Konponbideari begira

Analisiak

Handik eta hemendik

Manifestazioaren ostean, zer

 

2013-01-13 / Imanol Murua Uria

Basagoitik badu hori: politikaria izanagatik, garden hitz egiten du batzuetan. «Espainiako Gobernua hilketekin ez badute mugiarazi, ez dute manifestazioekin mugiaraziko». Alde batera utziko dugu esaldi horrek zer hierarkia iradokitzen duen indarkeriaren eta mobilizazio baketsuen eraginkortasun potentzialari dagokionez. Arazoa da, hemen eta orain, PPren arabera berdin dela presoen eskubideen alde mundu bat mobilizatzea ere. Jai duzue, diote.

Baina manifestazioak, egin aurretik ere, izan du eragina. Mundu guztia presoen auziaz hitz egiten jarri du. PPk betikoari eutsi dio: ETA desegiten ez den bitartean ez dago zer eginik. PSE-EEk espetxe politika aldatzearen alde hitz egiten du aho txikiarekin, baina pausoak emateko erantzukizuna presoena eta ETArena dela dio. EAJk dio helburuekin ados egon arren mobilizazio hauek ez datozela bat estrategia jeltzalearekin, eta lan diskretua lehenesten duela, Espainiako Gobernuarengan eragina izate aldera. EH Bilduko alderdi guztiak manifestazioan izan dira; EAJk aipatzen duen lan diskretu horri ez diote baliorik ukatzen, baina jeltzaleei kea saltzea leporatu diete. Polemika garraztu ere egin da, Barrenak eta Mediavillak elkarri gezurretan aritzea egotzi diotenean: EAJ ezer ez dela ari egiten batak, eta ezker abertzaleak ondo dakiela alderdi jeltzaleak zer egin duen, besteak. Informazio pribilegiatuaren faltan, ezin jakin benetan zer egin duen batek eta zer dakien besteak. Ziur dakiguna: EAJ, alderdi gisa, ez da manifestazioan izan. Kale.

Ados Xabier Letonarekin (Argia, Hurbildu espetxeak, hasi, 2013-1-13). Presoen gaiarekin berdin jarraituta galdu egiten duela sentitu behar du PPk, eta horretarako Bilduk eta EAJk elkar osatu behar dute: «1etik 10erako eskala batean, 6ko adostasunera oso erraz hel daitezke, eta hori bera urrats garrantzitsua litzateke fase honetan». Txema Monterok, Herrira-ren manifestua zergatik izenpetu duen baina manifestaziora zergatik ez den joan azaltzeaz gain, bide orria proposatu du (Deia, Los presos, 2013-9-1): Eusko Jaurlaritzak espetxe erakundeen eskumenak eskatu behar lituzke, Eusko Legebiltzarraren ebazpen batean oinarrituta; Espainiako Gorteetako euskal talde parlamentarioek, ahal diren aliantzak bilatuz, Auzitegi Nazionalak bere gain hartutako Espetxe Zaintza epaitegiak itzultzeko eskatu beharko lukete; «eta motibatuta gaudenok presoen eskubideen defentsari eutsi beharko diogu, hurrengo legealdian askatzeko horizontearekin». Hurrengo legealdian? Askok sinatuko genuke.

Mobilizazioak, batetik; lan instituzionala, bestetik. Bada, ordea, hirugarren hanka. Alde bakarreko urratsak. EH Bildu ere iradokitzen ari da gehiago etor daitezkeela. Patxi Zabaleta izan da azkena (Euskadi Irratia, 2013-1-11): «Beste urratsak ere, armak uztea eta [ETA] erakunde soilik zibil bihurtzea, egin beharko dira, eta nik uste dut eginen direla, estatuaren zain egon gabe».

Otegik elkarrizketa-liburuan ez du zuzenean halakorik esaten, baina lerro artean iradokitzen du, galderen bidez erantzuteko oso berea duen estilo horrekin: «Egin beharreko galdera zera da: bakearen etsaien gobernuari interesatzen al zaio ETA presente egoten jarraitzea? Dudarik gabe, bai [...]. Merezi duen seriotasunez eta sakontasunez aztertu behar dugun gai giltzarria da». Nonbait serio eztabaidatua izango dute honezkero.

Publizitatea