten digu giro pribatu eta lasaiagoan egiten diren hausnarketak eta publikoki egiten direnak ez direla berak izaten.

Joera guztiek parte hartuko dute, edo gabeziak egongo dira?

Beti sumatzen dugu PPren inguruko pertsonen parte hartzearen falta. Guk denak gonbidatzen ditugu, eta hortik aurrerakoa bakoitzaren erabakia da. Edozein kasutan, garrantzitsuena ez da Lokarrik edo Donostiako Udalak antolatutako ekintza batera etortzea edo ez, baizik eta bakea egonkortzen laguntzeko prestasuna adieraztea.

Aldaketarik ikusi duzu azkenaldian PPkoengan, alde horretatik?

Uste dut oraindik goizegi dela. Egia da orain arte gauza gehiago egin zitezkeela, baina zeuden zailtasunen jakitun gara. Orain hauteskunderik gabeko garaia hasiko da, eta bakoitzak zein ordezkaritza duen argi dago. Hemendik aurrera ez dago aitzakiarik modu partekatuan aurrera ez egiteko.

Beraz, aurki jarreraz aldatuko duen esperantza duzu?

Ez dakit, hori bere erabakia da, eta bere planteamenduak ere errespetatu behar dira. Baina uste dut garrantzitsua dela guztiek ulertzea bakearen egonkortzea ez dela etorriko sektore politiko baten proposamenak onartzetik. Guztien proposamenak komunean jarri eta aurrera elkarrekin egitea ahalbidetuko duten elkarguneak bilatzetik etorriko da.

Kursaaleko mintegiaren bigarren zatia herritarrei irekia izango da. Sarri nabarmendu duzu herritarrek prozesuan parte hartzearen beharra. Zein helbururekin?

Azken finean, bake prozesu baten hartzaile nagusiak ez dira ez gobernuak, ez instituzioak, ez ETA, ez alderdi politikoak; herritarrak dira. Seguru nago bake prozesu honetan zailtasunak egongo direla eta gizartearen bultzada beharrezkoa izango dela. Beraz, komeni da gizarteak zailtasunak gainditzen laguntzeko prestasuna izatea. Gainera, bizikidetzari buruz ari bagara, herritarrak elkarrekin bizitzeari buruz ari gara.

Gizartea politikariak baino prestatuago edo aurreratuago dagoela esan izan da. Egia da hori?

Alderdiak gizartearen jarreren isla ere badira. Baina, edozein kasutan, guk badugu abantaila bat munduko beste lekuekiko: gizarte artikulatuagoa dugu. Agerikoa da hausturak izan direla, inkomunikazioa eta mehatxua izan direla, baina gure kohesio soziala ezin da alderatu ere egin Irlandan, Hegoafrikan edo Kolonbian dagoenarekin. Parekaezina da gurea. Hori baliatu egin behar dugu, iruditzen zaidalako gizartean adostasun batzuk izaten ari direla eta horiek erakutsi dezaketela bake eta elkarbizitzarako bidean politikoki edo instituzionalki hartu beharreko bidea.

Nola eman beharko du gizarteak beharrezko izango den bultzada hori?

Mobilizazioak garrantzitsuak dira, baina hortik haratago, gizarteak parte hartzeko guneak eskatu behar ditu; kontuan har dadila. Eta anbizio handiagoz jokatzen hasi beharra dagoela uste dut: herritarrek parte hartzeko dinamika bat sortzeko beharrari buruzko hausnarketa egin behar dela; bakea egonkortzeko prozesurako ekarpen zehatzak eragingo dituen dinamika.

Kursaalerako deiak erantzun ona jaso du: bukatu dira gonbidapenak.

Bai mintegi pribaturakoak eta bai arratsaldekorakoak. Horrek erakusten du herritarrek interes eta ardura handia dutela bake prozesuan laguntzeko. Hori oso ona da, gerta daitekeen gauzarik okerrenetakoa baita pentsatzea hau amaitu dela eta gaia dagoeneko ez dela garrantzitsua. Horrenbeste urtean indarkeria, inkomunikazioa, bazterketa eta enfrentamendua izan dituen gizarteak ezin du alferrik galtzen utzi errespetuan oinarritutako elkarbizitza lortzeko aukera.

Beste mintegi bat dago larunbatean Baionan: Bakearen foroa. Aieteko Konferentziaren jarraipena da?

Gauza deigarria gertatzen ari da Iparraldean:Aieteko Konferentzia egin zenetik, alderdi politikoek eta gizarte eragile askok bake prozesuan laguntzeko borondate handia erakutsi dute. Beraz, biharko foroak ibilbide baten hasiera izan nahi du Iparraldeko ahotsa ere kontuan har dadin eta bake prozesuan partaide senti dadin. Aieteko Konferentziaren ildotik, gogoetarako eta parte hartzeko gune bat sortu nahi da, Iparraldetik prozesuari ekarpena egiteko. Berria da Iparraldetik bake prozesuan parte hartze zuzena izateko sentitu duten beharra; aurrekoetan ez da halakorik gertatu, eta hori sustatzeko antolatu da Baionako Foroa.

Iparraldean azkenaldian egin diren ekintzetan Hegoaldean baino elkarlan handiagoz aritu dira alderdi politiko guztiak. Oraingoan ere guztien parte hartzea izango da?

Fronte Nazionala ez beste guztiak egongo dira. Egia da, elkarrizketarako konfiantza eta borondate handiagoa dago Iparraldean, eta larunbatean agerian geratuko da. Uste dut hori akuilua izan daitekeela Hegoaldearentzat.

Orokorrean prozesua bide onetik doala ondorioztatu daiteke?

Bi irudipen ditut: batetik, uste dut egoera oso baikor egoteko modukoa dela, ETAk indarkeria amaitzeko hartutako erabakiarekiko konpromisoa irmoa dela frogatu delako, eta Sortu legeztatu delako. Baina hortik aurrera... Bake prozesu bat egon dadin baldintzak jarri dira, baina orain gauzatu egin behar da, eta horretarako gabezia batzuk ikusten ditut: ETA eta gobernuaren arteko harremanak falta dira indarkeriaren behin betiko amaiera ziurtatzeko, eta, bestetik, elkarrizketan eta elkarlanean aritzeko borondatea egon arren, hori nola egin zehazteko zailtasunak daude.

Espainiako Gobernuak erabat itxita jarraitzen du?

Nik ez dut antzeman jarrera aldatuko duen seinalerik. Bide okerra hartu duela uste dut ETArekin hitz egitea antidemokratikoa dela esan duenean. Antidemokratikoa dena da gobernuak muzin egitea euskal alderdi eta instituzioen eskaerei, espetxe politika aldatu beharrari dagokionean, esaterako. Errespetu handiagoa erakutsi behar luke hemendik esaten ari zaionarekiko.

Ez badu hala egiten?

Azkenean hemengo alderdien eta instituzioen artean adostasun zabalak lortuko balira zilegitasun bat lortuko litzateke, eta Espainiako Gobernuak ezingo lioke uko egin bake prozesuan laguntzeari.

Publizitatea